«Kazetariok ausartak izan behar dugu, baina esatea errazagoa da hala izatea baino»

«Kazetariok ausartak izan behar dugu, baina esatea errazagoa da hala izatea baino»

Kazetari bati galderak egitearen konplexutasunaz jakitun, hitzordua jarri du Gipuzkoako Hitza-ko kazetariak Jon Artano kazetariarekin (Zestoa, 1978), Zestoan. Ondas saria jasotzeko bezperan dela —atzo jaso zuen—, kazetari gisa egindako ibilbideaz aritu da. EITBn, Danbolin Zestoako herri aldizkarian, Argia-n eta Euskalgintzaren Kontseiluan aritutakoa da, besteak beste. Gaur egun Euskadi Irratian ari da lanean. Kazetari gisa bizi izandakoek idazle gisa aritzera ere eraman dute, «su baxuko kazetaritza» egiteko asmoz. Hain zuzen ere, hala jaio zen hark idatzitako Juana liburua. Pasiotzat du ofizioa, eta esan du ez zaiola falta langintza horretan jarraitzeko grinik.

Zerk bultzatu zintuen kazetaritza ikastera? 

Txikia nintzela eskolan esan omen nuen handitan kazetari izan nahi nuela. Unibertsitatera joateko garaia iritsi zenean eta zer ikasi erabaki behar genuenean, zalantza asko sortu zitzaizkidan, ordea. Historiak tentatzen ninduen, baina anaiak Historia ikasketak egin behar zituenez, beste zerbait egin beharra sentitu nuen nik, eta Kazetaritza aukeratu nuen. 

Gaztea zinela hasi zinen EITBn. Horrek askotariko proiektuetan aritzeko aukera eman dizu. Zer izan da EITB zuretzat? 

EITBn egin nituen nire lehen praktikaldiak, baina beste hainbat hedabidetan ere aritu nintzen bekadun; tartean, Euskaldunon Egunkaria-n. Dena den, EITBk ateak ireki zizkidan hasieratik, eta aurreneko urteetan gelditu gabe ibili nintzen; Bertatik bertara, Gaztea, Sorginen Laratza, Jaiak eta Sautrela saioetan, besteak beste. EITB etxe handia da, oso anitza, ekosistema baten parekoa. Beraz, proiektu asko barnebiltzen ditu, eta horietako bakoitza mundu bat da. EITBk eman didana da aukera bat gauzak probatzeko eta jendea ezagutzeko, ikusteko zer den irratia eta zer telebista. Uste dut oraindik ez dudala lortu telebistarekin, irudiarekin, harreman sanoa edukitzerik. Duela ez askora arte telebistak garrantzia handia zuen etxeetan. Telebista zen orduan ikus-entzunezkoak ikusteko leku bakarra, eta Euskal Telebistak gaur baino askoz ere indar handiagoa eta ikusle gehiago zituen. Han agertzeak ezagun egin ninduen, eta ez nuen ongi pasatu. Gerora ere ez dut lortu telebistan erabateko lasaitasunez aritzerik.

Proiektuz proiektu ibili ostean, 2016an Latinoamerikara joan zinen. Zer dela eta?

Aldaketa premia sentitu nuelako joan nintzen hara, baita proposamena egin zidatelako ere. Garai hartan Euskal Telebistako albistegietako burua zenak proposatu zidan hara joatea, eta aukera izugarria zela iruditu zitzaidan. Hasiera ez zen samurra izan, hutsetik hastea izan baitzen. Ordurako urte mordoxka bat neraman kazetaritzan, 36 urte nituen, baina aurrez sekula ez nuen horren pareko lanik egin. Gainera, lur hartze zaila izan nuen han.

«EITBk eman didana da aukera bat gauzak probatzeko eta jendea ezagutzeko, ikusteko zer den irratia eta zer telebista»

Zergatik?

Iritsi eta bi egunera FARCen biltzar batera joan behar izan nuelako. Ez naiz nire buruari erronka edo estrategiak jartzekoa, baina lana ahalik eta ondoena egitea izan nuen erronka nagusi.

Hiru urte egin zenituen Latinoamerikan, eta gertaera esanguratsu askoren berri eman zenuen. Esperientzia hark nolako arrastoa utzi zuen zugan? 

Lana erruz egin genuen. Dena den, ez da harritzekoa, laneko esparrua oso zabala baitzen: AEBetatik Hegoaldera artekoa. Herrialde asko daude lur zati horretan. Zoragarriak izan ziren han igarotako urteak; batez ere, aurrez imajinatu gabekoak bizitzeko aukera eta jende asko ezagutzeko parada izan nuelako. Hala ere, esperientzia hura amaitzea erabaki eta etxera itzuli nintzenean, frustrazio asko ekarri nituen gainean.

