Goierri BarNETik eskualdearen etorkizunerako elkarlan sarea sortu dute Goierri beheko 34 eragilek. Urtarrilaren 22an egin zuten lankidetza hitzarmenaren sinadura ekitaldia, Mutiloako udaletxean, eta bertan izan ziren proiektuaren parte diren erakundek guztiak. Aurkezpenean, Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak, Adur Ezenarro Ordiziakoak eta Leire Artola Beasaingoak eman zituzten hitzarmenaren gaineko xehetasunak. Eragile batzuetako ordezkariek ere hartu zuten hitza, hala nola Goienerreko Agurtzane Allurrek, Goierriko Caritaseko Ainhoa Etxabek, CAFeko Aitor Imazek, Goimeneko lehendakari Iñaki Elgarrestak eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak.
Goierri BarNETik sortzeko prozesua 2020an abiatu zuten, lankidetzarako beste gobernantza eredu bat sortzeko helburuarekin. Ezenarro Ordiziako alkatearen esanetan, gaur egungo garaien «konplexutasunari» erantzungo zion «beste harreman sistema bat eraikitzeko beharra» ikusi zuten eskualdean. Goierri BarNETik sareak hainbat faktore hartu nahi ditu aintzat: trantsizio energetikoa, eskualdeko landa garapena, erronka demografikoa, euskara eta zaintza. Alor horietan eragiteko, ezinbestekotzat jotzen dute eskualdeko eragileak «konektatzea» eta «elkarlana sustatzea». Bost urte pasatu dira proiektua aurkeztu zutenetik, eta sortzaileek esan dute «pixkanaka» joan direla «ehuntzen».
«Agerian gelditu da hainbat eragile elkarrekin lan egiteko prest gaudela, baina hemendik aurrera lan asko izango dugu egiteko»
IÑAKI UGALDE Mutiloako alkatea
2020an, hainbat elkarrizketa abiatu zituzten eragile publiko, pribatu eta komunitarioekin, baita Goierriko herritarrekin ere. 2021eko azaroan, eskualdeko hiru ardatzi elkarlanean heltzea adostu zuten: energia auziari, landa garapenari eta zaintzari. 2022ko maiatzean, Goierriko 157 biztanleri egindako elkarrizketen emaitzak jaso zituzten, eta ikusi zuten adostutako ardatzak bat zetozela herritarren kezkekin. 2023ko irailean, hiru alor horietan eragiteko lanketa eredua adostu, eta eskualdean eman zuten asmoaren berri. Iazko abenduan, lankidetza hori arautzen duen hitzarmena prestatu zuten, eta, hain zuzen ere, hitzarmen hori da urtarrilaren 22an Mutiloan sinatu zutena.
Txikitik handira
Artola Beasaingo alkateak joan den asteko ekitaldian esan zuen 2020an eskualdeko eragileekin abiatu zuten prozesuan argi ikusi zutela ordura arteko «arkitektura instituzional eta lankidetzazkoa» ez zela nahikoa erronka konplexuei erantzuteko. Artolak gaineratu zuen orduko hartan agerian gelditu zela «abiadura desberdinetako Goierri bat» garatzeko kezka; alegia, iruditu zitzaien goierritarren arteko desberdintasunak «gero eta nabarmenagoak» zirela. Etxabe Goierriko Caritaseko ordezkariak ideia bera nabarmendu zuen ekitaldian: «Proiektu honen helburu nagusia da enpresa txikienetik hasi eta handienera arte eragitea, baita bizi baldintza onenak dituzten pertsonetatik pobrezian bizi direnetaraino iristea ere». Gainerako eragileek ere datozen urteetako planaren inguruan hitz egin zuten Mutiloan, eta denek azaldu zuten proiektuaren elkarlanean sinisten dutela. «Ea gai garen norbere interes propioetatik haratago lan egiteko eta elkarlanari pisu handiagoa emateko», esan zuen Maiz CAFeko ordezkariak.
Ugalde Mutiloako alkatearen hitzetan, hitzarmena sinatzea «proiektuaren hasiera» baino ez da: «Agerian gelditu da hainbat eragile elkarrekin lan egiteko prest gaudela, baina hemendik aurrera lan asko izango dugu egiteko». Erantsi zuen «oso interesgarria» dela herri txikiak gisa horretako proiektu baten parte izatea: «Proiektu honek herri txikiei modua ematen die lehenago izan ez duten leku bat izateko». Ugalderekin bat dator Mendoza ahaldun nagusia; adibidez, iruditzen zaio ez dela kasualitatea hitzarmenaren sinadura ekitaldia Mutiloan egin izana: «Begirune ariketa baten aldarria iruditzen zait Mutiloan elkartu izana, dagoen lekuan dagoela ere, herri bakoitzak bere lekua baitauka».