Alokairua pagatzen duten herritarrak ezin dira kanporatu ekonomikoki zaurgarriak badira eta ez badute aterpetzeko beste aukerarik. Hala dio 2020ko azaroko Espainiako errege dekretu batek. Hain zuzen, dekretua luzatu ezean hainbat familia kaleratu ditzaketela salatu zuen Kaleratzeak Stop kolektiboak abenduaren 4an, Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzaren aurrean eginiko agerraldian.
Errege dekretua luzatu ezean 183 familia kalean geldituko direla zehaztu du Rosa Garcia Kaleratzeak Stop kolektiboko bozeramaileak. «Dekretua luzatzen ez bada, maizter kalteberek kalean lo egin beharko dute».
Ricardo Burutaran Donostiako EH Bilduko zinegotziak esan du «borrokan» ari direla dekretuari segida emateko, eta Espainiako Gorteetan lanean dihardutela dekretua luzatzeko eta, hala, arriskuan dauden herritarrak kalean ez geratzeko. Gogoratu du Donostia tentsio handiko eremu gisa izendatzeko eskatua duela EH Bilduk, eta hala egingo balitz tresnak izango liratekeela familia kalteberak ez kaleratzeko.
Kaleratuak izateko arriskuan diren herritarrek Kaleratzeak Stop plataformara jotzen dute, laguntza eske. Garciaren esanetan, «gehienek» ezin dute pagatu errenta edo alokairu kontratua bukatzear dute. «Jabearen burofax bat jasotzen dute, eta, hartan, jakinarazten diete ez dietela berrituko kontratua».
Taldeko bozeramailearen arabera, ezin pagatuz ari direnek errenta «espekulatiboak eta jasangaitzak» dituzte. Donostiako adibidea ekarri du hizpidera: batez besteko errenta 1.092 eurokoa dela esan du, eta etxebizitza erosteko prezioak «mugak gainditu» dituela, Donostian metro koadroa 5.600 euro pasan saltzen baita. Burutaranek salatu du udalak hiru lurzoru prezio «espekulatiboetan» jarriko dituela salgai. «Udalak hiru lurzoru ditu Amara kalean, eta iragarri du 7,5 milioi euroan salduko dituela. Espekulazio hutsa da hori», deitoratu du EH Bilduko hautetsiak.
«Dekretua luzatzen ez bada, maizter kalteberek kalean lo egin beharko dute» ROSA GARCIA Kaleratzeak Stop plataformako bozeramailea
Egoerari aurre egiteko, etxebizitza babestu «gehiago» eraikitzea nahi luke Garciak. Hain zuzen, Kaleratzeak Stop kolektiboko bozeramaileak etxebizitza babestu gutxi daudela ohartarazi du. Datuei dagokienez, Gipuzkoan 8.423 etxebizitza sozial daude. Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan, berriz, 21.795 izen emate dira etxebizitza babestu bat lortzeko. Euskal Autonomia Erkidegoan, 27.720 etxe babestu daude, eta 78.475 eskatzaile. Burutaran zinegotziak gehitu du udal bakoitzak finka dezakeela zenbat etxebizitza babestu eraiki, nahiz eta 2006ko Lurraren Legeak %40ko gutxienekoa ezarri. «Legeak gutxieneko bat finkatzen du, baina ez du esaten ez dela posible etxebizitza babestu gehiago eraikitzea. Udal bakoitzari dagokio hori hobetzea. Donostiako Udalak ere aukera dauka eskaeraren arabera etxebizitza babestu gehiago egitea».
«Atzerapen ulertezina»
«Sarraski soziala» gelditu behar dela azpimarratu du Garciak, klase apal edota ertaineko familiek etxebizitza babestu bat lor dezaten. Eusko Jaurlaritzari eta udalei galdegin die «indar handia» egin dezatela etxebizitza sozial gehiago izateko.
Kaleratzeak Stop kolektiboak exijitu du «lehenbailehen» luzatzea kanporatzeak eragozteko errege dekretua. Espainiako Kongresuan dauden euskal taldeei eskatu die luzapenaren alde borrokatzeko, arriskuan dauden familiek kalean lo egin ez dezaten. Horrez gain, Garciak Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari leporatu die Gipuzkoako hogei udalerri tentsio handiko eremu izendatzeko dagoen «atzerapen ulertezina».
«Gaia behin baino gehiagotan eraman dugu udalbatzarrera. Azkenean, lortu genuen aurrera egitea, eta udalak dokumentazioa aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzan. Sei hilabete dauzka hori onartzeko» RICARDO BURUTARAN Donostiako EH Bilduko zinegotzia
Burutaranek adierazi du Donostia tentsio handiko eremu izendatzeko eskaera udalbatzarrera eraman zutela, eta eskaera Jaurlaritzara bideratu dutela. «Gaia udalbatzarrera behin baino gehiagotan eraman dugu. Azkenean, lortu genuen aurrera egitea, eta udalak dokumentazioa aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzan. Sei hilabete dauzka hori onartzeko». Tentsio handiko eremu izendatzeak aldaketak ekarriko lituzke. EH Bilduko hautetsiaren hitzetan, modua eman dezake bukatzear dauden alokairu kontratuak luzatzeko eta errenten prezioa mugatzeko.