Lazkaoko Maizpide euskaltegia munduko hainbat txokotako jendearen topalekua da. Besteak beste, Japoniatik, Ameriketatik eta Australiatik joaten dira hara. Ezaugarri askok desberdintzen ditu, baina helburu bera dute: euskara ikastea. Euskal Herritik kanpoko jendea ez ezik, Euskal Herriko bertako hainbat lekutatik joaten da jendea Maizpidera euskara ikastera. Horietako askok, euskal jatorria duten arren, etxean ez dute euskara ikasi, eta, hain zuzen ere, horrek bultzatu ditu gehienak euskara ikastera. Beste batzuek hizkuntzak liluratuta erabaki dute euskara ikastea, eta bada lanean euskaraz jakitea eskatzen diotelako ikasi duenik ere. Arrazoiak arrazoi, Maizpideren helburua da bertara joaten direnei euskaraz bizitzeko tresnak eskaintzea. Gaur egun 70 bat lagun ari dira han euskara ikasten, eta horietatik hamasei Ipar Euskal Herrikoak dira.
«Nahiz eta maila desberdinetako jendea egon, denok ahalegintzen gara euskara bultzatzen eta elkarri laguntzen»
LOUIS LARRALDE Lazkaoko Maizpide euskara barnetegiko ikaslea
Ainhoa Arratibel Maizpideko irakaslearen esanetan, azken urteotan Ipar Euskal Herriko jende askok eman du izena Maizpiden. «Abenduan, adibidez, ikasleen %30 ziren Ipar Euskal Herrikoak». Arratibelek azaldu du gehienak euskaraz ikasteko eta bizitzeko helburuarekin joaten direla barnetegira, inguruan ez dutelako horretarako aukera handirik. «Iparraldean, erakundeetan eta eskola publikoetan, gure hizkuntzaren egoera ez da hain ona, eta, hori dela eta, askorentzat Hegoaldera etortzea da euskaraz ikasteko biderik onena».
Iparraldetik hegoaldera
Frantxoa Rambaud eta Louis Larralde euskara ikasteko nahiak bultzatu ditu Maizpidera. Bordelekoa da Rambaud, baina Hendaian bizi da egun. Larralde, berriz, Uztaritzen jaioa da, eta Larresoron bizi da. Orain Maizpide barnetegian daude denboraldi baterako, euskara ikasten. Larralderi aspaldi piztu zitzaion ikasteko gogoa, eta, Uztaritzeko gau eskolan (Lapurdi) eta udako barnetegi batean ibili ondotik, Lazkaoko barnetegira joatea erabaki zuen, euskara ikasteko modu «eraginkor» eta «apropos» baten bila. Lehen aldia du Maizpiden, eta sei hilabetez egongo da bertan. Euskaldunak ditu aitona-amonak, baina haiek ez zieten euskara irakatsi ondorengo belaunaldiei, eta, beraz, Larraldek ez zuen euskara ikasteko aukerarik izan umetan. Maizpideko esperientzia «biziki ona» izaten ari dela dio, eta ikasleen eta irakasleen arteko «errespetuzko harremana» gustuko du gehien. «Nahiz eta maila desberdinetako jendea egon, denok ahalegintzen gara euskara bultzatzen eta elkarri laguntzen».
«Orokorrean, Hegoaldean aukera gehiago dago euskara ikasteko, eta horregatik etortzen gara Maizpidera»
FRANTXOA RAMBAUD Lazkaoko Maizpide euskara barnetegiko ikaslea
Rambaud euskararenganako duen «maitasunak» bultzatu du Maizpide barnetegira. «Euskara ikasi eta euskaraz bizitzeko» asmoz joan da. Larralderen gisan, lehenengo aldia du Maizpiden, baina aurreneko urratsak Foruko (Bizkaia) AEKren barnetegian egin zituen euskara ikasteko, duela hamar bat urte. Orain, bere euskara hobetzeko eta praktika ez galtzeko joan da Maizpidera. Urrian hasi zituen eskolak, eta zortzi hilabetez egongo da. Jatorri euskalduneko sustraiak ditu Rambaudek ere, aitona Irungoa, amona Oiartzungoa eta ama Berriatukoa (Bizkaia) baitzituen. Aitortu du «oso gustura» dagoela Maizpiden, eta «euskarari ematen zaion lehentasuna» du gustukoena, baita bertako ikasleen eta irakasleen «adeitasuna» eta «begirunea» ere.
Euskaraz bizitzeko aukera
Hizkuntza batek iraun dezan, ezinbestekoa da beste hizkuntzen mehatxurik gabe sentitzeko inguruak izatea; hizkuntzak nolabaiteko arnasguneak izatea, alegia. Arratibel irakasleak dio Maizpidek eta zehazki Lazkaok «euskaran murgiltzeko aukera» ematen dutela, eta horixe dela ikasleei gehien gustatzen zaiena. «Nahi izanez gero, 24 orduz euskaraz aritzeko aukera duzu hemen», adierazi du Arratibelek. Rambaudek eta Larraldek uste dute Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko desberdintasun nagusia euskara ikasteko eta euskaraz bizitzeko aukera dela. «Orokorrean, Hegoaldean aukera gehiago dago euskara ikasteko, eta horregatik etortzen gara», esan du Rambaudek. «Horretaz gain, jasotzen dugun harrera eta tratua ere ezin hobeak dira. Plazera da euskara Maizpiden ikastea».
Bi ikasleek uste dute Ipar eta Hego Euskal Herria batzen dituzten ezaugarrietan jarri behar dela arreta. Izan ere, Rambaudek nabarmendu du «ohikoa» dela Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko bereizketa egitea, eta esan du hori aldatu egin beharko litzatekeela. «Azken finean, denok gara herri beraren parte, Euskal Herriaren parte, eta hizkuntzak, festak, borrokak eta kulturak batzen gaituzte. Iparraldeko euskaldunoi frantsesak garela esaten digute, eta Hegoaldekoei, berriz, espainolak direla, baina hori ez da hala. Euskal Herrikoak gara, euskaldunak». Larraldek eta Arratibelek bat egiten dute Rambauden hitzekin, eta erantsi dute Maizpide euskara ikasi nahi duen ororentzako leku aproposa dela, «munduko edozein lekutakoa» izanda ere.