Zer-nolako frustrazioak?

Kazetaritza jardunari lotutakoak, nagusiki. Sarritan preso sentitu nintzen Bogotako etxean. Han lanak abiatzeko Bilboko erredakzioko buruak argi berdea eman behar zidan, eta beti ez nuen lortzen. Nik patxada handiagoz egin nahi nuen kazetaritza, su txikian, eta sentipen horrek piztu zidan Tene Mujika bekara aurkeztu eta Latinoamerikara itzultzeko grina. Sei hilabeteko bidaia bat egin nuen bigarren aldi hartan, baina orduan nik erabakitzen nuen zer gai landuko nituen eta zenbat denbora eskainiko nion gai bakoitzari. Izan ere, korrespontsalek paraxutisten gisan egiten dute lan batzuetan, eta gertaeraren lekuan lur hartzen dute, gertatzen ari denaren berri ahalik eta azkarrena emateko. Korrespontsal lanak eta kazetaritzak ezinbestean behar dute berehalakotasuna, baina istorioak kontatzea da kazetaritza, eta istorioak kontatzeko begietara begiratu behar da. Presa da horretarako lagunik txarrena. Beraz, arantza kentzeko itzuli nintzen Latinoamerikara Anderik Ande proiektuarekin, eta sei hilabeteko abentura horretatik atera zen Juana.

Bigarren bidaia hartan zeundela, Venezuelako hauteskundeen gaineko kronika bat idatzi zenuen, eta Iñaki Anasagasti EAJko kide historikoak hitz gogorrak eskaini zizkizun bere blogean. Babesa jaso zenuen?

Jaso nuen babesa handia izan zen; lankideen partetik, batez ere. Gainera, nik eskatu gabe aktibatu zuten babesa. Espero ez nuen jende askok elkartasun mezuak idatzi zizkidan, eta harritu egin ninduen albisteak izan zuen oihartzunak. Orain, denbora dezente pasatu ostean, gogoeta egin dut eta ohartu naiz ez nuela adierazpen publikorik egin gaiaz. Hau da, esango nuke ez niola erantzun nire lana zalantzan jarri zuen gizonari, eta ez dakit zergatik ez nion erantzun. Bizipen horrek erakutsi dit zeinen zaila den muturreraino polarizatutako herrialdeetan lan egitea; Venezuela hori zen eta hori da. Han lan egitea oso zaila zen, deserosoa.  

Eta, Euskal Herrira bueltan, noizbait sentitu al duzu presiorik?

Ez. Dena den, beti dago presioa. Oharkabeago pasatzen da edo norberak jartzen dio bere buruari, baina, egon, badago. Komeni da zintzo jokatzea. Kazetariok ausartak izan behar dugu, baina esatea izatea baino errazagoa da.

Jon Artano kazetaria bigarren aldiz itzuli zen Latinoamerikara, 2019an, «su txikiko kazetaritza» egiteko asmoz. Zenbait gertaera kontatu zituen handik. Irudian, Artano, koadernoa esku artean hartuta, Venezuelan, 2019an, Altos de Lídiceko komuna sozialista ezagutzen. IBAI TREBIÑO

2019an, Rikardo Arregi sarietarako hautagaien artean izan zinen, Latinoamerikatik egindako kronikak zirela eta. Orain, berriro zaude hautagaien zerrendan, Juana liburuarengatik.

Pozgarria da. Rikardo Arregi sariketa garrantzitsua da kazetariontzako; niretzat bai, behintzat. Euskaraz jarduten badugu eta kazetaritza egiten badugu, ezinbestean da sari garrantzitsua. 2019an, irratirako eta telebistarako egindako kronikengatik sartu ninduten hautagaien artean. Aurten, berriz, idatziz egindako lan luze batengatik. Hain zuzen, gerrak zeharkatutako istorio bat kontatzeagatik. Beraz, ez naiz hain baldarra izango… Orain urduri nago, hilaren 27ko hitzordua noiz helduko [orduan izango da sari emate ekitaldia]. Beste hautagaitzak ezagutzen ditut, eta ikaragarri onak dira, txapela kentzeko modukoak. Beraz, irabazten duenak, lan ona egin duen seinale izango da. 

Dena den, ez duzu urtea esku hutsik amaituko. Gertutasunaren Ondas saria jaso baituzue berriki Euskadi Irratiko Faktoria magazina osatzen duzuen taldeak. Sari hori egindako lanaren aitortza da? 

