Nerea Bilbao margolariak (Bermeo, Bizkaia, 1979) Itsasoa gara erakusketa irekiko du etzi, Zarauzko Arkami arte galerian. Haren esanetan, «itsasoko tanta bat» da bera, eta, hain zuzen ere, tanta horiek artelanetara eramaten saiatzen da. Bilbaok itsasoko lanaren «gordintasuna, sufrimendua eta bakardadea» jaso ditu erakusketako artelanetan; hala nola itsaso gainean harrotutako haizeak, lan gogorrak zimurtutako aurpegiak eta denboraren iragana harro erakusten duten begiradak. Kolore ilunak eta biziak nahastu zalea da.
Esana duzu zure bizitzan zenbat eta pintura gehiago orduan eta zoriontsuagoa zarela. Erakusketa bat irekitzekoa zara Zarautzen. Zoriontsu egiten al zaitu horrek?
Erakusketak egitea seinale ona da, eta, gainera, nire lanak erakusteko gogoz nago. Zarauzko Arkami arte galeriakoak harremanetan jarri ziren nirekin, nire lanak euren galerian erakusteko aukera eskaintzeko. Antza, Instagram bidez ikusi zituzten nire lanak. Egundoko bizia eta energia eman dit Zarautzen erakusketa zabaltzeko aukera izateak. Oso pozik eta eskertuta nago.
Itsasoko bizitzaren «gordintasuna, sufrimendua eta bakardadea» erakusten duten artelanak bildu dituzu.
Sufrimendu handikoa da itsasoaren mundua, lanbide oso gogorra: gizonek orduak edo egunak igaro ohi dituzte itsasoan, ia atsedenik hartu gabe eta lanordu asko eginez. Emakumeek, berriz, etxea eta haurrak aurrera atera behar izaten dituzte, eurek bakarrik… Gainera, andreek sareak josteko edo arrainak ontzietatik ateratzeko lanak egiten zituzten lehen, arrainak kutxetan sartuz eta saltzera eramanez. Gizonek arrantza egiten bazuten, ondo, baina, ez bazuten egiten, ez zuten soldatarik eramaten etxera. Modu horretan ezagutu dut gure herria [Bermeo], eta horixe erakutsi nahi izan dut lanetan. Horregatik, arrantzaleak, saregileak eta neskatilak dira nire lanetako pertsonaia nagusiak.
«Irudia zuri-beltzean izan arren, koadroei bizitasuna eman nahi izaten diet, ez baitut nahi nire lanek tristezia transmititzerik»
Ken Zazpiren abestia ekartzen du gogora erakusketaren izenburuak, Itsasoa gara-k.
Izenburua jarri nionean, ez nintzen ohartu Ken Zazpiren abestiak ere hala izena duenik, pentsa. Beraz, bai, Instagramen Zarauzko erakusketa iragartzeko erabiliko dudan abestia Ken Zazpirena izango da. Zoragarri etorri zait erakusketari izenburu hori jartzea.
Lanek sufrimendua eta bakardadea islatzen duten arren, kolore biziak baliatzen dituzu zure lanetan. Kontraste hori propio egina da?
Bai, saiatzen naiz nire lanetan kontrastea lortzen, asko gustatzen zait-eta koloreen arteko jolasa. Gustuko ditut kolore biziak. Irudia zuri-beltzean izan arren, koadroei bizitasuna eman nahi izaten diet, ez baitut nahi nire lanek tristezia transmititzerik. Saiatzen naiz irudien bidez zerbait kontatzen, historia bat azaltzen, baina, era berean, desio dut lanari alaitasuna eta kolorea ematea. Azken finean, horrek ematen du poza.
Nerea Bilbao margolaria, abenduaren 7an, Zarauzko Arkami galerian. ANDONI ELDUAIEN
Arrantzaleak, portuak, baleak, sareak, olatuak… Itsasoa ageri da zure margolan askotan. Zer da zuretzat itsasoa?
Itsasoa dena da niretzat: zabaltasuna, arnasa, energia… Mendi artean bizi arren, itsasoko tanta bat naiz. Alegia, orain Azkoitian bizi naizen arren, kostakoa naiz, eta beti izango naiz. Oroitzapen asko ekartzen dizkit itsasoak, eta, gainera, lasaitasuna ematen dit. Nire bizitza da itsasoa, baita nire familiarena ere. Beti egongo naiz itsasoari lotuta.
Zer teknika baliatu dituzu lanak egiteko?
Koadro batzuen oinarriak boligrafoz egindakoak dira, nahiz eta oinarrizko lan horri akuarela eta espraia eransten dizkiodan gero. Beste artelan batzuk, berriz, transferentziazkoak dira, eta pintura akrilikoarekin eta espraiarekin konbinatzen ditut. Hala eta guztiz ere, beste pare bat lan ere aurkeztuko ditut, boligrafoa, transferentzia, pintura akrilikoa eta espraia uztartuta onduak. Teknika horiek erabiltzen ditut gaur egun, eta, egia esan, gustatzen zait emaitza.
Boligrafoz ere egin ohi dituzu lanak, beraz. Aldea egongo da boligrafo mota batetik bestera, ezta?
Bai, noski. Boligrafo ia denak probatu ditut nire lanetarako. Nolanahi ere, gehien gustatzen zaidana kolore beltzeko Bic boligrafoa da. Bolaluma beltz denak ez dira berdinak. Izan ere, guztiek ez dute berdin margotzen, eta ez dute tinta mota bera. Bic boligrafo beltzaren emaitza gustatzen zait gehien. Dena den, Bic ez den beste bolaluma finago bat ere erabiltzen dut.
Artista guztiek izan ohi dute beren estilo propioa. Zein da zurea?
Esango nuke irudiei orbanak egitea eta kolore biziak ematea dela. Marrazki edo irudi bat erabiltzen dut oinarrian, eta, gero, orbanak-eta egiten dizkiot gainean. Halere, ez nuke esango nire lan egiteko modua zuzenena denik.
«Koadro batzuen oinarriak boligrafoz egindakoak dira, nahiz eta oinarriko lan horri akuarela eta espraia eransten dizkiodan gero»
Zarauzkoa zenbatgarren erakusketa duzu?
Zortzigarrena-edo izango da. Ari naiz pixkanaka-pixkanaka nire artea Euskal Herrian zabaltzen eta herri askotatik igarotzen, eta ez da gutxi. Luzaroan horrela segitzea espero dut.
Zer ematen dizu margotzeak?
Sekulako askatasuna eta lasaitasuna ematen dit. Deskonektatzeko bideetako bat da niretzat, eta, bide batez, nahi dudan lekura joateko abagunea sortzen dit. Bizitzan topatu dudan hobby nagusia da. Niretzat magikoa da margotzea. Inguruan material pila bat dut, eta horrek ere ematen dit nahi dudana egiteko aukera. Jostatzeko eta adierazteko modu bat da niretzat margotzea, mundiala. Gainera, jendeari gustatu egiten zaio nire lana. Zer gehiago behar dut?