Erdi Aroko musika gutxik ezagutzen dute Alaia Belaunzaranek (Oiartzun, 1996) bezain ongi. 6 urterekin ikasi zuen harpa jotzen, Oiartzungo Ibargain musika eskolan, Iñaki Gurrutxaga irakaslearekin. Ondotik, Bilboko Juan Crisostomo Arriaga musika kontserbatoriora joan zen. Handik, Madrilgo bidean jarri zen, eta Goi Mailako Kontserbatorioan egin zuen gainerateko musika formakuntza. Ibilide oparoa du Belaunzaranek. Hainbat orkestra profesionaletako kide izan da. Esate baterako, Nafarroako Orkestra Sinfonikoan, Bilboko Orkestran eta Reina Sofia kontserbatorioko Freixenet orkestran ibili da. 2017tik, Iberiar penintsulako Erdi Aroko musikan espezializatutako Entrebescant taldeko kide da. Musika talde horrekin hainbat kontzertu eman ditu Espainian, Portugalen eta Frantzian.
Noiz hasi zinen Erdi Aroko musika aztertzen?
Espainiako Musikaren Interpretazioko eta Ikerketako masterra egin nuen Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioan. Kontserbatorioan, norberaren musika tresnaz gain, beste bat aukeratu behar duzu. Ohikoena pianoa hartzea izaten zen, baina nik Erdi Aroko harpa hartu nuen. Ondotik, Erdi Aroko musikari buruzko ikastaro batzuk egin nituen. Ez dago Erdi Aroko musika lantzeko goi mailako ikasketarik. Halakoak egin behar dituzu, edo jende jakin batengana jo .
Zertan inspiratzen zarete Erdi Aroko musika egiteko? Artxiboetatik abiatzen zarete?
Ni interpretea naiz. Musikologoek lan handia egiten dute Erdi Aroko eskuizkribuak aztertzeko. Informazioa hortik ateratzen dute, eta interpreteoi transmititzen digute. Orduan, izan interpretea edo izan musikologoa, jatorrizko iturria eskuizkribuak izaten dira.
Eskuizkribuak non aurkitu daitezke?
Gaur egun, iturri bat baino gehiago daude. Liburutegi askok eskuizkribuak online eskaintzen dituzte. Oso erraza da edozein dokumentu aurkitzea. Beste batzuetan, berriz, elizetan edo monasterioetan daude. Orduan, hara joan behar da eskuizkribuak ikustera. Hala ere, urteak aurrera joan ahala, informazioak geroz eta eskuragarriago daude.
Erdi Aroko musika jotzeko, garai hartako partiturak interpretatzen dituzue?
Musika notazioa deitzen zaio horri. Garai hartan, notazio desberdinak zeuden, gaur egungoarekin zerikusirik ez zutenak. Tratatu batzuk daude jakiteko partiturak nola irakurri behar diren. Alegia, sinbolo bakoitzak zer esan nahi duen eta nota bakoitza zer den. Arazo handiena ez dira notak izaten, sinbolo batzuek notaren altuera adierazten baitute. Erritmoak sortzen du traba handiena.
Orduan, intuizioz sortzen duzue kantuari dagokion erritmoa?
Bai. Badaude tratatu batzuk erritmoaz aritzen direnak, baina arazo handiak ematen dizkigu horrek. Kantu gregorianoan ez dago erritmo berezirik. Orduan, ez dago arazorik erritmoaren notazioa egiteko, baina, Erdi Aroko garai batzuetan, ez dugu erritmoaren pista izpirik ere. Hortxe sortzen da arazoa.
«Tratatu batzuk daude jakiteko partiturak nola irakurri behar diren. Alegia, sinbolo bakoitzak zer esan nahi duen eta nota bakoitza zer den»
Musika tresnak sortzeko ere artxiboetatik abiatzen zarete?
Lehenik, jakin behar da Erdi Aroko musika tresnarik ez dela kontserbatu. Guk luthierrari enkargatzen dizkiogu musika tresnak. Nik Galiziako luthier bati agindu nion nire Erdi Aroko harpa egiteko. Tresna egile bakoitzak bere espezialitatea dauka. Erdi Aroko tresnak egiteko, miniaturak erabiltzen dira: eskuizkribuetan agertzen diren irudiak. Bestalde, ohikoa da eskulturetan inspiratzea. Esate baterako, musika talde bat dago Done Jakueko katedralean agertzen diren musika tresnez osatua. Literatura erabil daiteke jotzeko moduen inspirazio gisa. Azkenean, nahiz eta miniaturak eduki, musika tresnaren neurria eta forma asmatu behar dira. Adibidez, nire Erdi Aroko harpa Ingalaterrako eskuizkribu baten araberako erreprodukzioa da.
Madrilgo talde bateko kidea zara. Zer musika tresna dituzue?
Gure taldea Entrebescant deitzen da. Batetik, arrabita dugu. Bestetik, Erdi Aroko txirulak ditugu, baina baita zarrabetea ere. Azkenik, fidula jotzen dugu, gitarra txiki baten antza duen tresna bat.
Euskal Herrian egiteko asko dago Erdi Aroko musikaren berri zabaltzeko?
Euskal Herrian badaude gauza batzuk, ez pentsa! Kantu gregorianoak daude. Gainera, Orreagan eskuizkribu garrantzitsu bat dago: Orreagako ebanjelioa. Nahiko ezaguna da, kantuak biltzen ditu eta. Horrez gain, Tibalt I.a, Nafarroako errege izandakoa, trobadorea zen. Frantziako eskuizkribu batzuetan haren kantuak gorde dira. Gehienbat, poemak dira, baina poema horien melodiek iraun dute. Euskal Herrian, ikerketa sakona egitea falta da.
Ikerketaren arlotik kanpo, jendeak aurreiritziak ditu Erdi Aroko musika dela eta?
Erdi Aroa oso-oso luzea izan da. Jendeari bakarrik kantu gregorianoak etortzen zaizkio burura. Horrez gain, gorteko kantuak, dantzak eta orotariko musika zegoen. Eskolan ikasten duguna da kantu gregorianoa. Kontuan hartu behar da gehien idazten zen kantu mota zela. Ohartu behar dugu elizetatik eta gazteluetatik kanpo herri bat zegoela eta musika jotzen zutela.