Bere ibilbideko argazki bat ateratzea galdegin, eta hamar bat atera ditu Juan Martin Elexpuruk (Bergara, 1950). «Zuk nahi duzuna aukeratu», esan dio kazetariari. Banan-banan erakutsi, eta bera hasi da batzuk baztertzen: «Hauetan duatloia egiten ari naiz; agian ez dira egokienak». Azkenean aurkitu du Bergarako UNED zentroan irakasle zeneko 1985eko argazki bat: «Hauxe eraman ezazu» esanez bukatu du. Irakaslea izateaz gain, Elexpuru idazlea eta itzultzailea da. Hainbat literatura genero jorratu ditu. Besteak beste, haur eta gazte literatura idatzi du, liburu asko euskarara ekarri ditu, eta bi bidaia liburu ere baditu. Horrez gain, Goenkale eta Balbemendi telebista emankizunetan gidoigile aritu zen.
Filosofiako eta Filologiako lizentziaduna zara. Biek filo hitza dute. Biei beste elkargune batzuk aurkitu dizkiezu?
Filosofiak dena biltzen du. Bizitzako galderen erantzuna omen da filosofia. Dena dela, ni baserri batean jaio nintzen, Bergarako Ubera auzoan. Lehenik, auzoko eskolara joan nintzen, baina gero, 11 urterekin, Saturrarango Seminariora joan nintzen apaizgai, eta ondotik Donostiakoan izan nintzen. Hortik Filosofiarako jauzia egin nuen, seminarioan hiru kurtso zeudelako. Ondotik, industrian lan egin nuen urtebetez, eta Erromara joan nintzen Filosofia amaitzera. Gero, Letrak eta Filosofia deitutako lizentziatura egin nuen, Salamancan. Filologiaren partea beranduago etorri zen, Bergarako UNEDen sartu nintzenean.
Euskara irakasle izan zinen UNEDen.
Bai. Hogei urtez ibili nintzen irakasle. Garai hartako D maila prestatzeko ematen genituen klaseak. Euskara departamentuko zuzendari izan nintzen urte batzuez, eta euskararen mundura sartu nintzen orduan. Betidanik erakarri nau mundu horrek, eta 1996an tesia aurkeztu nuen: Bergaraldeko lexikoari buruzkoa.
Zer oroitzen duzu tesiaren garaiaz?
Oso urduri ibili nintzen garai hartan. Epaimahaiaren aurrean ez nintzen oso eroso egon. Gainera, gorabehera batzuk izan ziren, batzuek esaten zutelako nire ikergaia ez zela tesi baterakoa. Tesiak lan handia eskatu zidan. 20 urterekin hasi nintzen Bergarako esaera zaharrak eta hitzak biltzen. Su geldoan egindako lana zen, eta tesia aurkeztu nuenerako 46 urte nituen. 25 urteko lana izan zen, beraz. Alde horretatik, lasai nago.
Bergarako hiztegi lexikoa landu zenuen, beraz.
Tesiak, esan bezala, Bergarako lexikoa eta hitzak jasotzen ditu, testuinguruan ipiniz. Gainera, nik uste dut berritasun bat ekarri nuela, baina ez zuen oihartzun handirik izan. Ikertzen nituen hitzen sailkapen bat egin nuen, erakusteko ea bildutako hitza arrunta zen; hau da, gehiengo batek erabiltzen zuen edo ia-ia desagertuta zegoen.
![(ID_17393747132625) (/EZEZAGUNA) UNED, Juan Martin Elexpuru (ID_17393747132625) (/EZEZAGUNA) UNED, Juan Martin Elexpuru](https://www.berria.eus/uploads/s1/71/41/53/7/17393747132625_20_707x471.jpeg)
Horrez gain, Txalaparta argitaletxeko Literotura saila zuzendu zenuen. Erotismoa euskara ekarri zenuten?
Garai hartan, liburu erotikoak oso modan zeuden gaztelaniaz eta frantsesez. Adibidez, gaztelaniaz La sonrisa vertical zegoen. Txalapartarekin hitz egin nuen, eta baiezkoa eman zidan dozena bat liburu argitaratzeko. Liburu haien artean, Krabelina beltza idatzi nuen. Gaur egun, literatura genero hori guztiz galduta dago.
Haur eta gazte literatura izan duzu beste sorkuntza esparru bat.
Haurrengana hurbildu eta haien munduan sartzeko ahalegina egin behar izan nuen. Istorioek ulerterrazak izan behar dute, eta, hizkuntzaren aldetik, joskerak erraza izan behar du. Logika narratibo bat ondo eraiki behar duzu. Ez dakit lortu nuen, baina saiatu nintzen.
«Haurrengana hurbildu eta haien munduan sartzeko ahalegina egin behar izan nuen. Istorioek ulerterrazak izan behar dute, eta, hizkuntzaren aldetik, joskerak erraza izan behar du»
Eta hainbat lan itzuli izan dituzu.
Itzulpenak asko ematen dio idazle bati, testuinguru guztietan aterabideak topatu behar dituelako. Idazten dugunean, eremu erosoetara joateko joera dugu. Itzulpenean, aldiz, ezin duzu hori egin.
Erosotasunetik kanpo eraman zaitu itzulpengintzak?
Bai, derrigor. Testuan dagoena itzuli behar duzu, ahalik eta leialena izateko jatorrizko bertsioarekiko. Traduttore traditore esaten da italieraz. Egia da itzulpengintzan zerbaiti traizioa egin behar diozula ona atera dadin.
