Esku bat airea laztantzen autoko leihotik kanpora, paisaia ederrak ikusi bitartean. Eta galdera bakarra: «¿Te gusta conducir?» (gidatzea gustuko duzu?). Gama altuko automobil iragarki bat. Sotila, fina, bolantea esku artean izateak eragiten duen plazerarekin 30 segundoko lotura, autoa maneiatzearen atsegina azaltzeko. Espazioa gainditu, haizea ferekatu, paisaia ikuskatu… erlaxatu eta gozatu. Askatasuna ere irudikatu nahi du spot zaharrak. Noiznahi eta noranahi joateko libertatea.
Nik ere atera izan dut eskua leihotik, musika topera, aske izateren sentsazioa igarri ahurrean, hasperen goxoa egin eta kilometroak soseguz jan. Gozatua. Baina gehiagotan sentitu dut kotxeak eragindako estresa, auto pilaketetako itomena lanera berandu heltzeagatik, aparkatu ezinda ibiltzearen amorru eta nekea, errepidean izandako istripu txiki edo handiren bat… Hori ez digu hiru letradun markak iradokiko publizitatean.
Hiru argitaletxeak badu liburu bat Esos asesinos que impunemente matan cada día a miles de personas: Los automóviles izenekoa (Egunero milaka pertsona zigor gabe hiltzen dituzten hiltzaile horiek: automobilak). Justo De la Cueva egileak liburu txiki horretan lau gurpildun artefaktuak eragiten dituen kalte guztiak deskribatu eta zehazten ditu: istripuak, aldaketa klimatikoa, kutsadura, azpiegiturak, zaharkitze programatua, diru xahuketa, lehengai urrien erabilpena, espazioaren okupazioa…
Hamsterrak bezala gabiltza gurpil zoro honetan ―gizarte honetan―, inora ailegatu ezinda, bizkorrago joan nahian, estresa jasaten, automobilak berak eragiten diguna, hain zuzen
Ez zaio arrazoirik falta, baina muntatu dugun gizartean berebila ezinbesteko trepetxua da lanera joateko, familiarekin egoteko, zaintza lanak uztartzeko gure egunerokoarekin… Hamsterrak bezala gabiltza gurpil zoro honetan ―gizarte honetan―, inora ailegatu ezinda, bizkorrago joan nahian, estresa jasaten, automobilak berak eragiten diguna, hain zuzen. «Gidatzea gustuko duzu?» galderari baietz ezin erantzunda. Eskua leihotik atera beharrean airea kariziatzeko, erdiko hatza zutitzeko gogoak harrapatzen gaitu.
Automobilak estatus emaileak ere badira. Inoiz jarri zarete kale bazterrean begira zenbat auto karu dabiltzan gure errepideetan? Zenbat kabriolet (deskapotable) gure kliman? Eta oto horietako gidari askok eskua atera ordez, ukondoa pausatzen dute leiho ertzean, eta bakarrarekin bolanteari eutsi, ahal dutelako, berebilak emandako boterea, prestigio soziala, dirua, azken finean, gurdi moderno eta garesitian islatzen delako. Maskulinitate mota batekin estuki lotuta, gainera. «Nire kotxea, ez!» esaldi famatua batzuen ahotan, familia eta lagunen gainetik.
Ezagutuko dituzue baineran ume txikiek jolasteko erabiltzen dituzten jostailuak, ezta? Uretan flotatzen dute, baina noraezean ibiltzen dira, uretan plaust eginez gero, mugitu eta lekuz aldatzen dira, inongo zentzu barik. Umeen bainuko jostailuak balira legez ikusi ditugu automobilak Valentzian tanta hotzaren ondorioz, bilarreko bolak bezala elkarri talka eginda, urak eragindako kaosa eta hondamendia anplifikatzen: tona askoko objektuak topeka, ingurua are gehiago sutsitzen. Elur bola perfektua: klima aldaketa eragin, horrek tanta hotz bortitzagoa sortu, eta herrietan metraila astun lanak egin.
Gidatzean eskua leihotik ateratzea gustukoa daukagu, baina onartu behar dugu plazer horrek ez duela egunero milaka pertsona zigor gabe hiltzen dituzten hiltzaileek eragiten dutena konpentsatzen.