Euskal Herriko bide eta kale bazterrak Konponbide ez bazara, arazoa zara edo Indarkeria matxistaren aurka borrokatu. Emakume langileok sozialismoa eraiki bezalako aldarriz bete dira. Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna, egun seinalatua izaten da. Urtero bezalaxe, Gipuzkoan ere hainbat elkarretaratze eta mobilizazio izango dira. Itaia emakume langileen antolakundeak Gipuzkoako hamabi udalerritan antolatu ditu mobilizazioak, Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean; Zarautzen, Tolosan, Azkoitian, Beasainen eta Donostian egingo dituzte elkarretaratzeak, besteak beste. Euskal Herriko Mugimendu Feministak, berriz, Euskal Herriko hiriburu nagusienetan antolatu ditu manifestazioak; Gipuzkoan, Donostian egingo dute mobilizaziorik handiena.
Horrez gain, herriz herri egitarau propioak sortu dituzte Itaiak eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Adibidez, Zarauzko Morroxkak talde feministak Udazkena feminismoz loratuz zikloaren bigarren aldia antolatu du, eta, haren barruan, Nire uzkia. Nire errefusa performancea egin zuten azaroaren 15ean, eta Gorputzen diziplinamenduaren aurrean erresistentzia lodia hitzaldia izan zen lehengo ostiralean, Arrano tabernan.
Maitane Urkola Azpeitiko Itaiako kideak adierazi du azaroaren 23ko egitarau bat sortu zutela indarkeria matxistaren aurkako hausnarketa egiteko eta kaleak hartzeko. «Eskualde batzuetan, askotariko egitarauak antolatu ditugu: autodefentsa tailerrak, kafe tertuliak eta abar. Kalean dugun presentzia areagotzeko eta indarkeria matxistaren kontrako mezua kalera eramateko antolatu ditugu».
Indarkeriaren normalizazioa
Nahiz eta Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna aspalditik den borroka eguna, Naia Kortaberria Eibarko Matraka talde feministako kideak agerian jarri du matxismoaren kontrako borroka «bizi-bizirik» dagoela oraindik. Izan ere, indarkeria matxista etxeko indarkeriarekin bakarrik lotzen bazen ere duela hogei urteko leloetan, Kortaberriak esan du gaur egun jomuga zabaldu egin dela. «Aisialdian, eremu publikoan eta lanekoan, indarkeria matxista orotarikoa da».
Etxebarriak esplikatu du indarkeria matxista «normalizatu» egin dela. «Zoritxarrez, oraindik badaukagu zer aldarrikatu. Ikusten dugu indarkeria matxista normalizatzen ari dela. Badirudi muturreko bortizkeria dela; hots, hilketa normalizatzen ari dela eta ez duela gehiago inpakturik sortzen gizartean». Era berean, Itaiako kide Urkolak azpimarratu du bortizkerien testuinguru orokorrari erantzuteko premia dagoela, Itaiak egindako lanketaren harira antzeman baitute indarkeria matxista eta matxismoa nabarmen zabaldu eta normalizatu direla. «Matxismoaren zabalpena oso agerian gelditzen ari da, eta, horrekin batera, baita indarkeriaren normalizazioa ere: kalera etorri da».
«Matxismoaren zabalpena oso agerian gelditzen ari da, eta, horrekin batera, baita indarkeriaren normalizazioa ere: kalera etorri da» MAITANE URKOLA Azpeitiko Itaia mugimenduko kidea
Sare sozialetan zabaldutako mezuek indarkeria «handia» erakusten dutela zehaztu dute bi kideek. Urkolak gehitu du diskurtso «faxistak» matxismoa ukatzen duela. Haren esanetan, mezu horiek oso arriskutsuak dira, suntsitzeko arriskuan jartzen baitituzte emakume langileen eskubideak. Etxeberriak ere sare sozialetako eduki arriskutsuak deitoratu ditu, eta youtuber batzuen edukiak salatu. «Berriki youtuber bati entzun diot mutilek sufritu egiten dutela klasean, ez dutelako esaten benetan zer pentsatzen duten».
«Erantzun kolektiboa»
Euskal Herriko Mugimendu Feministak Azaroaren 25erako eginiko lanketan, azpimarratu nahi izan dute konponbiderik bilatzen ez duen oro arazo bihurtzen dela. Hain zuzen ere, Kortaberriaren ustez, instituzioek, gizonek eta botere ekonomikoak indarkeria matxistaren kontrako sostengu jarrera hutsa utzi behar dute, eta gizartea eraldatzeko pausoak eman.
Nahiz eta indarkeria matxistaren gaia «ezaguna» den instituzioetan, Euskal Herriko Mugimendu Feministak nahi luke erakundeek jarrera aktiboa izan dezaten. Horren harira, inbertsioak eta neurriak eskatzen ditu. «Dei egiten diegu eta eskatzen diegu ardura hartzeko eta inbertsioak egiteko. Indarkerien aurkako prebentzio neurriak behar ditugu», adierazi du Kortaberriak. «Profesional trebatuak, erasoak jasan dituztenentzako egiazko baliabideak eta espazio eskuragarriak behar ditugu. Badaukate zer egin!»
«Instituzioei dei egiten diegu, eta eskatzen diegu ardura hartzeko eta inbertsioak egiteko. Indarkerien aurkako prebentzio neurriak behar ditugu» NAIA KORTABERRIA Eibarko Matraka talde feministako kidea
Kortaberriak antolakuntza feministara batzeko deia zabaldu du indarkeria matxistaren aurka egiteko, eta ohartarazi du sare bat zabaltzeko premia dagoela eraso guztiei aurre egiteko. Dena den, zehaztu du beharrezkoa dela aliantzak eraikitzea, eta, hala, indarkeria matxistari erantzun kolektiboa ematea.
Gizarte eraldaketa helburu
Itaiak instituzioen jarrera salatu du. Urkolaren arabera, erakunde publikoek ez dute Azaroaren 25ekoa borroka egun gisa planteatzen. Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna «borroka egun» izatea nahi dute.
Haren ustez, indarkeria matxista bukatzeko eta emakumea libre izateko, bestelako gizarte bat eraiki behar da. Itaiako kideek «zapalkuntzarik gabeko» gizartea nahi dute emakumea libre izateko. «Uste dugu indarkeria matxista amaitzeko bestelako gizarte bat eraiki beharko genukeela, sozialista. Nolabait bermatu behar dugu zapalkuntzarik gabeko gizarte bat emakumea libre izateko».