Saioa Garmendia (Astigarraga, 1979) aditua da ongizate emozionalean eta emozioen kudeaketan. Gai horien gaineko hamaika ikastaro egin ditu, eta, hain zuzen ere, ikasitakoek bultzatu zuten ongizate emozionalari buruzko tailerrak ematera. Gipuzkoako hainbat udalerritan eman ditu tailerrak, eta egun Aizarnazabalen, Andoainen, Tolosan, Deban, Zumarragan, Berastegin eta Mutrikun ari da, besteak beste. Urtarrilaren 28tik apirilaren 8ra bitarte doako sei saio praktiko emango ditu Deban, eta bertaratzen direnen autoestimua hobetzea izango dute helburu. Saiook urtarrilaren 28an, otsailaren 11n, otsailaren 25ean, martxoaren 11n, martxoaren 25ean eta apirilaren 8an izango dira.
Zein da ematen dituzun tailerren helburua?
Tailerretara etortzen direnei ematen diet euren ongizate emozionala eta autozainketa ondoen zaintzeko behar duten guztia, euren egunerokotasuna hobetzeko baliabideak eskainiz. Tailerrek, besteak beste, etortzen direnen autoestimua hobetzea dute helburu, baita kontzientego bizitzen, dituzten arazoak modu egokian kudeatzen eta euren burua lasaitzen ikastea ere. Horretarako, beharrezkoa den oreka lortzeko eta euren barne ongizatea indartzeko baliabideak lantzen ditugu. Tailerretara etortzen direnek atseden hartzeko gune atsegin eta lagunkoia izatea gustatzen zait.
Zer dela-eta hasi zinen halako tailerrak ematen?
Ongizate emozionalaren gaiak beti piztu dit interes handia. Arlo horretako ikasketa ugari egin ondoren hasi nintzen trebatzen ongizate emozionaleko gaietan, eta gaur egun ikasten jarraitzen dut. Pertsonen ongizatea hobetzen laguntzeko hasi nintzen tailerrak ematen. Izan ere, hedonistegia bihurtu den gizarte batean bizi gara. Plazeraren bila ari gara etengabe, eta oinazea saihesten dugu kosta ahala kosta, baina oinazea bizitzaren parte ere bada, eta ezinezkoa da beti saihestea. Perfekzioaren bila aritzen gara etengabe, baina perfekziorik ez dago. Gainera, perfekzioa lortzen ez dugunez, frustrazioa sentitzen dugu.
Eta uste duzu jendea kontziente dela horretaz?
Oso modu inkontzientean bizi garenez, pilotu automatikoa jarrita egiten dugu aurrera, eta ez gara ohartzen nola gauden, zer behar ditugun, zer nahi dugun…
Zer egin behar da horretaz ohartzeko?
Horretarako gelditu beharra dago, eta hori da tailerretan egiten saiatzen naizena: saioetara etortzen direnei hobeto sentitzen eta lasaiago bizitzen erakusten ahalegintzen naiz, askotariko tresnak emanez.
«Tailerrekin, zaintzaren ikuspegia areagotu egin zitzaidan, eta orduan jabetu nintzen autozainketa kontzientea eta ongizate emozionala lantzearen benetako garrantziaz»
Hasiera batean, zaintzaileentzako tailerrak ematen hasi zinen.
Nire bizitza zaintza arloarekin lotuta egon da beti. Duela urte batzuk heriotzari buruzko ikasketa batzuk egin nituen, eta azkenetan zeuden gaixoen zaintzaileen beharrei buruz egin nuen tesina. Orduan ikusi nuen zaintzaileak nola dauden, zer behar dituzten… Horretaz jabetuta, zaintzaileentzako laguntza eta atseden tailerrak ematen hasi nintzen, haien beharren eta emozioen kudeaketan laguntzeko asmoz. Tailerren ibilbide hau hasi nuenean, zaintzaren ikuspegia areagotu egin zitzaidan, eta orduan jabetu nintzen autozainketa kontzientea eta ongizate emozionala lantzearen benetako garrantziaz.
Gero, zaintzaileez bestelako profilei zabaldu zenien tailerretara joateko aukera.
