Donostian San Bartolome muinoan eraiki nahi duten merkataritza gunearen aurkako helegitea prestatzen ari da Odon Elorza (Donostia, 1955). Udaletxean duela hiru hilabete aurkeztu zuen lehen helegitea, Jorge Letamendiarekin batera, baina ez zuen arrakastarik izan. Orain, herritarren plataforma bat sortu du, eta beste helegite bat osatzen ari dira, bide judiziala martxan jarriko duena.
Zergatik sortu duzue San Bartolome plataforma?
Orain hiru hilabete helegite bat aurkeztu genion Donostiako Udalari, baina errefusatu egin zuen. Helegiteak San Bartolomen merkataritza gunea eta aparkalekua eraikitzeko obra baimenaren aurka egiten zuen. Auzitegira jotzeko aukera eskaini zigun udalak, administrazioarekiko auzi prozesua hasteko. Hasieran, Jorge Letamendiak eta biok sinatu genuen helegitea, maila pertsonalean, inolako asmo alderdikoirik gabe. Izan ere, San Bartolomeko prozesu urbanistikoaren jakitun diren hiritar gisa aurkeztu genuen helegitea, hain zuzen bere garaian guk abiatu genuelako prozesua. Baina duela bi aste erabaki genuen ezin genuela aurrera egin soilik bi pertsona izanik; are gutxiago, bi politikari ohi izanik. Hiritarren artean ere zabaldu behar da gure helburua. Horregatik sortu dugu plataforma: eraiki nahi duten proiektuaren aurkako antolaketa zibikoa eta sortzailea izan dadin. Webgune bat ere badaukagu, informazioa helarazi, ideiak jaso eta nahi duenak izena eman dezan.
Zein da zuen proposamena?
Hasteko, saiakera egingo dugu udalak atzera bota dezan artefaktu komertzial horren eraikuntza, esandako auzi prozesuaren bidez. Izan ere, gune berde babestua da San Bartolomeko magala eta ingurua. Hori adierazten du legeak. Bestalde, 2023ko martxoan zenbait idatzi aurkeztu nizkion udalari proiektua atzera bota zezan, eta alternatiba bat proposatu nien: San Bartolomeko magala leheneratzea eta hiri parke bat egitea, irisgarria izango dena hiritarrentzat, eta Donostiako memoria iraunaraziko duena.
Zer ondorio izan ditzake merkataritza gunea eta aparkalekua eraikitzeak?
2015ean plan orokorra eraldatu zuten, eta merkataritza gunea eraikitzeko proposamena gehitu. Baina eraldaketa hori ilegala da, ez duelako betetzen Eusko Jaurlaritzak 2012an onartutako dekretua, gutxieneko gune libre eta berdeak zehazten dituena. Bestalde, derrigorrezkoa zen plan orokorraren eraldaketa interes orokorraren arabera justifikatzea, baina ez zuten justifikatu, ez dagoelako interes orokorraren arabera merkataritza gune bat justifikatzerik; hiriak ez baitu behar. Beraz, egin nahi duten txikizioak ez du legedia betetzen. Gainera, merkataritza gunearen paretak lur geruza batekin estaltzeko asmoa dute, eta ez dute zuhaitzik jarriko. Horrek ingurumen kalitatea okertzea ekarriko du.
«Saiakera egingo dugu udalak atzera bota dezan artefaktu komertzial horren eraikuntza, auzi prozesuaren bidez. Izan ere, gune berde babestua da San Bartolomeko magala eta ingurua»
Asko eraiki da azken urteotan San Bartolomen.
Nahikoa eraiki da Amara Zaharra, Aldapeta eta San Bartolomeko perimetroan. Udalak eta eraikuntza enpresek lortu dute esperotako gainbalioa San Bartolome Muina SA sozietate mistoaren bitartez, eta ekonomikoki berreskuratu da 2008an egindako lur ekarpena. Hala ere, alkateak ez du zenbatekorik eman nahi, ez baitago gardentasunik. Abiatu duten proiektua espekulaziozko operazio urbanistiko bat da.
Emisio gutxiko eremuen sistema jarri dute martxan Donostian.
Beste kontraesan bat da hori ere. Erdialdea emisio gutxiko eremu izendatu dute, eta aparkaleku bat eraiki nahi dute San Bartolomen… Badakite proiektuak hiriko zirkulazioa ugarituko duela, ibilgailu gehiago egongo direla… Horrez gain, ikusteko dago zer pairatu beharko duten bizilagunek eta inguruko merkatariek: eraikuntza lanek eta hondeaketak sortuko duten zarata, kamioien mugimendua, kaleen itxiera, zirkulazioan eragina…
Hemendik aurrera, zer?
Abokatuarekin eduki juridikoak aztertzen eta ikuspegi egokiena aztertzen ari gara. Helburua da administrazioarekiko auzi prozesuan ahalik eta helegite txukunena aurkeztea. Prozesu horretan gaude oraintxe. Gero, plataformaren parte diren hiritarrei inkesta bat helaraziko diegu, eta, aurrera egingo bagenu, finantzaketa bideak bilatu beharko genituzke. Edozein kasutan, ekimenak hiritarrena izan behar du, ez Letamendia eta bion arteko erokeria bat. Gatazkak aurrera egiten badu, hiritarren parte hartzearekin egingo du aurrera; bestela, ez du merezi.