«Kirolean islatzen da gizartean diren indarkeriak. Zuzenak, kulturalak edota egiturazkoak dira». Hori adierazi du Juan Aldaz soziologoak. Indarkeriaren atzean zer gordetzen den ikusteko, indarkeria piramide bat edo izozmendi bat irudika daiteke. Alde batetik, Aldazen arabera, ikusten diren indarkeriak daude: eraso fisikoak edo sexu erasoak izan daitezke, batik bat. Bestetik, ezkutukoak diren asko aipatu ditu; hots, indarkerien izozmendiaren beheko partean direnak, ikusten ez direnak. Horiek mikroindarkeriak dira. Bortizkeriei aurre egiteko, detekzioa, prebentzioa eta esku hartzea antolatzeko gakoak lantzen hasiak dira kirol elkarteak eta federazioak. Praktikara eramateko gakoak hainbat dira, baina ingurune seguru bat sortzeko helburua dute denek.
[articles:2133437]
Dena dela, kirol eremuko indarkeriak txikitatik jasan daitezke. Indarkerien kontra egiteko, Eusko Jaurlaritzak, 2021ean, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriaren Aurrean Modu Integralean Babesteko Lege Organikoa kaleratu zuen. Bertan, haurren eta nerabeen kontrako indarkeriak pertsonen arteko indarkeriak izan daitezkeela adierazten dute. Indarkeria psikologikoa, fisikoa eta sexu erasoak izan daitezke batzuk. Baina testuinguruari loturiko indarkeriak ere agerian ematen dituzte: besteak beste, adingabeak babesteko araudirik ez egotea, sentsibilizazio kanpainarik ez egitea, azpiegiturak desegokiak izatea, eta abar.
Urola Kostan egunerokoan indarkeria kasuak gutxi direla esplikatu du Ander Etxaniz Zarautz kirol elkarteko futbol eskolako arduradunak. Hala ere, azpimarratu du ez direla gutxietsi behar. «Garrantzitsua da kasu horiei erantzutea, prebentzioa eginez eta esku hartuz». Ohikoak direnen artean, gurasoak euren roletik kanpo gelditzen direla eta entrenatzaileen eginbeharretan aritzen direla adierazi du Etxanizek. Esate baterako, azaldu du guraso batzuek presio handia egiten dietela beren umeei. «Uste dute euren umea Mikel Oiartzabal edo Nerea Izagirre izango dela, baina ez da hala izango».
Entrenatzaileen jarrera izaten da arazoetarik bat. Etxanizek indarkeria gisa definitzen ditu entrenatzaile batzuek umeei mintzatzeko dituzten erak eta egiteko moduak. Adibidez, haren ustez, 14 urteko nerabe talde bat berrogei minutuz berotzen edukitzea indarkeria dela zehaztu du. Gainera, nerabezaroan «lehen bromak» egiten hasten dira, eta esan du txiste horiek ez direla «umeen kontuak» bakarrik; alde horretatik, autokritika falta nabaritu du entrenatzaileen eta hezitzaileen artean. Irain arrazisten kasuan, adierazi du esku hartze zuzena eta erradikala egin behar dela, eta, batez ere, haurrak esan duenaren kontzientzia hartu behar duela. «Horretan, erradikalak gara. Konturatzen gara umeek ez dutela iraina zentzu guztiarekin esaten. Jakin behar dute zer esaten ari diren eta, bereziki, zer ondorio dituen esaten dutenak».
Futbola, erreferente desegokia
Kirol orotan bezalaxe, futbolak erreferente propioak ditu. Aldazen ustez, haurrek sare sozialetan eta komunikabide nagusietan ikusten dituzten jokalarien portaerak dituzte. Ikusten eta egiten dutena gizonezko futbolari heterosexualaren jarrera da. «Ez gara erreferente nagusia deseraikitzen ari; hau da, gizonezko heterosexualarena. Ondotik, hori kirol praktiketan asko islatzen da». Horrekin bat dator Etxaniz. «Cristiano Ronaldok Ligan jokatzen zuen garaian oroitzen naiz partida batean txistua bota zuela lurrera, haserre. Hurrengo asteburuan, ume guztiak gauza bera egiten hasi ziren».
«Ez gara erreferente nagusia deseraikitzen ari; hau da, gizonezko heterosexualarena. Ondotik, hori kirol praktiketan asko islatzen da» JUAN ALDAZ Soziologoa
Futbolaren mundua oso matxista dela azpimarratu dute Etxanizek eta Aldazek. Heteroarautik ateratzen den oro futboletik kanpo gelditzen da, Aldazen arabera. Zarauzko futbol eskolako arduradunak agerian utzi du LGTBIQ+ kolektibokoa izatea oso tabu dela oraindik. «’E! Maritxua haiz!’ eta halako aipuak batzuek ez dituzte onartzen, baina, zoritxarrez, batzuentzat normala da hori esatea eta entzutea».
Sentsibilizazio tresnak
Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat tresna kaleratu ditu. Batik bat, haurrak eta nerabeak indarkeriatik babesteko legean oinarrituta entrenatzaileak trebatzea aipatu du Aldazek. «Adin txikikoekin aritzen diren kirol talde guztiek ordezkari bat izan behar dute». Soziologoak adierazi du ezen entrenatzaileek, hezitzaileak diren heinean, kirol eremuan gertatzen diren indarkeriez ohartu behar dutela.
«Cristiano Ronaldok Ligan jokatzen zuen garaian, oroitzen naiz partida batean txistua bota zuela lurrera, haserre. Hurrengo asteburuan, ume guztiak gauza bera egiten hasi ziren» ANDER ETXANIZ Zarautz kirol elkarteko futbol eskolako arduraduna
Bide horretan, Gipuzkoako Futbol Federazioak eta Realak emandako laguntzarekin eta jarrerarekin oso eskertuta dago Etxaniz. Ondorioz, Zarauzko futbol eskolan derrigorrezko ikastaroak jaso dituzte. Aldiz, haren arabera, 2021eko lege berriari esker gauzaturiko sentsibilizazio ikastaroak ez dira nahikoa ingurune seguru bat sortzeko. Etxanizek dio legea ona dela, baina laguntza gehiago eskatu du entrenatzaileek terrenoan gauzatu behar dituzten ekintzak diseinatzeko. «Badakigu legea legea dela. Baina eskatzen ari diren pertsona erreferentearen figura hori pedagogo baten edo psikologo baten figura da. Gure ardura da, baina laguntza behar dugu praktikan».