Tolosan 1936tik 1978ra bitartean gertatutako giza eskubideen urraketak, errepresioa eta motibazio politikoko beste indarkeria batzuk jasan zituzten emakumeen historia berreskuratzen ari da Aranzadi zientzia elkartea, ikerketa historikoaren bidez. Ione Zuloaga Muxika (Azkoitia, 1995) historialaria ari da ikertzen, eta esan du herritarrek proiektuan parte hartzeko aukera dutela, izuloaga@aranzadi.eus helbidera idatzita edo 943 466142 deituta. Tolosako Udalak bultzatu du ikerketa.
Zer da, zehazki, ikertzen ari zaretena?
Oro har, lehen mailako iturriak ikertzen ditugu, oraindik ere interpretaziorik jaso ez dutenak baitira, hala nola udaletako artxiboak, Espainiako Estatukoak eta nazioartekoak. Gertakizunak lehen edo bigarren pertsonan bizi izan zituzten pertsonengana ere jotzen dugu, maiz dokumentazioan agertzen ez dena adierazten baitigute. Emakume errepresaliatuen historia jasotzeko ezinbestekoak dira aipatutako lekukotzak; izan ere, dokumentu gutxiagotan agertzen dira emakumeek jasandako errepresaliak, arrazoi ezberdinak tarteko. Beraz, dokumentazio historikoaz gain, proiektu honetan ezinbestekoa zaigu tolosarren parte hartzea. Berandu da, baina horrek ez du esan nahi gertatutakoa jaso behar ez dugunik.
Ezinbestekoa da iturrietatik lortutako informazioa testuinguru historikoa kontuan hartuta analizatzea. Gaur-gaurkoz, ikerketa fasea egiten ari gara Tolosan. Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko artxibo publiko eta militarretan izan gara dagoeneko, eta dokumentu historiko andana aztertu dugu, besteak beste.
Zer helburu du ikerketak?
1936-1978 artean frankistek errepresaliatutako tolosar emakumeen historia berreskuratu nahi dugu: errepresio sexuatua —ile soilketak, bortxaketak…—, kartzela, tortura, epaiketak edota errepresio ekonomikoa jasan zituztenak, mitinlariak, milizianoak, eta estraperloan, langile mugimenduan, mugimendu feministan, ikastolen mugimenduan, kartzeletako sareetan eta bestelako gertakizun historikoetan parte hartu zuten emakumeen informazioa jaso nahi dugu.
«Emakume errepresaliatuak gainerako emakumeek egin behar ez zutenaren eredu bilakatu ziren»
Zer jasan behar izan zuten emakumeek 1936 eta 1978 bitartean?
Ikerketaren lehen fasean errepresaliatutako emakumeek Bigarren Errepublikan eta gerran zehar izandako parte hartzea aztertu dugu, garaiko testuinguru historikoan kokatuz eta azalduz. Emakume asko militante politikoak, milizianoak, fabriketako langileak edo etxeko langileak izan ziren, edo familiaren zaintza egin eta erbeste behartua jasan behar izan zuten. Behin hori jakinda, uler daiteke zeintzuk eta zergatik jasan behar izan zuten errepresioa frankisten partetik. Izan ere, frankistek ez zituzten emakume guztiak errepresaliatu. Frankistekin lerratutako emakumeak ere errepresaliatu zituzten, Bigarren Errepublikan zehar militante politikoak izan zirenak, senide militanteak izan zituztenak edota Bigarren Errepublikako emakumearen irudia gorpuztu zutenak; ama ezkongabeak, kasu baterako.
Ikerketan ikusten ari gara errepresaliatutako emakumeen aurka egiteko frankistek metodo ezberdinak aplikatzen zituztela. Gizarte osoak zekien zer gertatu zitzaien frankistek ezarritako ordena hautsi zuten emakume haiei. Hala, emakume errepresaliatuak gainerako emakumeek egin behar ez zutenaren eredu bilakatu ziren.
Uste duzu emakume askok beldurragatik mantendu dutela isilpean garai hartan bizitakoa?
Ez dut uste beldurra izan denik oinarrian emakumeek euren historia ez kontatzearen arrazoia. Eta esango nuke historialariok eta ikerlariok zerikusia izan dugula horretan. Izan ere, diktadura frankista amaitu eta berehala, gerran eta frankismoan zehar liderrak edo aurpegi publikoak izan zirenen historia berreskuratu zen, baita bataila handiena ere. Baina ordura arte gizartean bigarren mailan kokatu zituzten pertsonen historia berreskuratzeko pausoak atzeratu egin ziren; emakumeen historia berreskuratzekoak, batik bat. Izan ere, testuinguru historikoak hala baldintzatu zuen. Horrez gain, hasiera batean, gerra eta diktadura frankistako historia osoa ikertzeko erakunde publikoen babesa ere txikia izan zen, nahiz eta gure lurraldean, gehienetan, erakunde publikoen babesa izan dugun. Beraz, uste dut horrek guztiak eta bakoitzak dituen arrazoi pertsonalek zerikusia izan dutela pasarte latz horiek isilpean edo espazio pribatuan gordetzeko orduan.
«Frankistek euren historia idatzi zuten, eta gu, berriz, garaituen historia eta 36ko gerra zein diktadura frankistako historia osoa berreraikitzeko lanetan gabiltza»
Eta egun zerk bultza ditzake jazotakoa kontatzera?
Horrenbeste aldiz puskatu duten isiltasuna berriz ere puskatzeko garaia da. Izan ere, modu batera edo bestera, idazten ez dena ez da existitzen. Hori ondo baino hobeto ikus dezakegu ikertzen dugun dokumentazioan, diktadura frankistan zehar frankistek euren historia idatzi baitzuten. Gu, berriz, garaituen historia eta 36ko gerra zein diktadura frankistako historia osoa berreraikitzeko lanetan gabiltza, idatzita gera dadin eta ez ahanzturara kondenatuta.