Akordatzen naiz nola otsailaren lauan, urtero-urtero, arratsaldeko hirurak aldera, gure eskolako irakasle hark hurritz-makila zerura jasotzen zuen. Ikasle den-denok isildu behar ginela esan nahi zuen hurritz-makilaren jasotzeak. Gainerako irakasleek keinuka adierazten ziguten begiratzeko hara, hatz erakuslea eramaten zuten «ixo» antzeko soinu bat zerien ezpainetara; lortzen zuten gutako gehien-gehienok berriketari uztea. Jartzen genuen tente gure makila, heltzen genion adorez eskutxoarekin, eta oihu ozena egiten zuen irakasle gidariak, hurritz-makilarekin lurrean kolpea fuerte emanez: «Arratsalde on!».
Hortik aurrera, txintxoagoak ematen genuen denok. Buruz ikasitako bi-hiru koplak altu kantatzen genituen, hurritz-makilaren konpasari segika: «Zorion, etxe hontako denoi/ oles egitera gatoz/ aterik ate ohitura zaharra/ aurten berritzeko asmoz…». Eta bukatutakoan, kalejiran abiatzen ginen herriko beste tokiren batera, eta han berriro: «Arratsalde on!». Kantuan igarotzen genuen otsailaren lauko arratsaldea, urtero-urtero. Eta eskolatik alde egitearekin batera utzi genuen hori dena.
Geroztik, lurrari emandako kolpeak bestelakoak izan dira guretzat: Abiadura Handiko Trena, hirietako metroak, erraustegiak, urtegiak, museoak, gasbideak, subflubialak, parke eolikoak, meategiak, eguzki parkeak, golf zelaiak, txaletak, luxuzko hotelak… Kolpekatu, zulatu, eraitsi, irentsi dituzte herriak, mendiak, hiriak, auzoak, erreserbak, haranak, etxeak, ekosistemak, bizitzak. Eta igaro gara lurrari kantuz dei egitetik lurraren alde oihu egitera, borroka egitera. Den-denok isildu behar garela esan nahi digu hainbatek, gelditzeko, errenditzeko haien hatz erakuslearen aurrean, uzteko makinei lanean, alferrik ari garela ezertan, nahi dutena egingo dutela. Baina makroproiektuz estali nahi duten lur zabal-zabal honetan, makilarik askatu gabe segitzen dugu altu esanez, toki batean behin eta hurrengo tokian berriro, Tatxersek eta Olaia Inziartek gogora ekarri duten eran, «lur hau guztia landu dutenentzat». Ez gara-eta irakasleen aldameneko ikasle haiek; orduan txintxoagoak ematen genuen denok.
Aurten, aspaldiko partez, otsailaren 4an, jarri dugu tente hurritz-makila, heldu diogu adorez eskuarekin, eman diogu kolpea fuerte lurrean, kantatu ditugu altu kopla zaharrak eta berriak, esna dadin dei egin diogu lurrari, badator udaberria
Badira berritzen ez diren ohiturak; lurraren defentsaren kriminalizazioa, adibidez. Aterik ate ohitura zaharrak berritzeko asmoz gabiltzanok, baina, sinetsi behar dugu horrelaxe aldatuko ditugula gauzak. Jendetza batu zen lehengo larunbatean Iruñeko atean, Aroztegiko auzipetuak absolbitzeko eta proiektu espekulatzaileak eta suntsitzaileak gelditzeko eskatzeko. Datorren asteartean, otsailaren 11n, elkarretaratzea egingo da Baionan, Cade, ELB, Lurzaindia, Nahi Dugun Herria eta Ostia erakundeek deituta, lurraren hiru defendatzaileren kontrako epaiketa salatzeko; beste ate bat, joan eta denok batera altu esateko «lurraren defentsan kriminalizaziorik ez!». Horrelaxe aldatuko ditugu gauzak.
Udaberria esnatzeko izan daitezela lurrari emandako kolpeak. Aurten, aspaldiko partez, otsailaren 4an, jarri dugu tente hurritz-makila, heldu diogu adorez eskuarekin, eman diogu kolpea fuerte lurrean, kantatu ditugu altu kopla zaharrak eta berriak, esna dadin dei egin diogu lurrari, badator udaberria. Eta aldarri egin dugu, bide batez, lurraren gainekook ere segitu dezagula esna. Lur zabal-zabal eta eder-eder hau dugu defendatzeko.