Gipuzkoako Foru Aldundiaren arabera, herrialdean jatorri atzerritarreko 74.000 pertsona daude; hau da, atzerrian sortu eta Gipuzkoan bizi edo bertan jaio arren gurasoak atzerrikoak dituztenak. Atzerriko jatorri proportzioari begiratuta, Ordiziak dauka etorkin tasarik handiena: ia %20koa; eta ondotik, Beasain eta Zaldibia daude bigarren eta hirugarren tokian. Etorkin guztientzat herrian integratzea eta egonkortzea izaten da erronka nagusietariko bat. Esate baterako, Ordizian eta Hernanin integrazio programak sortzen eta bultzatzen dituzte erakunde batzuek.
Ainara Ormaetxea Ordiziako udal zerbitzuko langileak esan du Goierrin nagusiki Errumaniatik etorritakoei egiten dietela harrera. Haren esanetan, 2000. urtetik aurrera eskualdeko industrietara eta eraikuntza enpresetara lan egitera etortzen hasi ziren batzuk. 2007an Errumania eta Bulgaria Europako Batasunean sartzeak iritsierak erraztu egin dituela adierazi du Ormaetxeak, eta ondorioz Errumania iparraldeko eskualdeetako hainbat pertsona etorri zirela. Haren esanetan, gaur egun Errumaniatik ailegaturikoek Ordiziako biztanleriaren %7 osatzen dute.
Hernanikoa, berriz, «bestelako» egoera bat dela aditzera eman du Ahmer elkarteko koordinatzaile Fatima Fernandezek. Iazko datuen arabera, Hernanira bizitzera nagusiki gipuzkoarrak doaz. Ondotik, Marokotik eta Hondurastik doazen lagunen kopurua da handiena.
Harrera programa ugari
Dena den, harrera «prozesu integrala» behar dela aldarrikatu du Ormaetxeak. Hain zuzen, harrera ez da etorkinen iritsiera fasean ematen den laguntzara mugatzen; «haratago» doa. Horretarako, hainbat harrera programa plantan jartzen dituzte Ordizian, iritsieratik hasi eta herrian integratzeko hainbat pauso emanez. «Erroldatu berri direnei harrerarako baliabideak eskaintzeaz gain, herriko dinamikak, ohiturak eta herritarrekiko harremana lantzeko eremuak sortzen eta bultzatzen ditugu».
Bide horretatik integratu zen Lydia Priala, Beasainera 2006an etorri zen errumaniarra. Prialak aitortu du iritsi eta laguntza «handia» izan zuela. «Emakume bat ezagutu nuen ailegatu nintzenean, eta hari zor diot dena, laguntza handia eman zidan eta». Horrez gain, adierazi du Goierritik ez duela gehiago joan nahi eta bertan pozik dagoela. «Asko» eskertu ditu harrera programak; batez ere, hizkuntza ikasteko eta tramite administratiboak egiteko.
«Emakume bat ezagutu nuen ailegatu nintzenean, eta hari zor diot dena, laguntza handia eman zidan eta» LYDIA PRIALA Ordizian bizi den errumaniarra
Hernanin egiten duten «zubi lana» aipatu du Fernandezek; hau da, etorkinak egonkortzeko egiten dituzten ekintzak xehatu ditu. «Boluntarioekin tailerrak egiten ditugu, gaztelaniazko eta euskarazko eskolak, jaialdi gastronomikoa, migrazinema eta abar.» Horiek horrela, etorkinei ongietorria egiteko funtzioa du Ahmer elkarteak. «Atzerritik datozenei aholkularitza eta informazioa ematen dizkiegu. Etorkinek herria ezagutu dezaten saioak egiten ditugu».
Bide trabatuak
Integrazioa ez da beti gauza errazena izaten. Etorri berriek oztopoak eta zailtasunak aurkitu ditzakete integrazio prozesuan. Ormaetxeak begi bistan eman du heldu berriek etxebizitza aurkitzeko daukaten zailtasuna. Herri batean pertsona bat egonkortzeko bidean lehen pausoa etxea aurkitzea izaten da, eta, Ordiziako udal zerbitzuko langilearen ustez, erroldatzea eskubidea bada ere, etorkinentzat zailtasunik «handiena» izaten da. Izan ere, erroldatua izatea «funtsezkoa» da laguntza eskatzeko: gizarte zerbitzuengana jotzeko, hezkuntzan sarbidea izateko eta osasun arloan artatuak izateko.
Beste zailtasun askoren artean, Amher elkarteak salatu du arrazakeria jasaten dutela etorkinek. «Egiturazko arazoa» denez, gizarteko arlo «guztietan» dagoen arazoa dela dio Fernandezek. Ondorioz, «begi bistakoa» da etorkinek arrazkeria eta segregazioa jasaten dituztela. «Gizarte honen maila guztietatik dator arrazakeria: erakunde publikoetatik, komunikabide batzuengandik, eta baita herritarrengandik ere. Asko dugu egiteko».
«Gizarte honen maila guztietatik dator arrazakeria: erakunde publikoetatik, komunikabide batzuengandik, eta baita herritarrengandik ere. Asko dugu egiteko»FATIMA FERNANDEZ Ahmer elkarteko koordinatzailea
Arrazakeriaz gain, segregazioa da etorri berriek jasaten dituzten bortizkerietariko bat. Nahiz eta Prialak Beasainen ez duen «inoiz» segregaziorik sentitu, Ormaetxea jakitun dago halakoak gertatzen direla. Azaldu du gaia «korapilatsua» dela, eta erantsi du aterabide «orekatua» behar dela. «Gai horri aterabideak topatzeko lanean gabiltza. Ez gaude bakarrik; esku hartzean erakunde publikoak ere sartzen dira. Esku hartzeetan gabiltzanok oreka bilatu behar dugu; ezinbestekoa da».
Euskara, kohesio hizkuntza
Hurrengo urteetarako hizkuntza aniztasunaren kudeaketa da Ormaetxeak ikusten duen erronka «nagusia», euskararen biziberritze prozesuan funtsezko rola dutelako heldu berriek. Euskal hiztun komunitatera batzeko pausoak emateko premiaz ohartarazi du Ordiziako Udaleko langileak. «Uste dut euskaldun gisa berriz planteatu behar ditugula gauzak. Askotan azal zurikoa ez den bat ikusi, eta gaztelaniaz hasten garelako, nahiz eta hark euskaraz jakin».
«Pentsatzen dugu euskara batzuentzat baino ez dela, baina ez da hala. Euskara denona da, eta fokua zabaldu behar dugu»
AINARA ORMAETXEA Ordiziako udal zerbitzuko langilea
Ormaetxeak agerian eman du Ordizian jaio eta atzerriko gurasoak dituzten gazte «pila bat» dauden heinean euskarak integraziorako eta kohesiorako hizkuntza izan behar duela. Aurreiritziak apurtzeko garaia dela azpimarratu du. «Pentsatzen dugu euskara batzuentzat baino ez dela, baina ez da hala. Euskara denona da, eta fokua zabaldu behar dugu. Buruan sartu behar zaigu fokua zabaldu behar dugula eta euskara gehiago erabili behar dugula». Prialak, berriz, nabarmendu du euren haurrak Goierrin jaio direla eta euskaraz «naturalki» ikasi dutela, eta berak orain gogoa duela euskaraz ikasteko, herriko bizitzan «osoki» parte hartzeko.