Etxeak

Etxeak

Lekeition, Deban, Zumaian, Zarautzen, Donostian, Hendaian, Angelun eta askoz leku gehiagotan «etxeak» zituztela jakin nuen noizbait. Lagunek, ezagunek, herrikoek, haien denen familiek, familiako norbaitek. «Etxea izateak» zekarren udako oporretan han pasatzea egun batzuk, edukitzea lagunak toki horretakoak, kontatzea anekdota oso dibertigarriak, berriak, izatea pixka bat guaiagoa besteok baino, nire orduko begietara. Urtean pare bat aldiz akordatzen nintzen nork zuen non etxea, oporraldi bukaeran herrira bueltatu eta hango berri ematen zigutenean besteoi. Bestela, herrian bizi ginen denok eta listo; ia ez ziren existitzen etxe haiek.

Beste egun batean, geroxeago, enteratu nintzen etxe haiek guztiak hantxe daudela nonbait, existitzen direla, beti existitzen direla. Eta ez-dakit-zeinen Zarauzko etxean uda guztietan elkartzen direla familiakoak, bai, baina ez dela han izeba-lehengusu-seniderik bizi. Eta jende pila batek ez daukala modurik etxe duin batean bizitzeko. Eta poliziak sartzen direla etxe batzuetan eta kalera botatzen dutela jendea. Kendu egiten dietela haien etxea, eta horiek ez dutela beste etxerik Lekeition, Deban, Zumaian, Zarautzen, Donostian, Hendaian, Angelun. Eta ez-dakit-nongo kaleko ez-dakit-zenbat bloketako leihoetan pertsianak ez direla igotzen ez-dakit-zenbat denboran. Eta irailetik ekainera bakarrik izan dezakeela hainbat jendek bere etxea. Agintzen dietelako etxejabeek udan zehar ezin direla haien etxean bizi; interesgarriagoak dira udan zehar beste gauza batzuk, bizitzeko etxe bat baino. Eta gure ikasle pisuko alokairua ehun euro baino gehiago igo zela lau urtetan. Eta gure ez-ikasle pisuko alokairuko kontratua ez dela batere duina, baina etxe bat behar dugula bizitzeko, eta ezin dugula 320 euro baino gehiago ordaindu hilean.

Denok behar dugu etxe bat izan; etxebizitza eskubide bat izan behar da. Eta hori ez delako posible izango etxebizitza negozioa den bitartean, antolatu beharra daukagu, borrokatu egin behar dugu.

Eta etxeak erosten dituela jende batek alokatzeko, aberasteko, etxe gehiago erosteko, garestiago alokatzeko, gehiago aberasteko. Eta lagun pila bat gurasoenean bizi dela ez duelako beste aukerarik. Eta gaizki pasatzen dutela askok gurasoenean, baina behintzat badutela etxe bat. Eta etxez beteta daudela Airbnb eta Booking. Etxez beteta daudela gure herriak, gure auzoak. Eta hala ere ezin garela, gaur egun, gure herrian bizi eta listo. Ezin dela edonor gure herrian bizi eta listo.

«Etxeak izateak» ez dakar anekdota dibertigarririk, nire begietara. «Etxeak izateak» dakar jendeak etxerik izan ezina. Etxeak eta aberastasuna pilatzen ari da alde bat; ezina eta pobrezia bestea. Kontua ez da etxe gehiago eraikitzea: hantxe daude etxe haiek guztiak nonbait, existitzen dira, beti existitzen dira. Kontua ez da negozioa sustatzen segituko duten legeak onartzea. Ez dago erdibiderik: erroko aldaketak behar dira. Gaur da eguna enteratu garena nahikoa gauzaz, eta egin behar dena zerbait honi guztiari aurre egiteko.

Euskal Herriko etxebizitza sindikatuek, etxebizitza arazoaren larriaren aurrean, mobilizaziorako deialdia egin dute. Abenduaren 14an Bilbon egingo den mobilizaziora dei egiteko baliatu nahi nuke nik ere tokitxo hau. Denok behar dugu etxe bat izan; etxebizitza eskubide bat izan behar da. Eta hori ez delako posible izango etxebizitza negozioa den bitartean, antolatu beharra daukagu, borrokatu egin behar dugu.