Zaintza sistema integrala aztergai Iruran

Zaintza sistema integrala aztergai Iruran

Zaintzaren arloa aztertzeko eta etorkizunera begira zer eredu eraiki nahi duten definitzeko ikerketa beka atera zuen Irurako Udalak. Zumarragan dagoen Urola Garaiko Lanbide Eskolako irakasle eta ikasle diren Leire Izagirre (Zizurkil, 1994) eta Mirari Arratibelek (Gabiria, 1997) irabazi dute, eta datozen hilabeteetan egingo dute ikerketa.

Noelia Lataburu Irurako Berdintasun zinegotziaren esanetan, udalak berdintasunaren aldeko konpromiso «erabatekoa» du. 2019an heldu zioten gaiari, eta sail berria osatu. Lataburu ordutik da Berdintasun zinegotzi. Urte hauetan lan «handia» egin dutela nabarmendu du: «Beste hainbat erakunderekin elkarlanean osatu genuen biktimen arretarako protokoloa, udalean nola jokatu jakiteko». Esan du «kanpora begirako» beste protokolo bat ere egin dutela. «Jai giroetako indarkeria kasuetarako sortu dugu kanpora begirako protokoloa, prozesu parte hartzaile bat baliatuta». 

«Argi ikusi dugu agintaldi honetan zaintzak izan behar duela gure lan ildo garrantzitsuena»
NOELIA LATABURU Irurako Udaleko Berdintasun zinegotzia

Berdintasunarekin lotutako urteroko hitzorduez gain, beste hainbat ekinaldi antolatu dituzte «emakumeen ahalduntzeari garrantzia emateko». Beste prozesu parte hartzaile baten bitartez, Emakumeen ibilbidea osatu zuten, helburu duena ikusgai jartzea Irurako emakumeek zer-nolako ekarpena egin dioten lan munduari. Lataburuk azaldu du Emakumeen ibilbidea herriko andrazkoen historia biltzen duen ikerketa batean oinarritzen dela. Ibilbide horrek unitate didaktiko bat du atxikia, eta Irurako ikastolako ikasleak jada hasiak dira unitate didaktiko hori erabiltzen.

Zinegotziak esan du garrantzitsua dela erakundeek «berdintasunaren norabidean eragitea» eta horregatik ari direla egun lanketak egiten herriko xake eskolan, ludotekan eta gaztelekuan. «Berdintasuna gure ardatz nagusia da, eta udalak herriko mugimendu feministarekin batera egin nahi du bidea». Herriko feministek Irura Moretuz taldea sortu zuten 2021ean, eta harekin lankidetzan ari da udala. «Oso talde garrantzitsua da herrian», esan du Lataburuk.

Komunitarioa eta feminista

Udalak martxan jarri duen ikerketak, hain zuzen, mugimendu feministaren eskari bat du jatorri. Izan ere, iazko azaroaren 30ean greba feminista orokorra egin zuten, eta, zaintza lanen esparru osoa problematizatzea eta berrantolatzea helburu hartuta, erakundeak interpelatu zituzten, tokian tokiko zaintza sistemak azter zitzaten. «Begirada gai horretan jarri, pausoak eman eta neurriak hartzeko eskatu zitzaigun greba horretan», esan du zinegotziak. «Bat egin dugu aldarri horrekin. Argi ikusi dugu agintaldi honetan [2023-2027] zaintzak izan behar duela gure lan ildorik garrantzitsuena».

Hori dela-eta abiatu zuten Leire Izagirrek eta Mirari Arratibelek beka irabazi duen lana. Bien egiteko nagusia izango da eredu «komunitario, sostengagarri eta feminista» bat eraikitzeko oinarriak finkatzea, Iruran gaur egun eta etorkizunera begira egon daitezkeen zaintza beharrei erantzuteko. Izagirre eta Arratibel aurretik arituak dira gisa bereko ikerketak egiten Zumarragan, Urretxun, Ezkion eta Legazpin. «Zaintzarako ekosistema osoa aztertu, eta proposamen zehatzak egiten dizkiegu erakundeei», esan du Izagirrek. Beka irabazita, zaintza sistema egituratzen duten dimentsio guztiak hartuko dituzte kontuan: Iruran dituzten baliabideen deskribapena eta erabilera, udaletik kanpora dauden gainerako baliabideen azterketa, zaintza beharren analisia, eta bizipen eta esperientzien bilketa.

Irurako Udalak sortutako ‘Emakumearen ibilbidea’-ren panel bat. JON MIRANDA

Izagirreren hitzetan, «modu parte hartzailean» egingo dute ikerketa, eta askotariko bizipenak biltzeko ez dute soilik zaintza beharra dutenengana joko, aintzat hartuko baitituzte zaintzaileak eta herriko beste eragileak ere. «Zabaldu egin nahi dugu ikuspegia, eta aurrera begira jarri. Hemendik urte batzuetara baliabideen erabiltzaile izango diren herritarrak elkarrizketatuko ditugu, jakiteko nola zahartu nahi duten eta nola zaintzea nahi duten». Jada egin dituzte lehenengo bilerak eragileekin, egitasmoa aurkezteko.

Deskribapen txosten orokor bat izango da orain abiatu duten ikerketaren emaitza, eta, horrekin batera, zaintza baliabideen gida publikatuko dute. Arratibelek iragarri du gida horrek balioko duela herritarrek jakin dezaten egoera bakoitzean zer pauso eman, zer baliabide eskatu eta nola jokatu.

Proposamen sorta

Azterketak genero ikuspegia eramango du txertatuta, eta arreta indibidualizatuaren beharrean egingo dute azpimarra. Arratibelek gaineratu du askotariko aldeak hartuko dituztela kontuan. «Zaindua izango den horren larruan jarriko gara, eta bere behar guztiak aztertu: ezindua dagoen horrek ez badu etxea egokituta edo etxe atarian oztopoak badauzka eta kalea irisgarri ez bazaio, ez da kalera aterako. Zaintzaz ari garenean, hori guztia hartu behar da aintzat». Ortoprotesikan espezializatuta daude bi ikerlariak, Urola Garaiko Lanbide Eskolan, eta, bien esanetan, «zaintza bere osotasunean» ulertzeko beharrezko ikuspegia ematen die graduan lortutako jakintzak.

«Hemendik urte batzuetara baliabideen erabiltzaile izango diren herritarrak elkarrizketatuko ditugu, nolako zaintza jaso nahi duten jakiteko»
LEIRE IZAGIRRE Irurako Udalaren Berdintasun bekaren irabazlea

Etorkizunera begira Irurako zaintza sistema berregituratuko duen proposamen sorta bat helaraziko diote Izagirrek eta Arratibelek Irurako Udalari. Lataburuk esan du «irrikaz» espero dituztela ikerketaren emaitzak. «Azterketatik ateratako ondorioek erakutsiko digute zer bide hartu behar dugun».