«Zahartzaroari inoiz baino arbuio handiagoa diogu»

«Zahartzaroari inoiz baino arbuio handiagoa diogu»

Azken urteotan hazten ari da 60 urtetik gorakoen kopurua, eta, horrekin batera, haien bizi itxaropena. Bizitza osoan norbere bizitzaren jabe izan ostean, zahartzaroan ere autonomiaz bizi nahi dute askok, eta, horretarako, alternatibak bilatzen ari dira ohiko zahar etxeetatik harago: zaharren etxebizitza kolaboratiboak sortzen ari dira. Halakoetan, nork bere pisu egokitua du, baina baita beste batzuekin biltzeko eremu komunak ere. Irati Mogollon soziologoak (Lezo, Gipuzkoa, 1991) urte asko daramatza adinekoak nola zaindu behar diren ikertzen. Otsailaren 6an zahartzaroari eta zaintzari buruzko hitzaldia eman zuen Atxondon, eta etxebizitza kolaboratiboak izan zituen hizpide. Halako gero eta proiektu gehiago daude Bizkaian.

Ohiko zaharren egoitzen ordez, zaharren etxebizitza kolaboratiboak aurkeztu zenituen alternatiba gisa joan den astean, Atxondon. Zer dira etxebizitza horiek?

Zientifikoki frogatuta dago espazioaren ulerkera aldatu egiten zaigula zahartzarora iristen garenean. Herri batetik bestera mugitzen aritu beharrean, herrian edo auzoan geratzen gara, dimentsio txikiagoak bilatzen ditugu, eta etxea gero eta espazio garrantzitsuagoa bihurtzen da. Horiek horrela, 90 edo ehun metro koadroko etxe handiak izan beharrean, 42 metro inguruko etxeak dira etxebizitza kolaboratiboak. Txikiagoak dira, baina sukaldea, komuna, balkoia eta logela dituzte. Bizigarriagoak dira. Gainerako zerbitzuak era kolektiboan egiten dira: elkar topatzeko ausazko espazioak dituzte. Elkarrekin bazkaltzen dute, aisialdian elkarrekin ibiltzen dira… Antolaketa horizontalaren arabera kudeatzen dituzte zerbitzu guztiak, elkarlana sustatzeko eta komunitate gisa ezarritako helburuak betetzeko.

Zer abantaila ditu komunitatean bizitzeak?

Bakardade sentsazioa murriztu egiten da, eta, horrekin batera, konexio emozionala handitu. Memoria ariketa fisikorako, psikologikorako edo kognitiborako aukerak ere areagotu egiten dira. Abantaila asko dituzte halako etxebizitzek. Bizi kalitatea hobetzen da, azken finean.

Zahar etxeetan handia izaten da bakardade sentsazioa?

Bakardadea baino gehiago, instituzionalizazioa da arazorik handiena. Harremana duzun jende gehien-gehienak profil profesionala du: erizainak dira, fisioterapeutak, zaintzaileak… Gero eta gutxiago zaude lagunekin eta zuk hautatzen duzun jendearekin, eta harreman instituzionalak nagusitzen dira. Alde batera uzten dira harreman sozialak, eta ordutegiak finko bihurtzen dira. Sekulako zurruntasuna ekartzen dute halako lekuek, eta autonomia galtzearen sentsazioa.

«Ez dago zaharra izatearen inolako harrotasunik. Zahartzaroa estigma bat da, eta existitzen da oraindik»

Europako kasuak aztertu ondoren, aipatu izan duzu etxebizitza kolaboratiboak errealitate oso feminizatuak direla. Zergatik?

Dibortzioetan ere askotan gertatzen da hori. Emakumeek bilatzen duten etxebizitza beti da bere sarearengandik hurbilen dagoena. Gizonek, berriz, zerbitzuetatik hurbilen dauden etxebizitzak bilatzen dituzte, eta berdin du horrek lagunengandik edo familiarengandik aldentzen baditu. Gizonen kasuan, oso garrantzitsua da autonomia eta norbere buruaren jabe izatea; ez diote baliorik ematen elkar zaintzeari. Orokorrean hitz egiten ari naiz.

Zahartzearen inguruko estigma handia da oraindik gizartean?

Inoiz baino handiagoa. Euskal Herriko gizartearen egitura demografikoa aldatu egin da azken urteotan, eta, gaur egun, gehiago dira 65 urtetik gorako pertsonak. Datozen urteetan bikoiztu edo hirukoiztu egingo da zaharren proportzioa, kasurik onenean, eta egoerarik okerrean, boskoiztu. Errealitate hori kontuan hartuta, ikusten ari gara zahartzaroari inoiz baino arbuio handiagoa diogula. Gaixotasun moduan planteatzen da zahartzaroa. Emakumeen kasuan, zer esanik ez.

Dena den, zahartzaroaren inguruko kontzeptua askotarikoagoa da. Aldatu egin da zahartzaroaren bizi eredua?

Adinkeria ikaragarria dugu. Oraindik ere pentsatzen dugu Manolo Escobar entzuten zutenak eta 36ko gerran egon zirenak direla zaharrak, eta ez da hala. Gaur egun zahartzen ari den jendeak AC/DC entzuten du. Hala ere, guk, gure paradigman, pertsona horiek aitortu gabe jarraitzen dugu. Jendeak oraindik ere esaten du: «Ni oraindik gazte sentitzen naiz». Inork ez du esaten: «Orain hau da zaharra izatea». Ez dago zaharra izatearen inolako harrotasunik. Zahartzaroa estigma bat da, eta existitzen da oraindik.

Etxebizitza kolaboratiboek lagundu dezakete estigma kentzen?

Zahartzaroa eta adinkeria espezifikoki landu behar dira. Politizatu egin behar da gai hau, eta hori lortzen denean naturalizatuko dira zahartzaroaren ezaugarriak. Garrantzitsua da zahartzaroari buruz hitz egitea eta horren inguruan hausnartzea.