Matxismoaren trapu zaharrak identifikatzen

Matxismoaren trapu zaharrak identifikatzen

Eusko Jaurlaritzak 2022an egindako azterlan baten arabera, indarkeria matxistaren kasu gehienetan 60 eta 70 urte bitarteko emakumeak dira biktimak, bai eta salaketa gutxien jartzen dituztenak ere. Adin tarte horretako emakumeek jasaten duten biolentzia matxista «ezkutuko indarkeria» gisa definitu du Nuria Alzaga Irungo Udaleko Berdintasun ordezkariak. Hain justu, Irungo Udalak Ez gorde trapu zaharrak etxean kanpaina abiatu du 60 eta 70 urte bitarteko emakumeei indarkeria hori identifikatzen laguntzeko. Kanpaina horren helburua zera da: udalak halako kasuetan laguntzeko zer baliabide dituen adieraztea eta gizarteak errealitate horren berri izatea.

Silvia Mendez Irungo Berdintasun teknikariak esplikatu du indarkeria matxistaren biktima diren emakume askok berrogei urte baino gehiagoko harremana dutela beren erasotzailearekin eta «normalizatu» egiten dituztela hainbat jokabide. Teknikariaren hitzetan, jasaten duten biolentzia «emozionala» edo «ekonomikoa» izaten da, nagusiki, eta «kroniko» bihurtu ohi da. Kanpaina Gabonen ondotik aurkeztu zuten. Ez zoriz. Izan ere, Berdintasun Saileko bi kideek esan dute «ongi pentsatu» zutela noiz aurkeztu. «Data korapilatsuak dira Gabonak, harreman estuagoa izaten dutelako erasotzaileekin edota egoera biolento horiek eragin ditzaketen senideekin. Horregatik erabaki dugu data horien ondoren egitea».

Kanpainarako aukeratutako irudia ere ez da ausazko erabakia izan: 60 urtetik gorako andre bat ageri da argazkian, profil hori dutenei zuzendutako programa bat baita Ez gorde trapu zaharrak etxean. Kanpaina udalerrian zabaltzeko, hainbat gunetan jarri dituzte kartelok, hala nola autobus geltokietako markesinetan, komun publikoetan eta kaleko publizitate pantailetan. Adinekoentzako gizarte zentroetan ere jarri dituzte, izan ere, zentro horietako erabiltzaileen %86 emakumezkoak dira, eta Mendezek dio eurengana modu zuzenean iritsi ahal izateko balioko duela kartelak bertan jartzeak. «Frogatuta dago era naturalean joaten direla gizarte zentroetara, eta leku hori espazio seguru bilakatzeko modu bat ere izan daiteke». Izan ere, esan du asmoa dutela emakume haiengana iristeko «zubiak» sortzeko.

Kanpaina

Esaera zaharrak dio trapu zaharrak etxean garbitu behar direla. Mendezek, ordea, «indarkeria matxistaren trapu zaharrak» gizarteratu egin behar direla. «60 urtetik gorako biktima gehienek harreman luzea izan ohi dute erasotzailearekin, eta halako egoerak singularrak eta konplikatuak dira», adierazi du Berdintasun teknikariak. «Kasu gehienetan indarkeria jasaten dute denbora luzez, eta handia da horrek eragiten duen isolamendu soziala».

Irungo Udaleko teknikariak jakinarazi du indarkeria areagotu egiten dela erasotzaileak erretiroa hartzen duenean; beraz, egoera larriagotzen da. Eusko Jaurlaritzaren azterlan baten arabera, erasotzailea erretiratu ondotik hasten dira dependentzia egoerak, bai emakumeengan, bai erasotzaileengan. «Adin horietako emakumeek, gainera, askoz ere gehiago normalizatu dute jasan beharraren kultura, baita familia batuta mantentzearena ere», azaldu du Mendezek. «Osagai horiek okertu egiten dute haien egoera eta zaurgarritasuna». Adineko emakumeei buruzko estereotipoak apurtzeko beharra ere identifikatu du Berdintasun Sailak, ez baitute laguntzen egoera konpontzen. Estereotipoen arabera, 60 eta 70 urte bitarteko andreak «bihozberak eta hauskorrak» dira, eta sinesmen horiek «okertu egiten ditu biktimen egoera eta zaurgarritasuna».

Kanpainaren helburuetako bat da 60 urtetik gorako emakumeak euren kabuz ohartzea indarkeria matxista pairatzen ari direla. Eta, hain zuzen, horretaz jabetzeko lehen urratsak egiten lagundu nahi die udalak emakume horiei, baita indarkeria egoera identifikatu duten familiako kideei ere.

«60 eta 70 urte bitarteko emakumeek askoz ere gehiago normalizatu dute jasan beharraren kultura, eta horrek okertu egiten ditu biktimen egoera eta zaurgarritasuna»
SILVIA MENDEZ Irungo Udaleko Berdintasun teknikaria

Horretarako, Irungo Udalak hainbat baliabide ditu martxan, hala nola akonpainamendurako taldea, Irunen erroldatuta daudenentzako doako aholkularitza juridikoa eta indarkeria matxistaren biktimen taldea. Partekatu, eraldatu, jarraitu izena du biktimen taldeak, eta iazko azaroan sortu zuten, Irungo Emakumeen Etxean. Taldearen helburua da indarkeria matxista jasaten duten lagunen «bizi kalitatea eta ongizatea hobetzea». Astero biltzen dira esperientziak elkarri kontatzeko, eta psikologo baten laguntza izaten dute. Udalak uste du «etxeko errealitate gordinetik irtetea» dela gakoa, eta horretarako ezinbestekoa dela nork bere esperientziak partekatzea egoera bertsuan dauden beste emakume batzuekin.

Udalak abian dituen baliabideez gehiago jakiteko 943-50 51 52 telefonora dei daitekeela jakinarazi du Berdintasun Sailak.