Ezusteko handia izan da, albiste ona eta ikaragarrizko poza. Gertutasunaren saria eman digute, eta horren atzean azterketa bat baino gehiago egon daitezke. Ez dakit zein den epaimahaiarena, baina niri gertutasuna gauza garrantzitsua dela iruditzen zait irratirako eta kazetaritzarako, oro har. Saria jaso berritan esan nuen bezala, saria irabazi osteko biharamunean ez ginen ahalegindu saria irabazitako bezperan baino gehiago. Lanerako etika oso zorrotza duen lantaldea dago irratian, baita gure lantaldean ere, eta uste dut hori antzematen dela emaitzan.

Zein unetan zaude profesionalki?

Oso gustura nago Euskadi Irratian. Oposizio bidezko plaza atera nuen, eta orain Euskadi Irratia da nire etxea. Dena den, badut dilema bat: iruditzen zait oso moldakorrak garela bizitzan, baita profesionalki ere, baina badago nolabaiteko hiperespezializaziorako joera bat, eta jende asko goxo egoten da bertan. Niri, aldiz, askotariko gauzak egiteak eta probatzeak ikasteko aukera handia eman dit. Ikasteak eta egokitu beharrak txinparta ematen du, eta ikasteak erronka esan nahi du. Uste dut atakak gainditu beharrak pertsona hazten duela. Bestetik, jakitun naiz nork bere onena emateko zerbaitetan iraun egin behar dela. Bestela, saltoka-saltoka dabilena leku askotan dago, eta, aldi berean, inon ez. Horra hor nire dilema. Dena den, gauzak egiteko gogotsu nago, eta uste dut horretarako leku egokian nagoela. 

EITBn lan egiten duzun arren, baduzu tratua tokiko hedabideekin. Garrantzitsua al da kazetarien arteko harreman sarea? 

Tokiko hedabideak guretzako ezinbestekoak dira, arrantzarako gunerik onena. Ikaragarrizko lana egiten dutela iruditzen zait, eta ahalegintzen naiz haiei esker ona adierazten, askotan iruditzen baitzait ezin diedala itzuli ematen didaten beste. Tokiko hedabideak euskararentzako ikaragarrizko altxorra dira; izan ere, haiek dira euskaldun jendearengandik gertuen daudenak. Guk euskaldun jendeari nahi diogu eman gertatzen ari denaren berri, eta herri hedabideek horretarako leiho asko eskaintzen dizkigute. Beraz, oso garrantzitsua da kazetari-hedabide sare hori.

«Korrespontsal lanak eta kazetaritzak ezinbestean behar dute berehalakotasuna, baina istorioak kontatzea da kazetaritza, eta istorioak kontatzeko begietara begiratu behar da»

Zein dira zure estiloaren ezaugarriak?

Entzulea harrapatu egin behar dut. Horrekin obsesioa daukat. Aurreneko esaldia da garrantzitsuena, eta bigarren garrantzitsuena, bigarren esaldia. Saiatzen naiz kontakizunak egiteko ezohiko bideak topatzen, eta ez da nabarmentzeagatik, zerbait diferentea eskaintzeagatik baizik. Era berean, kezkatzen nau erabiltzen dudan hizkuntzaren kalitateak. Niretzat, hizkuntza kapitala da. Uste dut hedabide nazionaletan aritzen garenok euskara batuan aritu behar dugula. Beraz, nire erronka da euskara batuan jardutea, baina gatza eta piperrarekin. Hizkuntza da kazetarion tresna, eta zaintzen ez badugu… 

Nola ikusten duzu euskarazko kazetaritza?  

Hori galdera handiegia da, galdu egiten bainaiz gogoeta handietan. Iruditzen zait euskarazko kazetaritzaren erradiografia ezin dela egin euskal komunitatearen edo euskararen egoeratik aparte, eta, gaur egun, euskal komunitatea arnasestuka dago. Euskararen egoera kezkagarria da, eta argiak piztuta ibili beharra daukagu. Ez dakit jendea horretaz jabetzen den. Gainerakoan, gauza asko falta zaizkio euskal kazetaritzari. Nahi nituzke erreferenteak, baliabideak… Horretaz gain, ikerketa kazetaritza ere falta dela esango nuke.  

Luze gabe eta luzera begira, zer proiektu dituzu?

Latinoamerikara egindako sei hilabeteko bidaian sei herrialde zeharkatu nituen, eta han bizi izandako istorio asko ditut idatziak. Ez dakit ontzen ari diren edo usteltzen. Horiei heldu ahal izateko denbora atera nahiko nuke.

MOTZEAN

Eredutzat duzun kazetari bat? Elixabete Garmendia.

Nolako elkarrizketak nahiago dituzu: idatziz eta patxadaz, edo irratiz eta bat-batean? Irratiz. 

Noizbait eman nahiko zenukeen albistea? «Euskara hizkuntza ofiziala da Euskal Herri osoan».

Kazetaria ez bazina, zer izango zinateke? Irakaslea.