Ikuzi, garbitu, kalitu

Euskara batuak martxa hartu zuenean makina bat hitz asmatu zituen, batez ere etxeetan berriak ziren tresna elektrikoak izendatzeko. Telebista, hozkailu, xurgagailu eta abarrak bataiatu behar ziren hizkuntza moderno eta eraginkorra nahi izanez gero. Albo batera laga behar ziren Hegoaldean eta hizkera formalerako telebisi(ñ)o, nebera/frigorifiko, aspiradora berbak, nahiz eta horrela jarraitu izendatzen intimitatean. Denen artean, izen bereziena ikuzgailua zen, oraingo arropa garbigailua. Mendebaldeko euskaldunok Z hizkia S ahoskatzen dugunez, haluzinatu egiten genuen ikuzi horrekin, eta txisteak ere egiten ziren; ate biribil gardena erdian izanda, arropa ikusi egiten zenez, horregatik jarri ote zioten izena, ikusten zelako. Ez, horratio. Denborarekin ikasi nuen ikuzi Zuberoan urez garbitzea dela, gaztelaniazko lavar. A! Logika bazuen, bai. 

Azken asteburuan Trumpek ahots betean adierazi du Gaza garbitu behar dela. Jakina ―pentsatu nuen―, Israelen bonbardaketek eragindako txikizioa garbitu behar da, gazatarrek etxeak, eskolak, ospitaleak berreraiki ditzaten, hondakinen artean dauden gorpuak atera eta ehortzi. Batzuetan garbitu, besteetan ikuzi, zalantza dut. Baina hurrengo esaldiak katakrak laga ninduen: Trumpek Jordania eta Egiptori eskatu die gazatarrak har ditzaten, guztiz garbitzeko zerrenda. Hobeto aditu nuen, garbiketak ez zuen txukuntasunarekin eta higienearekin zerikusirik, beste garbiketa bat gura du; garbiketa etnikoa, hain zuzen ere. 

Argi neukan aberats ustelek sekula ez dutela ikuzgailurik erabili, garbiketa etnikoaz gain, ez dakitela zer esan nahi duen ‘garbitu’ aditzaren lehen adierak, inoiz ez dutelako praktikatu, beti izan dutelako norbait horrelako lanak egiten, euren zerbitzura

Trumpena irratian entzun nuen. Berrien kontakizun luzea zen, eta hurrengo albistean argitu ziguten astelehenean beteko zirela 80 urte Sobiet Batasuneko Armada Gorriko soldaduak Auschwitz kontzentrazio-esparruan sartu zirela, eta euren begiekin ikusi zutela bertan gertatutako ankerkeria. Han ere naziek dutxetara sartzen zituzten bahituak garbitzeko premia zutela adierazita. Bai, garbiketa, baina kasu horretan ere etnikoa eta politikoa burutu nahi izan zuten alemaniarrek; juduak ez ezik, ijitoak, prostitutak, homosexualak, Jehovaren lekukoak, preso politikoak… ere erail zituztelako.

Hil, akabatu, kalitu… garbitu. Euskaraz lagun artean garbitu hitza erabiltzen dugu erail esateko. Gure hizkuntzatik hobeto uler litezke AEBetako lehendakari berriaren asmoak. 

Orain ondo konprenitzen da presidente horren akolitoak (akolito edo zuzendari exekutiboa?, zalantza dut) kargu-hartze ekitaldiaren ostean eskumako besoarekin egindako jestua. Argi utzi zuen abiapuntua, etorriko dena sorpresaz har ez dezagun. Abisatuta gaude, jakinaren gainean.

Abisuak abisu, argi neukan aberats ustel horiek sekula ez dutela ikuzgailurik erabili, garbiketa etnikoaz gain, ez dakitela zer esan nahi duen garbitu aditzaren lehen adierak, inoiz ez dutelako praktikatu, beti izan dutelako norbait horrelako lanak egiten, euren zerbitzura. Ausartuko nintzateke esatera hainbeste molestatzen dituzten migratzaile horiek izan direla aberats okitu horien bizi-mantenu lanak ase dituztenak, isilean eta menpeko. Horiek garbiketa (erail zentzuan) etnikora kondenatu ez, baina deportazio masiboek badute garbiketa etnikotik asko; zuria ez den kolorea nagusitu ez dadin. Badakizue koloreko arropa bokata zurian sartuz gero zuritasuna galtzen dutela oihalek!

Hamaika ikuzteko jaio dira!