XX. mendeko Donostia, postaletan

XX. mendeko Donostia, postaletan

Andres Gonzalez eta Micaela Galarza senar-emazteen seme zaharrena zen Gregorio Gonzalez Galarza (Zegama, 1869-Donostia, 1948). Zegaman jaio zen, baina haurra zela Donostiara bizitzera joan zen familiarekin. Oso gazterik piztu zitzaion argazkilaritzarekiko grina, postari gisa ari zela lanean. Banatzen zituen postaletako irudiek liluratuta, Donostiako hainbat lekuri argazkiak ateratzen hasi zen, eta, hala, postal formatuan eman zuen ezagutzera bere argazki ekoizpena, bere seme Carmelo Gonzalez Campanorekin batera. Donostiako San Telmo museoak aita-semeek egindako 3.000tik gora dokumentu fotografiko ditu gordeak, eta artxibo horretako 140 argazki inguru jarri ditu ikusgai, Donostiaren oroigarri. Galarza argazki bilduma izendatu duen erakusketan. Urtarrilaren 26ra arte egongo da zabalik.

Erakusketaren antolatzaileen hitzetan, aita-semeek egindako argazkiek «xehetasunez» ilustratzen dute XX. mendearen lehen erdiko Donostiaren eta orduko bizimoduen eraldaketa. «Bildumako argazkiak hiriaren eraldaketa ulertzeko bide bat dira egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat».

Donostiako Igeldo mendia, XX. mende hasieran, Gregorio Gonzalez Galarza eta Carmelo Gonzalez Campano argazkilariek ateratako argazki batean. HITZA

Urgull eta Igeldo mendiak, Pasealeku Berria, Parte Zaharra, Kaia, Alderdi Eder, kasino zaharra —egungo udaletxea—, Kontxako hondartza eta pasealekua, Ondarreta, Gros auzoa, Kursaal zabalgunea, Amara Berri, Txofreko zezen plaza, hegoaldeko zabalgunea, eta Loiola, Uliako eta Martuteneko parkeak. Aita-semeek hiriko txoko horiek hartu zituzten kamerarekin, besteak beste. Irudiok gaika edo panoramaka sailkatu dituzte San Telmoko erakusketaren antolatzaileek, Donostiaren bilakaera ordena kronologikoan ezagutarazteko asmoz. «Irudi hauei esker, hiriaren eta inguruaren eraldaketa ez ezik, ohituren edo bizimoduen bilakaera ere ikus daiteke, denboran zeharreko begirada batekin».

Bisita gidatuak

San Telmo museoak bertako material garrantzitsuenetarikotzat du Gregorio Gonzalez Galarza eta Carmelo Gonzalez Campano argazkilarien artxiboa. Bisita gidatuak antolatu dituzte erakusketa bisitatzeko. Euskaraz, astearteetan eta larunbatetan izango da aukera, 18:00etan. Erakusketaren harira, Nekane Arzallus Donostiako Hirigintza Sostengagarriko zinegotziak hitzaldi bat emango du urtarrilaren 23an, museoan bertan, 19:00etan. Mende honetako Donostiaz arituko da, batik bat, eta herritarrek etorkizunean izan nahi duten hiria ere izango du hizpide.