Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuek jakinarazi dute sareetako sexu erasoek «gora» egin dutela. Haien datuen arabera, herrialdean azken bi urteetan 13 eta 21 urte arteko 33 gazte artatu dituzte sexu erasoetan espezializatutako nerabeen unitatean.
Gizarte Zerbitzuek jakinarazi dute ziberbortizkeriari loturiko sexu erasoak direla gehienak. EDE fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarrekin sortutako proiektu pilotu baten bidez abisatu dute kasu gehienak zibererasoak, sextinga eta sexu erasoak direla. Iaz artaturiko 30 bat gazteen artean, hamazazpik sexu eraso bat jasan zuten.
Biktimek, gehienetan, bikotekidearen edota bikotekide ohiaren irainak jasaten dituzte. Horrez gain, Gizarte Zerbitzuetako iturrien hitzetan, erasotzaileek itxurari buruz gaizki hitz egiten dute, eta, hala, plantan jartzen da biktimak errudun sentitzeko sistema bat. Erasoez gain, nabarmendu dute bortizkeria soziala deitutakoa gertatzen dela; hots, bikotekidea pantaila bidez kontrolatzeko joera.
Kontrol tresna
Sare sozialak lagunekin, familiarekin eta ezagunekin harremana izateko tresna zabaldua dira, eta pertsonak kontrolatzeko baliabidea izan daitekeela nabarmendu dute Gizarte Zerbitzuek. Evolution deituriko mugaz gaindiko proiektuaren inguruko jardunaldiak egin zituzten otsailaren 13an Donostian, EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, eta, ikerketa baten arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan tutoretzapean dauden adingabeen %11k aitortzen dute bikotekidea kontrolatzen dutela sare sozialen bidez. %8,6k, berriz, esan dute bikotekidea zuzenean non dagoen kontrolatzen dutela digitalki.
Gainera, sextinga geroz eta hedatuagoa dela ohartarazi dute Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuek. Izan ere, «oso zabalduta» omen dago argazkiak bikotekideari igorri eta hark beste batzuei igortzea baimenik gabe. Jakinarazi dute sare sozialetan azken urteetan ikusi duten bortizkeria hori «berriki» identifikatu dutela.
Nerabeen unitatean artatutako gazteen artean, %85,7k erasotzailearen profila deuseztatu behar izan dute.
Ondorioak
EDE fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak zehaztu dute sare sozialetako sexu erasoen ondorioak «orotarikoak» direla biktimengan. Alde batetik, antsietate krisiak, autolesioak eta depresioa izan daitezke pantailetan gertatzen diren sexu erasoen ondorio «zuzenak». Bestetik, biktimek euren buruaz beste egiteko arrisku handia ikusten dute Gizarte Zerbitzuetan.