Doako Parkina Denontzat dinamika sortu dute Donostia ospitaleko hainbat langilek

Doako Parkina Denontzat dinamika sortu dute Donostia ospitaleko hainbat langilek

Donostia ospitaleko langileek Doako Parkina Denontzat izeneko dinamika sortu dute oraintsu. Irtenbidea eman nahi diote langileentzako eta erabiltzaileentzako aparkalekuen eta garraio publikoaren faltaren arazoari. Otsailaren 28an aurkeztu zuten taldea, ospitaleko Arantzazu eraikinaren atarian. «Langileok eta pazienteok nazkatuta gaude ospitaleko aparkalekuaren egoera jasanezinarekin», esan zuten taldeko kideek. «Hilabeteak daramatzagu arazoa salatzen, eta Osakidetzak oraindik ez du inolako alternatiba errealik eskaini egoera konpontzeko».

Kideek azaldu zuten langile askok dagokien orduan baino «askoz ere lehenago» joan behar izaten dutela lanera. «Ospitale inguruan autoa aparkatu ezinik ibiltzen gara, bueltaka. Bestela, urrun aparkatu behar izaten dugu, eta ospitaleraino oinez edo autobusez etorri». Horrenbestez, esan dute langile askok eta askok «milaka» ordu galtzen dituztela lanera garaiz iritsi ahal izateko. «Eskaintzen dizkiguten alternatibak hutsaren hurrengoa dira», azaldu zuten. Gainera, haien hitzetan, ospitaleak langileentzako propio antolatzen dituen lotura autobusek eserleku guztiak okupatuak baldin badituzte Illunbe parera ailegatzerako, han amaitzen da ibilbidea, eta, beraz, langileek oinez joan behar izaten dute lantokiraino. Badira ospitalera iristeko lineako autobusak ere, baina esan dute gainezka joaten direla eta, beraz, horiek ere Illunbe parean egiten dutela azken geldialdia.

(ID_14739468) (/EZEZAGUNA) (;)
Donostia ospitaleko hainbat langile, doako aparkaleku baten eske, otsailaren 7an, Donostia ospitalean. LAB

Ostiraleko aurkezpenean salatu zuten Osakidetzak Illunben jarri diela behin-behineko aparkaleku bat, baina handik ospitalera oinez joan behar izaten dutela, eta bide horretan ez dagoela inolako argiztapenik. Gainera, autoa aparkaleku horretatik atera behar izaten dute Realak etxean jokatzen duenetan. «Salatzekoa da: Realaren futbol partidaren bat edo udalak antolatutako ospakizunen bat dagoenean, autoak aparkaleku horretatik ateratzeko agindu mezua iristen zaigu posta elektronikora».

Dinamikako kideek diotenez, azken hilabeteetan egoera okertu egin da, baina arazoa lehenagotik dator. Izan ere, Donostia ospitaleko aparkaleku nagusia ordainpekoa izan da urte luzez, hala langile askorentzat nola erabiltzaileentzat. «Bistan da enpresa pribatuek etekin ekonomikoak ateratzen dituztela lantokirako irisgarritasuna eta ospitalean artatuak izateko eskubidea baliatuz. Eskualde ugaritako langileok urteak daramatzagu ospitalera iritsi ahal izateko alternatibak eskatzen: izan garraio publikoaren eskaintza handitzea, edo Osakidetzako garraio zerbitzuak eremu zabalago batera hedatzea». Salatu dute Osakidetzak eta instituzio publikoek entzungor egin dietela ia eskakizun guztiei.

Pazienteak eta senideak

«Doako Parkina Denontzat dinamika langileok osatzen dugun arren, aldarrikapena ez da gure kolektibora mugatzen», zehaztu dute. Izan ere, ospitalera ehunka paziente joaten dira egunero, hala nola larrialdietara, kontsultetara eta ospitaleratutako senideak bisitatzera. «Mugikortasun arazoak direla edo zerbitzu publiko desegokiak direla, paziente askok autoz etorri behar izaten dute egunero ospitalera. Onartezina da ospitale batean aparkalekua ordainpekoa izatea eta aparkatzeko ezintasunagatik kontsultak galtzea».

Uste dute Donostia ospitaleak enpresa pribatuen etekin ekonomikoak lehenesten dituela pazienteen eta langileen eskubideen gainetik. Eta ohartarazi dute aparkaleku faltaren arazoari eskainitako konponbideak ez direla errealak. «Eskaini dizkiguten irtenbideen helburua langileon aldarrikapenak baretzea eta Osakidetzaren aurpegia garbitzea baino ez da». Horrenbestez, Doako Parkina Denontzat dinamikak, aparkaleku publiko baten aldeko aldarrikapena zabaltzeaz gain, Osakidetzari eskatu dio euren eskariak «behingoz» betetzeko.