Miren Etxezarreta Zubizarretak (Ordizia, 1936) amaiera borobila eman dio ekonomialari ibilbideari. Izan ere, Ordiziako Udalak bildu eta artxibatu egin ditu berriki Etxezarretak mende erdi batez baino gehiagoz egindako lanak. Ekonomialariak bere funtsaren zati bat dohaintzan eman zion udalari duela bi urte, eta orain, haren lanak sailkatu, digitalizatu eta artxibatu egin dituzte. Azaroaren 23an artxiboaren eta aurrera begirako asmoen jendaurreko aurkezpena egin zuten Ordiziako Barrena kultur etxean, eta ekonomialaria «oso eskertuta» agertu zen, «herriak egindako aitortza» dela eta. Etxezarretaren ibilbideari aitortza egiteaz gain, hark egindako lanak eskuragarri jarri dituzten tokia aurkeztu zuten, Mirenetxezarreta.eus plataforma. Webgunean ageri dira lanak, sailkatuta eta digitalizatuta, eta dokumentu originalak udal artxibategian jaso dituzte.
Adur Ezenarro alkatea esker onez mintzatu zitzaion Etxezarretari, Ordizia aukeratzeagatik «ibilbide oparo eta emankor baten lan eskerga gordetzeko, zaintzeko eta zabaltzeko». Ezenarrok gaineratu zuen herriak ez ziola orain arte halako aitortzarik egin, eta, hain zuzen ere, horixe «zor» ziola. «Ordiziak ere bere buruari zor dio Mirenen lana inspirazio iturri gisa hartzea, bai eta belaunaldi berriek benetan erreferenteak diren ordiziarrak ezagutzea ere; batez ere, emakumezko erreferenteak».
Alkateak jakinarazi zuen beka formatuko proiektu bat sustatzeko asmoa ere badutela, Etxezarretaren funtsetatik ikerketa bultzatzeko. «Mirenek esaten du nahiko lukeela beka hori ikerketa akademikotik haratagoko zerbait izatea, nolabaiteko kasu praktikoen azterketa bat».
Etxezarretaren jarduna
Miren Etxezarreta Ordiziakoa da, baina berrogei urte dira Bartzelonan bizi dela. Ekonomia ikasketak egin zituen «gizarteko aspektu sozialak ulertzeko» asmoz, iruditzen baitzaio ekonomia «funtsezko» elementua dela horretarako. Ingalaterra ere izan zuen bizileku hainbat urtez, eta handik Bilbora joan zen. Bilbon unibertsitatean lanean ari zela, frankismoak eragindako «errepresio gogorrak» ihes egitera behartu zuen, eta Bartzelonan aurkitu zuen babesa. Etxezarretak Karl Marx eta Rosa Luxemburg ezinbesteko eredutzat jotzen ditu bere ekonomialari ibilbidean, baita John Maynard Keynesen osteko egileak ere; batik bat, Joan Robinson.
Etxezarretak ekonomia marxista izan du ardatz, oro har. Haren esanetan, ekonomia marxista «gizartearen aldagai ekonomikoak eta dinamikak planteatzeko modu alternatiboa» da, eta sistema neoliberala baino «askoz ere modu errealistagoa, egiazkoagoa eta bidezkoagoa» da. Uste du marxismoa «askoz hobeto» egokitzen dela gaur egungo bizitza ereduetara eta gizartearen funtzionatzeko modura. «Gaur egungo ekonomia kapitalista barneratuta badaukagu ere, posible da gaur egun ekonomia marxista aplikatzea».
«Oso garrantzitsua da nire lanari toki bat egitea nire herrian, jaio eta nire bizitzaren zati handi bat pasatu dudan herrian»
MIREN ETXEZARRETA Ekonomialaria
Ekonomialaria «eskertuta» eta «hunkituta» dago Ordiziako Udalak egindako aitortzarekin. «Oso garrantzitsua da nire lanari toki bat egitea nire herrian, jaio eta nire bizitzaren zati handi bat pasatu dudan herrian». Etxezarretak dioenez, 88 urte dituela eta, ez du lehengo indar bera, eta, hala, «are zirraragarriagoa» zaio aitortza. «Ibilbide profesional baten amaiera da, nolabait». Uste du datorren urtetik aurrera abian jarriko duten beka eskaintza «aukera ona» izan daitekeela. «Gazteek eremu desberdinetan nola lan egiten duten ikusiz, kolektiboki gizarte askoz bidezkoago baten alde lan egiteko balio dezake».
Gaur egun erretiratuta dagoen arren, azaldu du gauza berriak ikasten jarraitzen duela. Orain, munduko ekonomiaren dinamika aldaketak pizten dio interesa: «Oso interesgarria iruditzen zait aztertzea nola gertatzen ari den herrialde berrien sarrera indar ekonomiko handienen artean. Neuri, adibidez, asko interesatzen zait Indiaren kasua. Gaur egun, herrialde aberatsen artean lekua aurkitu du, baita indar handia eskuratu ere».