Arrasateko Udala herriko gurasoentzako askotariko hitzaldiak eta tailerrak egiten ari da egunotan. Tailer batean, gurasoen abileziak garatzeko trebakuntza praktikoa eskaintzen dute, eta, beste batean, haurrei masajeak emateko irizpideak eman. Bada nerabeen gurasoentzat propio prestatutako tailer sorta bat ere —Nerabeak, erronka bat norentzat?—, eta Agipad droga abusua ikertzeko eta prebenitzeko elkartea ari da saioak ematen. Pakita Mateos elkarteko prebentzio taldeko arduradunak (Givors-Rhone, Frantzia, 1961) dinamizatzen ditu saioak. Mateosek dio nerabezaroak «arrastoa» uzten duela, eta, horregatik, garrantzitsua dela gazteen gurasoak sasoi horretarako trebatzea. Bi saio eginak dituzte jada, eta beste sei egingo dituzte: martxoaren 12an eta 26an, apirilaren 2an eta 30ean, eta maiatzaren 21ean eta 28an.
Zer lantzen duzue gurasoentzako tailerrean?
Gurasoen gaitasunak lantzen ditugu, nolabait. Alegia, saiatzen gara laguntza ematen 12 eta 18 urte bitarteko nerabeen senideei. Asmoa da familia nerabezaroaren barnean kokatu ahal izatea. Izan ere, nerabearen gain jartzen ditugu sasoi horretan bizitzen diren zailtasunak, segurtasun gabeziak, arazoak eta sentsazio negatibo guztiak. Eta esan behar dut, batetik, nerabezaroa ez dela negatiboa, eta, bestetik, prozesua ez dagokiola nerabeari soilik: familiari eta inguruan duen jendeari ere badagokio. Orduan, tailerrak modua ematen du familia prozesu horren barnean sartzeko.
«Orain nerabe direnek umetan ere bazuten senideen beharra, baina, behin nerabezarora iritsita, beste modu batera behar gaituzte»
Eta zergatik da garrantzitsua familiak prozesu horretan parte hartzea?
Familia seme-alabak txiki-txikiak direnetik dagoelako haiekin, eta nerabezarora ailegatu arte egindako lanari eutsi behar diote gerora ere. Seme-alabak haziz doazen heinean, gehiago edo gutxiago behar dituzte gurasoak. Hobeki esanda, bizitzako aro bakoitzean modu desberdinetan behar dituzte gurasoak. Beraz, okerra da pentsatzea nerabe batek ez duela amaren edo aitaren konpainiarik behar. «Nik badakit hau» edota «nik badakit beste hori» esango dute batzuetan, laguntza ukatuko dute beste batzuetan, baina horrek ez du esan nahi ez dutela gurasoen beharrik. Orain nerabe direnek umetan ere bazuten senideen beharra, baina, behin nerabezarora iritsita, beste modu batera behar gaituzte. Jakina, badakigu 2 urteko haur batek laguntza behar duela, baina zalantzan jartzen dugu 12 eta 18 urte bitartean behar ote duten. Askotan kontua da ez dakigula nola eman laguntza edo akonpainamendu hori.
Haurra hazi ahala, gurasoen laguntzak ere eboluzionatu behar du, beraz.
Hala da. Ezin gara bizitza osoan modu berean izan guraso. Argi dago aita-amek gauza asko kontrolatu behar dituztela haur baten hasierako urteetan, eboluzio prozesua oso erreala baita eta oso argi ikusten baitugu haur txiki batek zer zaintza mota behar duen.
Nerabe batek zer zaintza behar duen, aldiz, ez?
Haurren munduaren eta helduenaren arteko denbora tarte bat da nerabezaroa, eta, aldi horretan, barrerak eta mugak ez dira horren argiak. Orduan, batzuetan, ez ditugu aintzat hartzen, eta haurrak balira bezala tratatzen ditugu, eta, beste batzuetan, helduak balira bezala tratatzen ditugu, eta bete ezin dituzten ardura batzuk hartzeko eskatu.
Beraz, adin zaila dela esango zenuke?
Ez dago adin errazik. Uste dut nerabezaroari kendu egin beharko litzaiokeela zaila delako estigma. Aldi garrantzitsu bat da.
Zergatik?
Arrastoa uzten duelako. Denok oroitzen dugu gure nerabezaroa, eta, ziurrenean, sasoi horretan biziko genituen gure bizitzako gauzarik politenak, baina baita latzenak ere. Garai garrantzitsua da aldaketarako.
Zer aldaketa mota izaten dira aldi horretan?
Aldaketa psikologikoak izaten dira, oro har, nahiz eta fisikoak ere bai, noski. Baina, psikologikoki, aldaketa handiak izaten dira. Izan ere, dependentziatik autonomiara igarotzeko garaia izaten da, eta garrantzitsua da hori, nerabeak askotan ez baitu jakiten non kokatu burua. Nolanahi ere, garai oparoa da, eta uste dut kendu egin behar zaiola jartzen zaion kutsu negatiboa. «Zer laztura: seme-alaba nerabeak dauzkat!». Hala pentsatzen du askok, eta utzi egin behar zaio hori pentsatzeari. Izan ere, nerabeari zama bat egozten diogu hala, eta hausnartu beharra dugu zer gertatzen den nerabeak dituzten familiekin, zer eboluzio prozesutan dauden. Andre asko menopausiaren atarian egoten dira askotan, eta baliteke familia higatze bolada batean egotea.
Eta halakoetan, zer?
Egoera guztia nerabean zentratu aurretik, analisi zirkular bat egin behar da familian. Izan ere, nerabeak pazientziaz betetako gurasoak behar ditu, eta, batzuetan, guraso nekatuekin egiten du topo.
«Nerabezaroa dependentziatik autonomiara igarotzeko garaia izaten da, eta garrantzitsua da hori, gazteak askotan ez baitu jakiten non kokatu burua»
Nerabezaroa, erronka bat norentzat?. Hala izendatu duzue Arrasaten egiten ari zareten tailerra. Nerabezaroa norentzat da erronka bat?
Nerabeentzat, familiarentzat eta gizartearentzat.
Gizartearentzat, zergatik?
Nerabezaroari ez diogulako ematen behar duen adinako lekurik, eta, gainera, aldi horretan dauden gazteei ez diegulako behar adina laguntzen. Batetik, gehiegi babesten ditugu, eta, bestetik, babesik gabe uzten ditugu. Sare sozialak dira horren erakusgarri. Orduan, uste dut lehen munduko gizartea prest dagoela umeen zaintzari aurre egiteko, baina iruditzen zait nerabeekin ez dugula gauza bera egiten.