Ingurumenaz hausnartzeko gune bat Oñatin

Ingurumenaz hausnartzeko gune bat Oñatin

Abian dira Oñatiko Natur Eskolak urtero antolatzen dituen Ingurumen Jardunaldiak. Astelehenean hasi ziren, eta askotariko jarduerak antolatu dituzte martxoaren 2ra bitartean, hala nola erakusketak, hitzaldiak, proiekzioak, irteerak eta bisita gidatuak. Antolatzaileek nabarmendu dute aurtengo jardunaldietan txoriak izango direla protagonista. Izan ere, hegaztiei buruzkoak dira antolatu dituzten ekintza batzuk. Nolanahi ere, beste hainbat gai izango dituzte hizketagai: Guggenheim museoaren proiektua Urdaibaiko biosferaren erreserban, arrantza industriala eta ekosistema bentonikoak.

(ID_17399751693155) (/EZEZAGUNA)
‘Txoriak txori’ erakusketa, asteon, Oñatiko kultur etxean. OÑATIKO NATUR ESKOLA

Egitaraua Txoriak txori izeneko erakusketa batek zabaldu zuen. Oñatiko Natur Eskolak esan du «hirian eta inguruetan bizi diren txoriak» ageri direla erakusketan, «gizakiengandik hurbil bizi direnak» eta «parkeak eta basoak kantuz alaitzen» dituztenak. «Kantuen eta lumaje koloretsuen arteko bidaia sentsorial bat» irudikatzen du erakusketak, askotariko dioramen, argazkien eta zurezko hegaztien figuren bitartez. Honako espezie hauek irudikatu dituzte, besteak beste: txantxangorriak, sai zuriak, txepetxak, mokogorriak eta erregetxoak. Hain zuzen, antolatzaileek gisa horretako animalien mundua ezagutarazi nahi dute, bai eta «txorien babesa eta kontserbazioa bultzatu» ere.

Erakusketa martxoaren 2ra bitarte egongo da ikusgai, Oñatiko kultur etxean. Zabalik egongo da egunero, 18:00etatik 20:00etara. Gainera, bisitariek erakusketa sakonago ezagutzeko, hiru bisita gidatu antolatu dituzte. Aurreneko biak egin dituzte dagoeneko, otsailaren 10ean eta 19an; hilaren 27an egingo dute azkena, arratsaldeko seietan.

Proiekzioak

Zine kluba ere antolatu dute, eta bi film proiektatuko dituzte, biak kultur etxean. Lehendabizikoa atzo izan zen: Oskar Alegriak zuzendutako Zinzindurrunkaratz (2023). Pelikula horretan Paolo astoarekin Artazu herritik (Nafarroa) Andimendira eginiko ibilaldia kontatzen du Alegriak. 41 urtean erabili gabe izandako Super-8 kamera batekin filmatu zuen bidea, eta mutua da parte gehien-gehienetan. Filma eman ondotik, Alegriak hitzaldi bat eman zuen.

Hilaren 27an proiektatuko dute bigarren lana: Ryusuke Hamaguchi zuzendari japoniarraren El mal no existe. Pelikulak Takumi eta Hanar Tokiotik gertu dagoen herri batean bizi diren aita-alaba batzuen istorioa kontatzen du. Aitak herritarrentzako lan txikiak egiten pasatzen du eguna: egurra mozten du eta errekatik ura hartzen du bertako jatetxeetakoek fideoak egos ditzaten. Herri horretako biztanleak lasai bizi dira, hiriko girotik aldenduta. Nolanahi ere, gauzak aldatuko dira aita-alabak bizi diren herrian, Tokioko enpresa batek hango lur batzuk erosiko baititu. 19:30ean emango dute filma.

Erakusketaz eta filmez gainera, eskolak irteera bat antolatu du biharko, txoriak ikustera eta entzutera joateko. Bisitariek bi lagun izango dituzte gidari: Asier Sarasua biologoa eta Iker Novoa basozain eta Aranzadi zientzia elkarteko kidea. 09:30ean jarri dute hitzordua, Natur Eskolan, eta antolatzaileek gomendatu dute prismatikoak eramatea.

Ingurumena hizketagai

Egitarauaren zatirik handiena ingurumenari buruzko lau hitzaldik hartuko dute. Aurrenekoa Nahiara Mugerza Latorre EHUko irakasleak eta Itsas Bentos ikerketa taldeko kideak eman zuen —Itsas ekosistema bentokikoa: funtsezko bioadierazlea—. Aitor Cevidanes albaitari eta NEIKER taldeko ikerlariak Kaparrak, ziztadatik harago solasaldia emango du gaur. Kaparrek eragin ditzaketen gaitzak izango ditu hizpide. Otsailaren 25ean Stolen Fish dokumentala emango dute, eta, ondotik, Lorea Flores biologo eta Greenpeaceko koordinatzaileak arrantza industrialari buruzko hitzaldi bat emango du: Arrantza industriala: Getariako hegalabur haztegien kasua. Asteazkenean izango da azkeneko solasaldia: Urdaibai: arriskuan dagoen Biosfera Erreserba. Zein da bere etorkizuna?. Eider Gotxi izango da hizlaria, Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kidea. 19:00etan izango dira hitzaldi guztiak, kultur etxean.

(ID_14694717) (/EZEZAGUNA) zuhaitz-eguna-2014-1-compressed
Hainbat lagun, artxiboko irudi batean, Oñatin, herriko Natur Eskolak antolatutako Zuhaitz Egunean. NATUR ESKOLA

Oñatiko jardunaldiei amaiera emateko, bi egun «berezi» prestatu dituzte. Zuhaitz Eguna egingo dute igandean, eta Zuhaitz Ferixia martxoaren 1ean. Aurreneko ekinbidea, «ingurumenarekiko kontzientzia pizteko» eta «parte hartze komunitarioa sustatzeko» baliatuko dute, eta zuhaitzak landatuko dituzte herriko hainbat txokotan. Zuhaitz Ferixiak ere zuhaitza izango du ardatz, eta ingurumenarekin lotutako hainbat postu izango dira Foruen Enparantzan. Antolatzaileek «produktu eta zerbitzu sorta zabala» eskainiko dute han.