Ura, norberaren ispilu

“Berrogei litro ur behar dira letxuga bat hazteko, 185 litro tomate kilo baterako, mila litro sagar kilo baterako, 15.000 litro haragi kilo baterako”. Nahi beste luza daiteke zerrenda, baina ura da nahi beste ez dagoena. Hala ondoriozta daiteke Yann Arthus-Bertranden La Soif du Monde (Munduaren egarria) dokumentaletik. Uraren Astearen barruan, astelehenean eskaini zuten argazkilari frantziarraren lana Donostian, Aquariumeko ekitaldi aretoan.

Zero askoko zenbakiak eta errealitate gordinak plazaratu dituzte asteon ikusi ahal izan diren lanek. Uraren Zikloa, Bizitza Zikloa dokumental sortaren barruan, munduko hainbat herrialdetako egoera eta bizimodua ezagutzeko parada izan dute jardunaldiekin bat egin duten ikusleek. Herrialdeok Euskal Herritik kilometro dezentera egon arren, Uraren Asteko antolatzaileek behar-beharrezkotzat jo dute atzerriari begiratzea: “Globalean pentsatu, tokikoan jarduteko”. Halaxe laburbildu zuen Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak zikloaren lehen eguneko aurkezpenean.

Berezia izan da aurten urari eta ingurumenari eskainitako astea. Uraren Esparruko Lankidetzaren Nazioarteko Urtea da, eta horrekin bat eginda, uraren saneamenduaz eta garapenaz gogoeta egitera bultzatu nahi izan dituzte herritarrak. Antolatutako saioekin, hain justu, gizarteari egungo egoeraren berri ematea izan da Uraren Euskal Agentziaren helburua —astearen antolatzaileetako bat da Ura—. Egoera gogor eta zailaren erakusle da ura luxutzat dutenen kopurua: munduan 800 milioi lagun daude ur edangarria izan gabe.

Gaur beste bi saio

Arthus-Bertranden Planet Ocean eta Albert Sole katalanaren El sueño del agua dokumentalak ere ikusgai izan dira Donostian. Gaur beste lan bat emango dute Aquariumean, azkena, 18:30etik aurrera: Iciar Bollain zuzendariaren También la lluvia.

Donostiara ez ezik, Hondarribira ere heldu da Uraren Astea. La Soif du Monde dokumentala emango dute gaur Itsas Etxean (18:30). Ikus-entzunezkoez gain, erakusketa bat ere prestatu dute. Urak bizitzaren garapenerako duen ezinbesteko rolaren inguruan sakondu nahi dute horretan, hainbat argazkiren bitartez. Zuloaga etxean bisita daiteke dagoeneko, eta ekainaren 9ra arte egongo da zabalik.