«Pertsonen ongizatea» bermatzea, foru aurrekontuaren zutabe

«Pertsonen ongizatea» bermatzea, foru aurrekontuaren zutabe

Gipuzkoako Foru Aldundia osatzen duten bederatzi sailek 1.218 milioi euro izango dituzte datorren urtean; aurten baino 97 milioi gehiago. Eider Mendoza ahaldun nagusiak, Jose Ignacio Asensio ahaldun nagusiordeak eta Itziar Agirre Ogasun diputatuak urriaren 31n eman zuten aurrekontu proiektuaren berri, eta esan zuten hauek izango dituela helburu: pertsonen zaintza eta babesa sustatzea, enpresen berrikuntza eta lehiakortasuna indartzea, eta jasangarritasunean eta trantsizio ekologikoan sakontzea. «Aurrekontu proiektuko kopuru hauekin nahi dugu Gipuzkoa osatzen dugun pertsona guztiok ongizatean haztea eta gure enpresek eta gure herritarrek beren garapenerako aukera berriak edukitzea», azaldu zuen Mendozak aurkezpenean.

EAJk eta PSE-EEk osatzen dute foru gobernua, baina Batzar Nagusietan gutxiengoa dira. Gipuzkoako Batzar Nagusiek ez zuten 2024ko aurrekontuen proiektua onartu, eta, beraz, 2023koa luzatu behar izan zen. 2025eko aurrekontu proiektuak Zaintza eta Gizarte Politika Sailerako erabiliko du diru kopururik handiena.

Ahaldun nagusiaren arabera, Gipuzkoa «une erabakigarri bat» bizitzen ari da, eta, hain zuzen ere, une jakin horri erantzuteko asmoz eratu dute aurrekontu proiektua. «Lurraldeko sare sozial eta ekonomiko osoarekin lankidetzan jarraitzeko anbizioa erakusten dugu, berritzaileak izateko konpromisoa berretsi eta gure ekonomiari konfiantza mezu bat helarazi». Asensiok gaineratu zuen aurrekontu proiektuak «ikuspegi sozial eta iraunkorra» duela, eta, besteak beste, «pertsona ahulenak babestu» nahi dituela, «inor atzean utzi gabe» eta «ezberdinen arteko kohesioa sustatuz». Aurrekontuak hazkunde ekonomikoa sendotuko duten inbertsio estrategikoak babestuko dituela ere azaldu zuen ahaldun nagusiordeak, herrialdearentzat «bidezkoagoa» eta «iraunkorragoa» izango den etorkizun bat ziurtatzeko.

Foru aurrekontu proiektuaren arabera, sail guztietara bideratuko duten diruak egingo du gora. Kasu baterako, Zaintza eta Gizarte Politika Sailak 534 milioi euro jasoko ditu, aurten baino 27 milioi gehiago. Horrenbestez, aurrekontuaren %43,8 jasoko du. Mendozaren arabera, kopuru horrek erakusten du Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarren ongizate integrala indartzeko egin duen ahalegina. «Gure pertsona eta kolektibo ahulenen babesa indartu nahi dugu, eta baliabide horiek lurraldearen erronka sozial berriei aurre egiteko baliatu».

Inbertsioetara, 256 milioi

Inbertsioetarako, berriz, aurrekontuaren 256 milioi euro bideratuko dituzte, eta horietatik 62 milioi baino gehiago aldundia gauzatzen ari den proiektuetara —hala nola Mubil, Adinberri, Elkar-Ekin Lanean, Mubil, Quantum, Ziur, Gantt, Naturklima, Basotik, Arantzazu Lab, Badalab eta Koldo Mitxelena kulturgunea—. Ahaldun nagusiak aurkezpenean esan zuen kopuru horrek orain arte ezarritako helburuak lortzen lagunduko diela proiektu horiei, bai eta egungo eta etorkizuneko erronka sozial eta ekonomikoei erantzuten ere.

Mendozak aurkezpenean adierazi zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten gainerako alderdien «laguntza» izatea espero duela proiektua onartzeko garaian, eta dei egin zien aurrekontu proiektua «atsedenik gabe» lantzera. «Gizarteak akordioak eskatzen dizkigu, lankidetza eskatzen digu, eta hori da batzarkide taldeei eskaintzen ari garena».