«Zahartzeko eredu berri bat asmatzen ari gara, eredu tradizionala baina askoz ere dibertigarriagoa dena»

«Zahartzeko eredu berri bat asmatzen ari gara, eredu tradizionala baina askoz ere dibertigarriagoa dena»

Gaur egun, jende gehiagok zeharkatzen du 80 urteren langa, eta Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) idazle eta kazetariak dio sasoi horri aurre egiteko «maparik gabe» abiatu direla asko eta asko. Hainbat belaunaldikiderekin batera, zahartzaroa bizitzeko eredu berri baten bila ari da, bere ustez, eredu tradizionala baino «askoz ere dibertigarriagoa» dena. Ez du erabakiak hartzen diren lekutik aparte bizi nahi, eta, hain zuzen ere, horretaz arituko da, besteak beste, martxoaren 13an Donostiako San Telmo museoan emango duen Zergatik lotsatzen gaitu zahartzeak? hitzaldian.

Zertaz ariko zara solasaldian?

Lehenengo kontatuko dut zahartzeak zergatik lotsatzen gaituen orain eta zergatik ez gintuen lotsatzen duela hamarraldi batzuk. Paradigma aldatu delako da hori. Lehen, helduaroan zegoen bizitzaren gailurra: helduak zeuden tontorrean, eta gazteak ginenok heldu izateko aprendizak ginen. Orain erabaki dugu bizitzaren gailurra gaztaroa dela eta gaztarotik aurrera dena doala maldan behera.

Noiz aldatu zen hori?

Duela mende erdi baino gehixeago. Onartu dugu dikotomia bat: gazte berdin on, zahar berdin txar. Horrek lotsatzen gaitu.

«Nik ez daukat ezer modu tradizionalean zahartzeko ahalegina egin nahi dutenen aurka, baina esan nahi dut eredu berri bat asmatzen ari garela»

Eta zergatik dela uste duzu?

Zahartzea oso gaizki ikusita dagoelako. Zahartzaroa kasik gaixotasun bat kontsideratzen da. Hortik dator gure nortasun agiriak dioena baino itxura gazteagoa emateko egiten dugun ahalegina. Denok gaude erronka horretan, eta horixe da hautsi behar dena. Nik ez nuen paradigma berri hori asmatu, baina nire belaunaldiak bai. Orain muturrera etorri zaigu paradigma hori, bumeran baten gisan, eta hor gaude harrapatuta.

Izan ere, zer da zaharra izatea?

Begira: haurtzaroan dagoen pertsona bat haurra da, gaztaroan dagoena gaztea da, helduaroan dagoena heldua da… Baina zahartzaroan dagoena ez da zaharra. Hirugarren adineko pertsona edo nagusia erabiltzen du jendeak norbait zaharra dela esateko. Edozein hitz erabiltzen da zahar hitza ekiditeko. Iruditzen zait horrek zentzu gehiago duela gazteleraz euskaraz baino.

Zergatik?

Uste dudalako viejo edo vieja gogorragoa dela zaharra baino. Halere, modari eusten diogu. Nik hitzaldietan zera esaten dut beti: «Ni zaharra naiz». Eta beti dago norbait esaten didana ni ez naizela zaharra. «Zaharrak trapuak dira. Zure ideiak eta zure burmuina gazteak dira», esaten didate. Batzuetan isildu egiten naiz, baina nire burmuina da nire belaunak bezain zaharra.

Uste duzu emakumeak gizonak baino gehiago lotsatzen direla zahartzeaz?

Segur aski, bai. Jendeak horregatik esaten du emakume bati ez zaiola sekula adina aipatu behar eta horrelakoak. Esplikatu digutelako gure kapitala edo gure botere nagusia gaztetasuna, edertasuna eta ama izateko gaitasuna direla. Eta hori galtzen dugunean batzuk sentitzen dira non dauden ez dakitela. Noraezean bezala. Hala ere, iruditzen zait, gizonak, gu baino geroago, baina tranpa berean erortzen ari direla. Horrekin lotuta, lagun antropologo batek kontatu zidan aspaldi ilea tindatzeak mezu bat transmititzen duela antropologikoki.

Zer mezu?

«Ni oraindik zure geneak bideratzeko gauza naiz»: horixe esan nahi du ilea tindatzeak, nonbait.

Eta zuk zer mezu transmititu nahi diezu Zergatik lotsatzen gaitu zahartzeak? hitzaldira joaten direnei?

Ni ez naiz zahartzaroan aditua. Zahartzaroan aditu bilakatu nau 80 urteko protagonistak dituzten bi eleberri idatzi izanak [3 Mariak (Erein, 2010) eta Azken etxea (Pamiela, 2022)], baina ez naiz gerontologoa, ezta soziologoa ere. Hitzaldian zerbait transmititu nahi badut da zahartzeko modu tradizionala erabat desagertu dela. Nik ez daukat ezer modu tradizionalean zahartzeko ahalegina egin nahi dutenen aurka, baina eredu berri bat asmatzen ari gara, eredu tradizionala baino askoz ere dibertigarriagoa dena.

Uste duzu garrantzitsua dela zahartzaroari behar duen tokia ematea?

Hori ez dago pertsona argi edo jenio baten eskuetan, belaunaldi oso baten eskuetan baizik. Kontua da, gizartearen historian lehenengo aldiz, belaunaldi oso batek zeharkatu duela 80 urteren langa, eta maparik gabe abiatu direla mundu horretan. Agian izango dute iparrorratza, baina maparik ez. Guztion artean osatu behar dugu mapa hori. Izan ere, gizarteak baldintza batzuk jartzen dizkigu behin adin bat ezkero, eta nik aspaldi gainditu nuen gizarteak ezartzen digun adinaren langa hori.

«Behin adin bat ezkero, gizarteak esaten dizu deskantsatu egin behar duzula etengabe. Hori bai, baldintza bat jartzen dizu: deskantsatu, baina erabakiak hartzen diren lekuetatik urruti»

Zer baldintza?

Gizarteak esaten dizu deskantsatu egin behar duzula. Etengabe deskantsatu, egunean 24 orduz. Hori bai, baldintza bat jartzen dizu: deskantsatu, baina erabakiak hartzen diren lekuetatik urruti. Erabakiak besteek hartuko dituzte zuretzat. Noski, zure onerako. Erabakiak hartzen dituzten horiek izan litezke erakundeak, osasun sistema edota seme-alabak. Hori hautsi nahi ez duenak eta nahi duenak bere bizitza Benidormen edo Altean pasatu, konforme. Baina onartu behar da batzuek ez dugula erabakiak hartzen diren lekutik kanpo bizi nahi. Guk gure ahotsa behar dugu, eta zainduak izan nahi dugu, bai, baina guk nahi dugun bezala, gizartearen parte garelako. «Nik gaztetan hau egin nuen», «nik gaztetan beste hura egin nuen»… Nik ez dut inori halako txaparik sartzen ibili nahi. Bizitzako azken hogei urteetan pasatzen dugu denbora gaztetako kontuak kontatzen, eta ez dugu beste proiekturik izaten, ez bada irautea. Eta ez zait gaizki iruditzen, baina nik ez dut nahi gizartetik aparte bizirik iraun bakarrik. Zera entzun behar izaten dugu askotan: «Zure garaian…».

Eta zer erantzun du horrek?

«Aizu, barkatu, garai hau nirea bezain zurea da»: horixe.

  Â