«Niretzat, inauteriak martxoan hasi eta otsailean bukatzen dira»

«Niretzat, inauteriak martxoan hasi eta otsailean bukatzen dira»

Zaldunita da Joxe Mari Barriolari (Belauntza, 1973) Tolosako inauterietatik gehien gustatzen zaion eguna, igandea, baina, batez ere, mozorrotzea maite du. Prestaketa lanei denbora eskaintzen die urtero, eta, aurtengo inauteriek ustekabean harrapatu badute ere, prest du mozorroa. Tolosan atzo hasi ziren inauteriak.

Hemen dira mozorroa janzteko egunak. Gogoz al zaude?

Azken urteotan nabaritu dut jendea zain egoten dela ea zer mozorro jantziko dugun, eta horrek konpromiso moduko zerbait sortzen dit. Arpegi taldearekin atera izan naiz, baina badira urte batzuk ez naizela haiekin atera, lanez gainezka ibili bainaiz. Aurtengo inauteriek ezustean harrapatu naute. Hala ere, poz handia hartu nuen jakin dudanean Artxiboko Neskak konpartsakoak izango zirela aurtengo Kabi Alai Kuttuna [atzo Ostegun Gizeneko suziria jaurti zutenak], nire ezagun asko han baitabiltza.

Norekin ospatzen dituzu inauteriak?

Familiarekin eta lagunekin. Izan ere, inauteriek aukera ematen dute jende askorekin ospatzeko, eta horregatik uste dut festa aberatsak direla. Lagunartea aberasteko jokoa ematen dute.

«Uste dut inauteriak festa aberatsak direla: lagunartea aberasteko jokoa ematen dute»

Nola gogoratzen dituzu zure lehen inauteriak?

Nire gurasoak inauterietan beti lanean izan dira, eta, beraz, esan dezaket gure etxean ni naizela inauteriak bizi izan dituen lehen belaunaldia. Ez dut txikitako oroitzapenik, baina 14 urtetik aurrera festa gisa gogoratzen ditut.

Nola aldatu dira ordutik?

Urtero bi ordu hartzen ditut jendeari begiratzeko eta hausnartzeko ea zergatik aukeratu duten jantzita daramaten mozorroa. Buruari buelta asko ematen dizkiot nork bere mozorroarekin duen lotura zein ote den pentsatzeko. Uste dut garai bateko errebeldia galdu egin dela.

Zergatik diozu hori?

Sistematik kanpoko parentesi moduko bat sortzen da inauterietako egunetan, bakoitzak nahi duen mozorroa aukeratu eta bere erara erabiltzeko, baina, garai bateko errebeldiarekin alderatuz, txukun eta errespetuz mozorrotzen da jendea orain. Nik uste dut hor zerikusi handia izan zuela Elizak, jendea haren eraginez itzalita egon delako. Inauteriak erreminta ona dira ikarak kendu eta kalera ateratzeko.

Mozorroa prestatzeko denbora hartzen duten horietakoa zara?

Izan dira urteak inauterietara ilusio handiarekin iritsi garena. Halakoetan, ondo prestatzen dugu mozorroa, lan handia eskatzen duen bat egiten baitugu. Hala eta guztiz ere, urteak aurrera doaz, eta urteekin, sasoia eta gogoa ere bai. Karroza batean atera izan gara askotan, baina azken urteotan talde txikiagoko kontuak prestatu ditugu. Horrek joko handiagoa eman digu antzerki edo parodia txiki bat egiteko.

Aurtengo mozorroa prest duzue?

Bai. Aurten, Zaldunita egunean, Ameriketako Estatu Batuetan atxilotuari egiten dioten itaunketa momentua irudikatuko dugu. Mahai bat eta eserlekuak izango ditugu, eta gezurrezko makina bat ere egin dugu. Ohi moduan, gure ukitua emango diogu, eta, beraz, herritarrak itaunketa unetik igaroaraziko ditugu, jendea zirikatzea gustatzen zaigu eta.

Jantzi dituzun mozorro guztien artean, ba al duzu kutunik?

Mozorro asko jantzi ditut. Toreroaren mozorroa izan zen aurrenekoetako bat. Bizikleta baten gainean plataforma moduko bat jarri genuen, eta ni torero jantzita egon nintzen, gainean nintzela. Plataformaren inguruan panpinak jarri genituen, publikoa izango balitz bezala. Zezenketaren ostean, jendeak toreroa plazatik soinean ateratzen duen unea irudikatu genuen, zezenaren belarriak eskuan nituela. Urte hartan mozorro onenaren txapela jaso genuen.

Zu harakina zara. Ez al duzu inoiz zure ofizioa oinarri hartu mozorrotzeko?

Esango nuke inauterietan garenaren kontrako zerbaitez mozorrotzen garela beti. Beraz, nik arrain saltzailez jantzi beharko nuke. Nik lan egiten dudan harategira herritar asko etortzen dira, euren mozorroak osatzeko behar dituzten eta nik behar ez ditudan gauzak eskatzera.

«Tolosakoak ez daude beste festa batekin alderatzerik; beraz, ezin dut esan ezer falta zaienik»

Inauteri egunetan nola moldatzen zara harategiarekin?

Astelehenean itxi egiten dut, baita astearte arratsaldean ere. Astearte goizean ireki egiten dut, aste horretako martxa hartzeko eta neure burua astelehenean txintxo ibiltzera behartzeko.

Zerbait falta al zaie Tolosako inauteriei?

Niretzat, inauteriak martxoan hasi eta otsailean bukatzen dira. Tolosakoak ez daude beste festa batekin alderatzerik; beraz, ezin dut esan ezer falta zaienik. Inauteriak bakarrak dira, nahiz eta denbora pasatu ahala eboluzionatuko duten. Hala ere, ikusten dut administrazioaren aldetik ez dagoela babesik.

Zer esango zenioke Tolosako inauteriak ezagutzen ez dituen bati?

Eguneroko mozorroa etxean utzi dezala eta Tolosako inauteriez gozatzera etor dadila!

MOTZEAN

Tolosako inauterietako egun bat? 

Zaldunita.

 

Eguna ala gaua? 

Eguna.

 

Txaranga, taberna edo karrozako musika? 

Tolosan, txarangaren musikak errespetagarria izan beharko lukeela uste dut. Goraipatu egin beharko litzateke. 

Txaranga doinu bat? 

Molinatxo asko gustatzen zait; bals moduko bat da.

Une bat? 

Zaldunita goizean izaten den diana. Etxetik mozorroarekin prest ateratzen garen unea ere gustuko dut.