‘Gipuzkoa’ hitza sortu zenetik, mila urte

‘Gipuzkoa’ hitza sortu zenetik, mila urte

Orain dela mila urte agertu zen lehen aldiz Gipuzkoa hitza eskuizkribu batean, Ipuscua grafiaz idatzita, San Juan De la Peñako (Huesca, Aragoi, Espainia) liburu gotiko batean. Ipuscua-tik Gipuzkoa-ra: Ipuskoa. Izanetik izena 1025-2025 izenburupean, urte osorako egitarau zabala prestatu dute Gipuzkoako hainbat erakundek. Egitaraua gaur zortzi aurkeztu zuten Donostian. Foru Aldundiaren egoitzan; bertan izan ziren Eider Mendoza ahaldun nagusia, Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako lehendakaria eta Xabier Olano Altzoko alkatea. Mendozak esan zuen efemeridea ospatzeko ez ezik, «bestelako ekinaldi batzuk» egiteko ere baliatuko dutela; adibidez, «ezagutza historikoan sakontzeko» eta «komunitate balioak ezagutu eta indartzeko».

Gipuzkoa hitza aurreneko aldiz 1025. urteko eskuizkribu batean agertu zen, eta, agiri horretan ageri denez, Gartzia Azenarizek eta Gayla de Iputzak Olazabalgo Salbatore monasterioa ―egungo Altzoko herrian dagoena― dohaintzan eman zioten San Juan De la Peñako zenobioari, babespean zituen beste hainbat lurrekin batera. Joan den asteko aurkezpenean jakinarazi zutenez, dohaintza horri dagokion dokumentuan agertzen da lehen aldiz Gipuzkoa hitza. Mendozak «lehen mailako efemeride historiko» gisa definitu du Gipuzkoa hitzak mila urte bete izana, eta adierazi du «esanahi kolektibo garrantzitsua» duela. «Adierazten du garai hartan komunitatea existitzen zela, Gipuzkoa existitzen zela, eta gipuzkoarrok ere existitzen ginela. Horixe ospatu nahi dugu guk, hain justu».

«’Gipuzkoa’ hitza lehen aldiz orain mila urte agertu izanak adierazten du garai hartan Gipuzkoa existitzen zela, eta gipuzkoarrok ere existitzen ginela; horixe ospatu nahi dugu guk, hain justu»
EIDER MENDOZA Gipuzkoako ahaldun nagusia

Ahaldun nagusiaren arabera, gipuzkoarrak orduan nolakoak ziren erakusten du efemerideak. «Historiaren joan-etorrian gipuzkoarrok gure gizarte bizitza eta bizimodua, ekonomia eta ongizatea antolatu ahal izateko eraikiz joan garen komunitate balioei erreparatzeko balio du».

Erakusketa San Telmon

Milagarren urteurrena ospatzeko egitarauaren barruan, bihar, Ipuscua, 1000 urte erakusketa zabalduko dute Donostian, San Telmo museoan, eta maiatzera bitarte egongo da ikusgai. «Azken mila urteetan Gipuzkoak izan duen bilakaeran barrena bidaiatu ahalko dute bisitariek», esan zuten lehengo asteko aurkezpenean. Erakusketa hori egitarauko «eskaintzarik azpimarragarriena» izango dela jakinarazi zuten.

Aldundiak lehentasuna emango dio «komunitatea» osatzen duten elementuen inguruan hausnartzeari. Horretarako, topaketak antolatuko dituzte: lehena hil honetan bertan izango da, hilaren 22an, Komunitatea elkartegintzatik eraikiz izenburupean. Beste topaketa batzuk prestatzen ari dira, baina aurreratu dute gai hauek izango dituztela hizpide, besteak beste: gipuzkoar komunitatearen balio bereizgarriak, lurraldeko elkartasun sistema, lehiakortasuna, eta aniztasunetik landu beharreko elkarbizitza. Mila urteko efemeridearen ekitaldi instituzional nagusia uztailaren 5ean egingo dute.