Ateak zabaldu, sarea ehuntzeko

Ateak zabaldu, sarea ehuntzeko

Emakume etorkinentzako elkargunea sortu dute Zarautzen herriko Emakumeen Etxeak eta SOS Arrazakeriak. Elkargunearen helburua da emakume etorkinei laguntzea eta herritarren arteko sarea eratzea, besteak beste. Asteartero bilduko dira Emakumeen Etxean, eta joaten den orok izango du bizipenak kontatzeko, zalantzak plazaratzeko eta jende berria ezagutzeko aukera. 16:30etik 18:30era elkartuko dira, asteartetan, baina antolatzaileek argitu dute ordutegiarekin «oso malguak» izango direla. Horrenbestez, ordu tarte horretan modua egongo da norberak nahi duenean eta ondoen datorkionean batzeko saiora.

Gloria Vazquez Zarauzko Udaleko Berdintasun zinegotziak azaldu du ezen, inguruko herri batzuetan bezala, Zarautzen beste herrialde batzuetatik etorritako andre «asko» dagoela. Etorkinak Emakumeen Etxera «erakartzeko» asmoz, udalak zenbait proiektu gauzatu ditu azken urteotan, hala nola Lotura emakumeok programa, eta Emakumeen Etxea asteburuetan eta jaiegunetan ere irekitzea. Emakume etorkinentzako elkargunearen sorrera da abiarazi duten azken proiektua, eta bi aste daramatza martxan.

Marling Castillo SOS Arrazakeria elkarteko kidea, Irati Baroja Zarauzko Udaleko Berdintasun teknikaria eta Gloria Vazquez Berdintasun zinegotzia, asteartean, Zarauzko Emakumeen Etxean. ZARAUZKO UDALA

Marling Castillo SOS Arrazakeria elkarteko ordezkariak esan du Zarautz ez dela proiektu hau gauzatu duen Gipuzkoako aurreneko udalerria. Izan ere, Errenterian, Irunen, Donostian eta Tolosan urteak daramatzate egitasmo bera egiten. Castillok ontzat jo du proiektuak udalerri horietan izan duen harrera: «Udalerri bakoitzean ehun lagun baino gehiago ari dira biltzen saioko».

Zarautzen, besteak beste, herritarrek egindako eskaerek bultzatu dute egitasmoa abiatzea. «Proiektua Emakumeen Etxean hasteko eskatu ziguten saioen berri zuten hainbat lagunek», esan du SOS Arrazakeriako ordezkariak. Zarautzen bizi diren etxeko langileen iritziak bildu zituzten ondoren, eta horiek bilduta, «garrantzitsua» bezain «beharrezkoa» iruditu zitzaien emakume etorkinentzako elkargunea zabaltzea.

Espazio segurua

Vazquezek esan duenez, emakume etorkinek beren jatorrizko herrialdearen eta gaur egun bizi diren herrialdearen «presio etengabeei» aurre egin behar izaten diete sarri, bai eta beste kultura batean integratzeko ahalegina egin ere. Gaineratu du andre etorkinek oro har «lan baldintza gogorrak» izaten dituztela.

Berdintasun zinegotziak argitu du horretarako sortu dutela, hain zuzen, emakume etorkinentzako elkargoa: «Laguntzeko ahalmena dugu guk, eta, horregatik, emakume guztiei eskaintzen dizkiegun baliabideak ezagutzeko zabalduko ditugu Emakumeen Etxeko ateak, salbuespenik gabe».

«Laguntzeko ahalmena dugu guk, eta, horregatik, emakume guztiei eskaintzen dizkiegun baliabideak ezagutzeko zabalduko ditugu Emakumeen Etxeko ateak, salbuespenik gabe»
GLORIA VAZQUEZ Zarauzko Udaleko Berdintasun zinegotzia

Horrenbestez, Vazquezek dio Emakumeen Etxean egingo dituzten saioen bitartez emakume etorkinak gizartean integra daitezen eta Zarautzen egoera hobea izan dezaten egingo dutela lan. Horretarako sortu dute «denak ongi etorriak izango diren espazio ireki» hori, norberak «askatasun osoz nahi duena» konta dezan. Izan ere, haren hitzetan, parte hartzaile guztien zalantzak eta kezkak argitzeko  balioko dute saioek, baita albokoarekin hitz egiteko eta harremanak sendotzeko ere. «Antzeko egoerak bizi dituztenekin hitz egitea aberasgarria izan daiteke». Zalantzak argitzeko, gainera, adituen laguntza izango dutela jakinarazi du.

Castillok uste du elkargunearen funtzioa garrantzitsua dela. «Espazio seguruak dira saioak, eta etortzeko asmoa duten guztiek jakin behar dute eurek nahi duten guztiaz hitz egin dezaketela, eta entzuteko eta laguntzeko prest gaudela gu».

Babes sareak zabaltzea ere ezinbestekotzat jotzen dute antolatzaileek. «SOS Arrazakeriarentzat garrantzitsua da Gipuzkoan emakume etorkinei laguntzeko sarea zabaltzea, haien ongizate integrala sustatuko duten topagune komunitarioak sortzeko eta finkatzeko», adierazi du elkarteko ordezkari Castillok.