Gipuzkoako kanoiak

Gipuzkoako kanoiak

FIDELISSIMA BARDULIA NUNQUAM SUPERATA. Bardulia txit fidela, inoiz ez garaitua. Gipuzkoako armarriaren entseina. Leloaren gainean hiru hagin (zuhaitzak, ez hortzak), olatu urdin eta zilarrezkoak azpian, eta ezker-eskuin, armarriaren kontra erdi etzanda basagizon bana, zakil-zorrotan, txokolate-tableta bistan, garrotea eskuan. Bardulo gihartsuak gure probintzia babesten. Gerrarako prest.

Horixe, ostera, ez da Barduliak izan duen armarri bakarra. Aurrekoetan morroskoak ez ezik, haginen gainean errege bat (nor ote?) eta hamabi kanoi ere bazeuden. Kanoiok nafarrei harrapatutakoak omen ziren. Baina non egin ote zituzten? Agian Soraluzen, Plaentxian (ez Plentxin, mese). Plaentxia Placenciatik dator, de las armas, hain zuzen ere. Abizen hori du bertan kanoi fabrika zegoelako. Itxita, gaur egun, Andoainera-edo eroanda, nire informatzaileen arabera. Debabarrenean armak ekoizten ziren, horregatik gaitzizena, armaginak. Arma museoa dago, Armeria eskola, eta pistola, eskopeta, karabinak… egiten ziren. Orain, berriz, ehizarako trepetxuak baino ez. Gerra hemen hasten da, eta hasi izan da.

Guda hotsak dabiltza Mendebaldean, III. Mundu Gerrarekin mehatxatzen gaituzte. Berrarmatzeaz dihardute Europako agintariek. Soldadutza berreskuratzeaz. Gastu militarrari inbertsioa deritzo albistegietan. Hitz aldaketa, iritzia kanbia dezagun.

Ahaztu ote zaigu intsumisioa? Herri osoak egin zuen Hego Euskal Herrian mugimenduaren alde. Epaiketak, espetxeratzeak, autoinkulpazioak, manifestazio irudimentsuak, eserialdiak, festibalak, grebak… egin ziren. Eta azkenean lortu zen (zuten/genuen) soldadutza desagertzea. Zer pentsatzen ote dute intsumiso horiek? Soldadutzaren kontra egindako borrokatik ez ote dago ezer?

Ahaztu ote zaigu intsumisioa? Herri osoak egin zuen Hego Euskal Herrian mugimenduaren alde. Epaiketak, espetxeratzeak, autoinkulpazioak, manifestazio irudimentsuak, eserialdiak, festibalak, grebak… egin ziren.

Larunbatean Martxoaren 8a izan zen, eta Emakumeok Gerraren Aurka-ko kideek artikulu interesgarria argitaratu zuten Pikara Magazinen. Bertan diote Euskal Herrian 2007tik produkzio militarrera dedikatutako enpresa kopurua hirukoiztu egin dela, 70 inguru izatetik 200 baino gehiago izatera. Era berean, ohartarazten digute armadak eta gatazkak konpontzeko armetan inbertitzeak indarra eta erasoa bitarteko legitimoak diren ideia sendotzen duela, eta horrek biolentzien normalizazioan eragin zuzena dauka. Gaineratu dute lotsagarria eta etikoki jasanezina dela industria militarra diru publikoz finantzatzea, industria horrek suntsiketa, heriotza eta gizartean zauri sakonak eragiten dituelako, konplize ere bihurtzen gaituelako. Gerra hemen hasten bada, hemen gera dezagula aldarrikatu dute. 

Honetaz guztionetaz bertsolari ezezagun batek gaztigatu gintuen XIX. mendean, Muñagorriren bertsoetan. Benito Lertxundik kantatutako ahapaldiek gerraren mina eta kaltea edozein filmek bezain ondo azaltzen dizkigute. Gerrak ez dakar onik iñundik iñora. Esaldi biribila.

Guduaren jauntxo horiei gutxi ardura zaie besteen sufrimendua. Exijitu eta negozioa egin, kito! Dolorezkoak dira gaur gure pausuak diote gerla-pairatzaileek, baina munduaren jabetza nahi dutenendako ankerkeria zilegi da. Armak erostearen alde egingo dute zenbait europarrek, konbentzitu nahiko gaituzte, eta gastu soziala murriztuko. Nahikoa diru lortu ezean Gipuzkoako Foru Aldundiari ere armarriko kanoiak eskatuko dizkiote, eta barduloak soldadu hartu! Argi ibili!