Eduardo Mokoroa omenduko dute urtarrilaren 31n Tolosan, kontzertu berezi batekin

Eduardo Mokoroa omenduko dute urtarrilaren 31n Tolosan, kontzertu berezi batekin

Euskal musikaren ondarearen «altxor handienetako bat» omentzeko kontzertu berezi bat antolatu du Tolosako Arakil fundazioak. Izan ere, Eduardo Mokoroa musikari tolosarra omenduko du urtarrilaren 31n Tolosan, Leidor antzokian, 19:30ean. Nerea Letamendia Arakileko lehendakariak esan du Mokoroaren lana ezagutaraztea dela helburua. «Gure asmoa ez da bakarrik herriaren iragana aitortzea, baizik eta belaunaldi berriek ondare hori ezagutu eta harekin gozatzea». Euskadiko Orkestrak kontzertu bat emango du egun horretan.

Euskal musika ondarea babesteko eta zabaltzeko sortu zuten Arakil fundazioa. Orduz geroztik, euskal konpositoreen musika aztertzen, eguneratzen eta digitalizatzen egiten du lan, eta aztergai dituzten obren artean dago Mokoroarena. Letamendiak kontatu du Tolosako Santa Mariako musika kaperak ospakizunetan konpositore horren piezak jo izan dituela, eta orain bi urte, Arakil fundazioak haren musikaren digitalizazio lan guztia bukatu zuenean, herritarrei zabaltzea erabaki zutela.

Digitalizazioari esker, Euskadiko Orkestrak Mokoroaren errepertorioa joko du, lehen aldiz. Angel Brizek orkestrarako propio moldatutako piezak joko ditu taldeak, «euskal musika tradizionala eta garaikidea uztartzen dituzten piezak», hain zuzen. Hala, bertan bilduko diren ikus-entzuleek «kultura musikalaren funtsa eta aberastasuna» ezagutzeko aukera izango dute.

Euskadiko Orkestrako joko duena partituraren instrumentazio lan handi bat dela esan du Oriol Roch orkestrako zuzendari nagusiak. Kontzertuaren lehen zatia Mokoroari eskainiko diote oso-osorik, eta bigarren zatian errepertorioa zabalduko dute, Jesus Guridi, Eduardo Moreno eta Jacques Offenbach konpositoreen obrak joko baitituzte.

Hamargarren aldia Tolosan

1982an sortu zuten Euskadiko Orkestra, Enrique Jordanen zuzendaritzapean. Taldea azkenekoz 2006an izan zen Tolosan, eta urtarrilaren 31koa bertan joko duten hamargarren aldia izango da. Behin, Kilometroak Gipuzkoako ikastolen jaian izan zen, eta behin baino gehiagotan parte hartu du musika klasikoko programetan, konpositore unibertsalen lanak interpretatzen. Zuzendari nagusiak aurreratu du «sorpresaz beteriko gaua» izango dela hilaren 31koa, eta, horien artean, «ustekabeko parte hartze bat» izango dela esan du. «Mokoroaren musika taularatzea ohorea da guretzat», dio Rochek. «Euskal kulturaren altxor handietako bati omenaldia egiteko aukera da».

Arakil fundazioak Euskadiko Orkestra gonbidatu izana eskertu du zuzendariak, eta gaineratu du orkestra entitate publikoa denez euskal musikaren ondarearen defentsa bultzatzen duten proiektu guztiak babestu behar dituela.

Goiuri Ezeiza Tolosako Kultura zinegotziak urtarrilaren 31ko ekitaldiaren garrantzia nabarmendu du, uste baitu ezinbestekoa dela ondarea zabaltzea: «Ondarearen kontserbazioa bermatuta dagoenean, hedatu egin behar da, balio hori ere galdu egin baitaiteke, eta zer hoberik horrelako kontzertu batekin hedatzea baino». Kultura zinegotziari iruditzen zaio gisa horretako ekitaldiek aukera ematen dutela euskal kulturaren historiari balioa emateko. «Mokoroaren lanak oholtzara eraman eta gure ondareaz gozatzeko aukera izango dugu». Sarrerak eskuragarri daude Tolosako Udalaren webgunean eta Leidor antzokiko leihatilan.

Mokoroaren obra

Eduardo Mokoroaren obra sakonago aztertzeko, Eduardo Mocoroa (1867-1959): Pasado, presente y futuro de la música en Tolosa izeneko hitzaldia eskainiko du Luis Orduña ikerlariak urtarrilaren 28an, 19:30ean, Tolosako udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Orduñak Mokoroaren lanak eta haren garaiko tradizioen arteko loturak aztertuko ditu hitzaldian, baita Tolosako eta Euskal Herriko ondare kulturalarekin zuen harremana ere. «Mokoroa iraganeko musikagilea da, eta oso gazte zela hasi zen musika munduan», kontatu du ikerlariak. «Felipe Gorritik Tolosako kaperako maisu plaza lortu eta hilabete eskasera jaio zen Mokoroa. Gorritiren lana funtsezkoa da Mokoroaren ibilbidean, erreferente bat zelako nazio mailako musikan, bai eta Mokoroarentzat maila pertsonalean ere. Mokoroa ikasketa eta prestakuntza garaian zegoela, Gorritik haren obretako bat interpretatu zuen».