Bai. Ongizate emozionala eta autozainketa lantzen ditudanez, konturatu nintzen tailerrak beste profil batzuetako pertsonentzat ere lagungarriak izan zitezkeela. Gaur egun askotariko jendeari ematen dizkiot tailerrak: gazteei, haurrei, irakasleei, ikastetxeei, elkarteei, udalei, enpresetako langileei, profesionalak diren zaintzaileei eta profesionalak ez direnei.
Aditua zara ongizate emozionalean eta emozioen kudeaketan. Zerk eraman zintuen halako gaietan murgiltzera?
Betidanik izan dut halako gaien gaineko interesa. Urteak daramatzat ongizate emozionala hobetzeko ikasketa desberdinak egiten: emozioei buruzko ikasketak, inteligentzia emozionalari buruzkoak, kontrol mentalari buruzkoak, autoestimua hobetzekoak, psikologia positiboari buruzkoak, psikologia holistikoaren gainekoak, coach pertsonala izatekoak, mindfulness-ari buruzkoak…
Zer garrantzi du ongizate emozionalak?
Ongizate emozional ona izateak garrantzi handia du: gure harremanak hobetzen ditu, estresa kudeatzeko gaitasuna ematen digu, gure erresilientzia indartzen du, bizitzako aldaketak modu positiboan gainditzen laguntzen du, gure emozioak eta portaerak erregulatzen laguntzen du… Beraz, ongizate emozionala lantzeak eta sustatzeak gizarte osasuntsuago bat eraikitzen laguntzen du, eta pertsona bakoitzak bere potentzial osoa lortzeko aukera ematen du.
Horretarako garrantzitsua da nork bere burua zaintzea?
Bai. Nork bere ongizatea lortzeko autozainketa ere landu beharra dago, nork bere burua zaintzea funtsezkoa baita ongizate orokorra hobetzeko. Gure autozainketa lantzeak eta zaintzeak gure bizi kalitatea hobetzen du, eta emozioak modu osasuntsuan kudeatzen ere laguntzen du. Adibidez, meditazioaren, mindfulness-aren eta erlaxazio tekniken bitartez, estresa eta antsietatea murriztu ditzakegu.
Jendeak nork bere burua zaintzeari ematen dio behar duen garrantzia?
Orokorrean, ahaztu egiten gara egunerokoan geure burua zaintzeak duen garrantziaz. Modu inkontzientean eta oso erritmo azkarrean bizi gara, gauza asko ditugu egiteko eta ez dugu geure burua zaintzeko denborarik. Tarte bat hartzekotan, osasun fisikoa zaintzeko hartzen dugu, baina geure osasun mentalaz eta emozionalaz ahaztu egiten gara. Gizarteak garrantzi handia ematen dio osasun fisikoari, emozionalari ez bezala. Hortaz, ez digute erakutsi alde emozionala zaintzearen garrantziaz jabetzen.
«Modu inkontzientean eta oso erritmo azkarrean bizi gara, gauza asko ditugu egiteko eta ez dugu geure burua zaintzeko denborarik»
Zein da ongizate emozionala lortzeko gakoa?
Geure burua ezagutzea, gure emozioak hautematea eta emozio horiek adieraztea. Neurri batean, norbera da bere ongizatearen arduradun. Izan ere, bizitzak egoera desberdinen aurrean jartzen gaitu, eta hori ezin dugu guk kontrolatu, baina egoera horien aurrean hartu beharreko jarrera norberak erabakitzen du.
Zer-nolako laguntza ematen diezu zuk ongizate emozionala lortu nahi dutenei?
Nahi badute, euren bidelagun izango naiz. Tailerretara etortzen direnek hainbat onura jasotzen dituzte: autoezagutza, estresa murriztea, tresna praktikoak eta ongizate orrokorra. Badirudi horrelako tailerretara gaizki sentitzen garenean joan behar dugula, eta ez da hala. Ondo ez dagoenari lagundu egingo dio, eta ondo dagoenari hobeto egoten lagunduko dio. Umorea asko erabiltzen dugu tailerretan, Ekhart Tollek dion bezala, bizitza ez delako buruak sinetsarazten digun bezain serioa.