Etorkizun jasangarriago baterako bidean

Etorkizun jasangarriago baterako bidean

Urtea hastearekin batera, Donostian martxan jarri dute ibilgailuen emisio gutxiko eremuaren (EGE) sistema, eta, beraz, baita kontrol kamerak ere. Amararako, Erdialderako eta Parte Zaharrerako sarbidea mugatu diote hainbat ibilgailuri. Udalak abenduan argitaratu zuen ordenantza, baina orain arte ez ditu bideokamerak erabili. Araudia jada indarrean dagoen arren, hura hausten dutenek ez dute isunik jasoko oraindik; jakinarazpen bat besterik ez zaie iritsiko. Martxoaren 1etik aurrera berrehun euroko isuna ezarriko diete arau hausleei.

Europako Batasunaren lege batek dio 50.000 biztanletik gorako udalerriak emisio gutxiko eremu bat mugatu behar dutela. Legea betetzen ari direla azaldu du Iñigo Garcia Donostiako Ingurumen zinegotziak. Klima aldaketaren ondorioak arintzen laguntzeko, helburua airearen kalitatea hobetzea eta zarata eta atmosferarako emisio kutsatzaileak murriztea dela dio Garciak. Iruñean eta Bilbon ordenantza indarrean dago dagoeneko, eta bi hirietan ondorio positiboak atera dituztela azpimarratu du: «Emisio gutxiko eremua martxan jarri den hirietan, batez beste %40 murriztu dira atmosferara isurtzen diren gas kutsagarriak, eta guk ere halako emaitzak lortu nahi ditugu».

Ingurumen zinegotziak adierazi du mugikortasun atseginagoa lortu nahi duela udalak, arnasten den airearen kalitatea «nabarmen hobetzeko». «Horrela, gure osasunari mesede egingo diogu; batez ere, asma, alergiak edo arazo kardiobaskularrak dituztenen osasunari». Gainera, haren esanetan, errekuntza motor zaharrenak dituzten ibilgailuei sarbidea mugatuz gero, zarata eta atmosferara isurtzen diren gasak murriztu egingo dira. Horrez gain, hiri mugikortasun iraunkorra bultzatu nahi dutela esan du: jendeak bizikletak, Topoa eta autobusak gehiago erabiltzea lortu nahi dute.

Bi fase

Emisio gutxiko eremuaren sistemaren aplikazioak bi fase izango ditu. Lehenengoak 2027ra arte iraungo du, eta ingurumen etiketarik ez duten ibilgailuak ezingo dira eremuan sartu. Bigarren fasea 2028an jarriko dute indarrean, eta B etiketadun ibilgailuak ere ezingo dira sartu.

Egongo da salbuespenik: ibilgailuen jabeek baimen berezi bat eskatu ahal izango dute, baldin eta eremu barruko bizilagunak badira, profesionalak badira edo desgaitasunen bat badute, eta, baldintza horiez gain, 70 urtetik gora badituzte. Hiritarrek hiru baimen mota eskatu ahalko dituzte: baimen iraunkorra, aldi jakin baterako baimena eta noizean behin sartzekoa. Bigarren fasean, etiketarik gabeko ibilgailuei ez diete inolako baimenik emango.

Ez da beharrezkoa izango ingurumen etiketa edo bereizgarririk ibilgailuan jarria izatea, baina nork bere ibilgailua zein kategoriatakoa den jakin beharko du; batik bat, eremura sar daitekeen edo ez jakiteko. Dena dela, aurrez abisatuko dute EGE eremua non hasten den, seinaleen bidez, eremura sartu aurretik jakiteko ibilgailuak sartzeko baimena duen edo ez.

Gainera, kontrol kamerek automatikoki irakurriko dute ibilgailuaren matrikula EGEko sarbideetan. Datu horiek Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren datu basekoekin alderatuko dituzte. Ibilgailuak sarbidea mugatua badu, berrehun euroko isuna jarriko diote jabeari. Arau haustea behin baino gehiagotan gertatzen bada, zenbateko hori %30 areagotu daiteke.

Arreta bulegoa zabalik

Lehenengo hilabeteetan ohikoa da hiritarren artean nahasmena eta zalantza ugari sortzea. Horregatik, Donostiako Udalak arreta bulego bat ireki du. Amara auzoko Arroka plazako 5. zenbakian dago bulegoa, eta astelehenetik ostiralera dago zabalik, 09:00etatik 14:00etara. Asteazkenetan, 16:00etatik 18:00etara ere irekiko dute. Lau arreta gune izango ditu, eta herritarrei EGEren inguruko informazioa eskainiko die. Webgunean ez ezik, bulegoan bertan ere aukera egongo da izapideak egiteko, aurrez aurre.

Telefono bidezko arreta ere eskainiko du udalak. Laguntza birtualeko sistema bat gaitu du, hiritarrei arreta eman ahal izateko bulegoko zerbitzua erabilgarri egongo ez balitz edo bestelako arazoren bat egongo balitz ere.

Udalaren webgunean ere egin daitezke ohiko kontsultak. Esate baterako, nahikoa da matrikula zenbakia jartzea ibilgailua eremuan sar daitekeen edo ez jakiteko. Gainera, webgunean bertan kudea daitezke isunak eta eska daitezke baimenak.

nori eragingo dio?

 

 

SARBIDE LIBREA IZANGO DUTEN IBILGAILUAK

Bizikletak, zikloak eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak.
CERO/ECO/C/B ingurumen etiketa duten ibilgailu motordunak edo ziklomotorrak (B etiketa mugatuta egongo da bigarren fasean).
DGTk historikotzat jotzen dituen ibilgailuak.
EGEn erroldatutako pertsonen ibilgailuak, baldin eta DGTn erregistratutako helbidea EGEn kokatuta badago.

 Bigarren fasean ez dira etiketarik gabeko ibilgailuak baimenduko, 70 urtetik gorako egoiliarrentzat izan ezik.

EGEn erroldatuta ez dauden baina salbuespenezko TAO baimenak dituzten pertsonen ibilgailuak:

Mugikortasun urriko pertsonek gidatzen dituzten ibilgailuak (MM).
Jarduera ekonomikoekin lotutako ibilgailuak.

Taxiak eta gidaridun garraio ibilgailuak (bigarren fasean ez diete etiketarik gabeko ibilgailuei baimenik emango).

SARBIDE LIBREA EZ DUTEN IBILGAILUAK

 

EGEn sartzeko bi baimen eskatu ahal izango dituzte:

Baimen iraunkorra.
Aldi jakin baterako baimena.