Traizioa zergatik, kontakizunaren haria ez apurtzeko?
Bai. Azkenean, irakurleak ez du konturatu behar zuk idatzi duzuna itzulpena dela; erraz irakurri behar du. Horretarako, askotan esaldi bakar batean dagoena luzatu egin behar duzu, edota tranpa txiki batzuk egin. Adibidez, hainbat trikimailu daude bertsoa itzultzean errimatzeko eta neurrian sartzeko.
Esate baterako, Moliereren Le Tartuffe ou l’Imposteur euskaratu zenuen.
Bai, eta Tartufo/Zekena argitaratu nuen. Kasu horretan, oso zaila izan zen bertsoa itzultzea, baina beste itzulpenak baino prozesu politagoa izan zen. Beti zalantzan zaude bertsotan dagoen testua ez ote den prosan itzuli behar. Ni gustura geratu nintzen Tartufo/Zekena-ren emaitzarekin.
Gidoigintzaren munduan, ETB1eko Goenkale-n eta Balbemendi-n lan egin zenuen. Genero asko jorratu dituzu, baina dena idatzizko sormena da.
Begira, aste honetan nire bizitzan lehenengo aldiz podcast bat egin dut, Goiena-n. 75 urte ditut, eta ez naiz sekula izan oso plazakoa, ezta sermolaria ere. Podcastarena test bat izan da niretzat. Dena erlatiboa da. Urtean dozena bat hitzaldi ematen ditut, baina ez naiz sekula mitinlaria izan. Beldurra ematen dit; beldur eszenikoa oso sartua daukat.
Ondorioz, gidoigintzak zer ekarri dizu zure ibilbidean?
Gidoigintza berezia zen. Kapitulu osoa eta eszena desberdinen lerro nagusiak ematen zizkiguten. Adibidez, esaten ziguten zer pertsonaia sartzen zen eta norekin haserretzen zen. Ondoren, gure lana zen lerro nagusiei segituz pertsonaien arteko elkarrizketak eta ekintzak sortzea. Nahiz eta emankizun baten nondik norakoak izan, detaile gutxi batzuetatik sortzen genituen ekintza eta elkarrizketa eszenak.
«Moliereren ‘Tartufo/Zekena’ euskaratu dut. Oso zaila izan da bertsoa itzultzea, baina beste itzulpenak baino prozesu politagoa izan da»
Lantalde handia zen?
Bai, dezente ginen. Gidoiak egiten Anjel Lertxundi zegoen, Pausoka ekoiztetxeko batzuekin. Andoni Egaña eta Eskarne Mujika lankide izan nituen. Pare bat urtean ibili nintzen bertan.
Desberdina izanen zen gidoiak idaztea Goenkale-n eta Balbemendi-n, ezta?
Bai, oso. Goenkale-k komedia gehiago zeukan; nolabait esateko, kostunbrista zen. Balbemendi, berriz, misterioz betea zegoen, mendian iragaten zen, oso iluna zen. Balbemendi-n basoko eszenak Artikutzan egiten ziren; inoiz egon izan naiz han.
Bi bidaia liburu ere badituzu. Kuba triste dago da bat.
Bai. Kubara joan nintzen 1993an, eta bakarrik eta bizikletaz egin nuen Kubaren itzulia. Oso gogorra izan zen. Garai berezia esaten zioten garai hari. Sobietar Batasuna erori ondotik, miseria zegoen Kuban. Kezka nagusia egunerokoan janaria aurkitzea zen. Biziraupena zen. Europako mentalitatearekin joan nintzen, eta oso-oso gogorra izan zen.
Kubako benetako egoeraz idazteko ausarta izan behar zen?
Beti izan naiz nahiko ausarta. Lerro ofizialen kontra zoazenean, azkenean ordainak jasotzen dituzu. Nik ez daukat inolako arazorik horrekin, eta asumituta daukat. Ez da nire arloan bakarrik gertatzen. Gauza bera pasatzen zaie politikariei eta edozeini, azken finean.
Azken urteetan Iruña-Veleiaren kasua esplikatzen ibili zara. 2020ko epaiaz geroztik, zertan gelditu da afera?
Piezak faltsuak edo egiazkoak direnez gain, sarraski arkeologiko bat ari dira egiten han. Hondeamakinak sartu dira behar ez den lekuetan, eta lau metro zulatzen ari dira lurra. Bestalde, motz azaltzea zaila da. Batetik, ez zetorrelako bat filologoek uste zutenarekin. Bestetik, oro har, interesen bateratze bat izan da afera horretan. Filologoei gaizki zetorkien piezak egiazkoak izatea, eta politikariei gaizki zetorkien Araban euskaraz hitz egiten zela jakitea. Laburtuz, pasatu dira hamabost edo hamasei urte, eta borondate onez eta betaurreko beltzik gabe sartu direnek eta gaia landu dutenek frogatzen dute Iruña-Veleiako aurkikuntzak egiazkoak direla. Teknikoki, ezin dira horrelako piezak faltsutu. Guk badugu egun batez hau argituko den esperantza. Gezur bat ezin da luzaz isilpean mantendu.
MOTZEAN
Filologia ala filosofia?
Fideosopia… Txiste txar bat da.Idatzi ala irakatsi?
Idatzi.Liburu bat itzuli ala zeuk kontakizuna sortu?
Itzultzea errazagoa da.Idazteko leku bat?
Etxeko jangela.Itzuli duzun libururik gustukoena?
Moliereren Tartufo/Zekena.