Liburutegiko ele oro argitara ekartzea xede

Liburutegiko ele oro argitara ekartzea xede

Azpiegitura eta aurrekontu handirik gabe egitasmo duin eta interesgarriak egin daitezke, eta azken urteotan horixe ari dira erakusten Getariako udal liburutegian. Berez, Eusko Jaurlaritzak ezarritako erratioen arabera, udala ez dago behartuta liburutegia edukitzera, baina Getariak ere badu, eta Andoni Olaetxea eta Maria Martinez liburuzainek «mimoz» hartzen dituzte herriko haurrak eta gaztetxoak. Ikasturtero gai bat aukeratu, eta horren bueltan hainbat ekintza antolatzen dituzte haientzat. Ikasturte honetan eleaniztasuna jorratzea erabaki dute, Ele, eleaniztunak al gara Getarian? izenburupean. Olaetxeak azaldu duenez, bere lankidea eta biak harrituta zeuden liburutegian aditzen zuten hizkuntza aniztasunarekin, eta horrexegatik aukeratu dute eleaniztasunaren gaia. «Getaria herri oso euskalduna da, eta liburutegian euskara da nagusi, baina ikusi genuen beste hizkuntza asko ere erabiltzen zirela; batez ere, arabiera eta errumaniera».

Liburutegiko arduradunei iruditzen zaie eleaniztasuna «oharkabean» pasatzen dela euren lantokian, nahiz eta bertara joaten diren haurrek askotariko hizkuntzak erabili. «Eskolan sakonago landuko dutela pentsatzen dugu, baina Maria lankideak proposatu zidan liburutegian ere jorra genezakeela gaia», esan du Olaetxeak. Egitasmoaren helburua da «eleaniztasuna mahai gainean jartzea» eta haurren eleaniztasuna «naturalizatzea», herrian tokia izan dezan.

«Eleaniztasunaren gaia sakonago landuko dute eskolan, baina pentsatu genuen liburutegian ere jorra genezakeela gaia»
ANDONI OLAETXEA Getariako udal liburutegiko liburuzaina

Azaroan abiatu zuten egitasmoa, eta zazpi ekintzako programa bat prestatu dute maiatzera bitarte. Jada hiru egin dituzte, eta otsailaren 27an egingo dute laugarrena: eleaniztasunari buruzko ihes gela. «Aurreko ikasturtean Getariak itsasoarekin duen lotura landu genuen, eta hori lantzeko egindako ihes gela oso arrakastatsua izan zen», adierazi du Olaetxeak. «Aurtengora ere haur eta gaztetxo asko etorriko direla uste dugu, eta iazkoa liburutegi barruan egin genuen, baina pentsatzen ari gara herrian egitea».

Oraindik lantzen ari dira, baina astelehenetik aurrera izango da ihes gelan izena emateko aukera, liburutegian bertan. «Izena ematea beharrezkoa da, baina ez dugu inor kanpoan utziko, eta bi saio egin behar baditugu, bi egingo ditugu». Olaetxea liburuzainak gaineratu du ideia ez dutela hutsetik hasi; izan ere, Hondarribiko liburutegian ere egiten dituzte halako ekintzak, eta, Olaetxeak hango liburutegian ere lan egiten duenez, Getarian proba egitea pentsatu zuen. 

Orain arte egin dituzten hiru ekintzetan, ipuin kontaketa eta ipuinen marrazketa saioak egin dituzte. Film baten proiekzioa antolatu zuten hirugarren jarduera gisa, baina argindar arazo bat zela-eta ez zuten egin. Otsailaren 27ko saioaren ondotik, idazketa, joskintza eta antzerki tailerrak egingo dituzte, hurrenez hurren. «Ez dakigu zergatik, baina Getariako umeak oso antzerkizaleak dira», esan du Olaetxeak. «Garai batean ostiralero egiten genituen liburutegian antzerki emanaldiak».

Liburuen hizkuntzak

Liburutegiko erabiltzaileak errumanieraz eta arabieraz ere entzuten dituzte Olaetxeak eta Martinezek, eta, horregatik, hizkuntza horietan idatzita dauden liburuak eskaini nahi dizkiete herriko haurrei eta helduei. Dena dela, Olaetxeak aitortu du ez dela erraza, liburutegiaren aurrekontu mugatuagatik eta hizkuntza horietako argitalpenak eskuratzea ez delako erraza. Horregatik, jakinarazi du liburutegi handiagoekin ari direla lanean, haiei esker maileguan hartzen baitituzte liburu batzuk.

EGITARAUA

Otsailak 27, osteguna: Scape Room saioa 6-12 urte arteko haur eta gaztetxoentzat.

Martxoak 25, asteartea: Ipuinaren Fabrika idazketa tailerra 8-12 urte arteko gaztetxoentzat.

Apirilak 14, astelehena: joskintza tailerra.

Maiatzak 29, osteguna: antzerki tailerra.