Osasun teknikariek eta desgaitasun alorreko pertsonek sortutako elkartea da Orioko Garai Ona, eta erabiltzaile jakin batzuk ditu: bizi kalitatea eta ongizatea hobetzeko ariketa fisikoak eta osasun jarduerak egiteko aukera handirik ez dutenak. Egitasmoaren proba pilotua azaroan jarri zuten martxan, eta, bi hilabete igaro ondotik, elkarteko kideek ontzat jo dute orain arte egindako bidea. Alicia Figueroa elkarteko presidenteak azaldu duenez, 55 eta 80 urte bitarteko emakumeek osatzen dute taldea. «Oso emakume interesgarriak dira, eta haiei egokitutako ariketa fisikoko programa baten bila zebiltzan», esan du. «Gehienek patologia edo desgaitasunen bat dute. Batzuek aldakako arazoak dituzte, besteek bizkarrekoak, eta badira minbizia edo diabetesa dutenak ere».
Elkarteak Ona ikastaroa eskaintzen die erabiltzaileei, Orioko Kosta tailerrean, Naomi Mendizabal eta Justi Hidalgo begiraleen gidaritzapean. «Modu indibidualizatuan» ematen dituzte tailerrok, garrantzia indarrari eta giharrei emanez. «Gorputzaren kontzientzia lantzen dugu, luzaketak eta indar orokorreko lana eginez», adierazi du Figueroak. «Emakumeok, 50 urtetik aurrera, testosteronarik ezean, muskulatura asko galtzen dugu, eta, beraz, oso garrantzitsua da indarra lantzea, elikadurarekin batera. Gure lana bizi kalitatea hobetzea da».
Saio bakoitzak ordubete inguru irauten du, eta indar muskular orokorra lantzea dute helburu; horretarako, pelbis zoruko ariketa jakin batzuk egiten dituzte, eta, musikaren bidez, saioak ahalik eta gehien girotu. Erlaxazioa eta meditazioa ere praktikatzen dituztela kontatu du elkarteko presidenteak. «Erabiltzaileek aldaketak ikusi dituzte hilabete bakarrean, egunez egun egindako ahaleginari esker».
Garai Ona elkarteko kideak, azaroaren 13an, Orioko Kosta tailerrean. JULENE SORARRAIN
Gainera, elkartea arte tailer bat sortzeko asmotan da, Orioko Udalarekin eta Gautena autismoaren espektroko nahastea duten pertsonen senideen elkartearekin. «Tailerren bitartez, ariketa fisikoa eta terapia artistikoa uztartu nahi ditugu, terapia mota horretan espezializatuta dauden begiraleen laguntzaz». Oraingoz, hamabost lagunek eman dute izena arte tailerrean, eta elkartearen asmoa da saioak ostiraletan egitea.
Figueroak azaldu duenez, egitasmoa abian jartzeko «baliabideak» behar dituzte, eta, finantzaketa lerroak lortzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin jarri dira harremanetan. «Aldundiari proposatu diogun proiektua nahi gabeko bakardadean oinarrituta dago. Proiektu horren bidez, jarduerak taldean egiteko edo egunero martxatik ateratzeko aukerarik ez dutenei lagundu nahi diegu». Gizartea kontzientziatu nahi dute nahi gabeko bakardadeari buruz, gazteek eta haurrek ere pairatzen dutelako. «Era horretako proiektuak garatu nahi ditugu, udalak eskaintzen dizkigun aukeren arabera».
Proiektuaren zabalpena
Garai Ona elkarteak Orion egin nahi ditu esku artean dituen egitasmoak. Horretarako, «administrazioaren inplikazioa» eta «Foru Aldundiaren laguntzak» behar dituztela jakinarazi du elkarteko presidenteak, udal programetarako laguntza ildoak eskaintzen ari baitira. «Gaur egun, gizartean laguntza komunitarioa bilatu behar dugu pertsona ahulenei laguntzeko».
Garai Onak antolatutako ikastaroan askotariko profilak dituzten erabiltzaileek parte hartzen dute, kasu baterako, desgaitasunen bat dutenek edo minbizia jasan dutenek. «Talde inklusiboa da, eta begiraleak parte hartzaileen egoeretara egokitzen dira». Naomi Mendizabal aditua da kirolean eta osasunean, eta garrantzia ematen dio aniztasunari eta ariketa fisikoa pertsona kalteberei egokitzeari. Justi Hidalgo, berriz, soziosanitarioa da, eta zaintzaz arduratzen da, bereziki. Hidalgok arreta pertsonalizatua eskaintzen die erabiltzaileei: aldageletan laguntzen die, eta jarrera egokitzen lagundu.
«Erabiltzaileek aldaketak ikusi dituzte hilabete bakarrean, egunez egun egindako ahaleginari esker»
ALICIA FIGUEROA Orioko Garai Ona elkarteko presidentea
«Erakutsi nahi dugu egitasmo hauek garrantzitsuak direla, banakako arreta beharrezkoa dela eta denok ariketa fisikoa egiteko eskubidea izan behar dugula», dio Figueroak. «Egiaztatuta dago diru asko aurreztuko lukeela administrazio publikoak horrelako proiektuak babestuz gero». Elkarteko presidenteak ezinbestekotzat jotzen du prebenitzea ariketa fisikoaren eta osasun mentalaren gabeziaren ondorioz sortzen diren gaixotasunak.
Elkarteak antolatzen dituen ikastaroak Orion hasi dituzten arren, Gipuzkoako hainbat udalerri jarri dira harremanetan haiekin egitasmoa zabaldu dezaten —hala nola Lasarte-Oria, Astigarraga eta Donostia—. Figueroak azaldu du haiena bezalako ekinbide baten beharra duten herrietara iristea dutela xede, eta hala, Garai Ona Gipuzkoan zehar zabaltzen hastea.
Ikastaroetan parte hartu nahi duen orok bi bide izango ditu izena emateko: 635 75 13 39 telefono zenbakira deituta edo info@garaiona.com helbidera idatzita.