Gripeak jota omen dago jendea

Gripeak jota omen dago jendea

Pasa den irailean, bederatzi egunez egunero-egunero itsasoan bainatu ziren bi lagun. Bakoitzak moldatu zuen bere agenda, bere eginbeharren ordena, bere hotza, eta hutsik egin gabe bete zuten elkarri prometitutako esana. Negua osasuntsu-osasuntsu igarotzen omen du udazkenean hori egiten duenak.

Jolas baten eran hartu zuten erronka lagunok. Sinetsi zuten haien gorputzak indartsuago egingo zituela itsasoko urak; negu bat bezain indartsu, gutxienez. Entzungo zuten noizbait norbaiti hori egiteak funtzionatu egin ziola, eta pentsatuko zuten gauzak berdin-berdin eginda negua gaixotu gabe igaroko zutela haiek ere.

Gerora, iritsi ziren azaroko, abenduko juntadizoak, asteburu bete-beteak, entregatzeko lanak, ebaluazioak, gabonetako bazkariak, afariak, poteoak, kalean igarotako orduak, polboroiak, esku hotzak, mendi-bueltak, desorduetan otorduak, izerdia, izotza, hego haizea, errege opilak, loaldi alteratuak… Eta ezohiko martxak arrisku bat izaten du: gorputzaren ezohiko erantzuna; alegia, nekearen, ahuleziaren, gaixoaldiaren etorrera.

Askotan pentsatu izan dut egun batzuk beste batzuk baino aproposagoak izaten direla gaixo egoteko. Aste batzuetan ez da gripeari, katarroari, sukarrari, buruko minari eskaintzeko tarterik existitzen. Beste batzuetan, atsegina izatera ere irits liteke ohean egon beharra. Ez da erraza gaixoaldia beso zabalik hartzea. Gehien-gehienetan ez du-eta asmatzen noiz etorri eta noiz joan. Ordea, etorri egiten da eta eragin egiten du. Negua ia beti izaten da gutako bakoitza baino pixka-pixka bat indartsuagoa.

Nik sinesten dut dena gelditzeko hartutako tarteak indartzen duela nire gorputza, ia-ia irailean itsasoko uretan bederatzi egunez sabela bustitzeak bezainbeste

Badakit ez dela neguko kontua. Edonoiz-edonon etortzen dira ondoezak gorputzera. Baina nago negua bereziki dela jende askok gaixoaldi bertsuak momentu berean igarotzen dituen sasoia. «Jende asko omen dabil horrelatsu» entzuten da kalean. Laranjak jateko eta ur asko edateko esaten digu igogailuan bizilagunak. Hedatu egiten dira birusak kolkotik kolkora. Norbaitek inbentatzen du berrogeita zortzi orduko birus bat izango dela ziur. Egun nekosoen bukaeran termometroa sartzen dugu ahoan, badaezpada. Gaixotu-sendatu-gaixotu-sendatu omen dabil jendea. Parazetamola eta ibuprofenoa txandaka irentsiz, behintzat ohetik jaiki ahal izateko, zerbait egiteko. Edozein egun da aproposa, gripearentzat, gurera etortzeko. Azken egun hauetan batari eta besteari entzun diot gaixo dagoela, gripeak jota omen dago jendea han-hemen. Pasa den irailean, bederatzi egunez egunero-egunero itsasoan bainatu ziren horietako bi. Engainatu egin ditu itsasoko urak. Edo ez: igual iraileko erronkaren immunitatea gainditzeraino nekatu dituzte haien gorputzak, eta gelditzeko deia egin nahi izan die.

Deskantsu faltak arrisku bat izaten du: gorputzaren falten oihartzuna, alegia, nekearen, ahuleziaren, gaixoaldiaren etorrera. Nik, horregatik, nekatuta eta ahul sumatzen dudanean gorputza, animoa, «gaixo egoteko» pare bat egun esleitzen dizkiot neure buruari, aproposenak iruditzen zaizkidanak. Kopetako beroaren beroz lorik ere egin ezingo banu bezala, etzanda igarotzen ditut orduak eta orduak, ura edaten dut, salda eta barazki purea jaten ditut eguerdian eta gauean, egunero dutxatzen naiz, utzi egiten diot neure buruari karga ororen kudeaketa atzeratzen, telebista ikusten dut eta lo egiten dut. Eta nik sinesten dut dena gelditzeko hartutako tarte horrek indartzen duela nire gorputza, ia-ia irailean itsasoko uretan bederatzi egunez sabela bustitzeak bezainbeste.