Donostiako Udalak merkataritza gune bat eraikitzeko asmoa du San Bartolome muinoan, hiriaren erdialdean. 8.000 metro koadro baino gehiago hartuko ditu, eta lau solairuko aparkaleku bat ere eraiki nahi dute; zehazki, Easo kalea eta Aldapeta elkartzen diren izkinan. Eneko Goia alkateak iazko irailean onartu zuen San Bartolomeko merkataritza gunea eraikitzeko lizentzia. Baina denak ez daude ados, eta egitasmoak bide judiziala hartu du.
2008ko otsailean sortu zen San Bartolome Muinoa SA sozietatea, akziodun publikoz eta pribatuz osatua. Haren webak dakarrenez, hiria «birsortzeko» helburuarekin eraiki zuten San Bartolome auzoa, eta geroztik, etxebizitzak eta parkeak egin, eta Aldapeta Maria ikastetxea berritu dute. Odon Elorza Donostiako alkate zela (1991-2011) sortu zen sozietatea. Baina, 2011n, San Bartolomeko merkataritza gunea eraikitzeko asmoa gehitu zen udalaren hirigintza planean, Juan Karlos Izagirre alkate zen garaian. 2015ean, berriz, hiri antolamendurako plan orokorra eraldatzeko prozesuari ekin zioten. Prozesua Izagirreren proposamenarekin abiatu bazen ere, Goia alkate zela onartu zuten plana. Horren haritik, San Bartolome auzoko plan berezia sortu zen 2023an, Goiaren agintaldian.
Elorzaren eta Letamendiaren helegitea
Odon Elorza eta haren agintaldiko Hirigintza zinegotzi Jorge Letamendiak helegitea aurkeztu zuten udaletxean orain hiru hilabete, merkataritza gunea eta aparkalekua eraikitzeko baimena ematen duen lizentziaren aurka. Gobernu batzordeak atzera bota zuen helegitea, eta zera adierazi: hiri antolamendurako plan orokorretako ustezko lege hausteek ez dutela eragiten obrari bide emateko lizentzian, proiektuak aldeko informe tekniko guztiak baititu, eta, beraz, lizentziak legedia betetzen duela. Elorzak eta Letamendiak ziurtatu dute ez 2015eko plan orokorrak ez 2023ko plan bereziak ez dutela legea betetzen, ez baitute errespetatzen gutxieneko gune libre eta berdeei dagokien dekretua. Gobernu batzordeak helegitea errefusatu ostean, auzitara jo asmo dute, eta beste helegite bat prestatzen ari dira abokatuekin batera. Herritarren plataforma bat ere sortu dute San Bartolomeko merkataritza gunea eta aparkalekua eraiki ez ditzaten: San Bartolome plataforma.
Dendartean elkartearen helegitea
Dena den, Letamendia eta Elorza ez dira udalaren proiektuaren aurkako helegitea jarri duten bakarrak. Dendartean Gipuzkoako Merkatari Elkarteak udal alegazioak jarri zituen 2021eko otsailean, baina auzitara jotzea erabaki zuten azkenean: 2023ko apirilean, hain zuzen, helegitea jarri zuen EAEko Auzitegi Nagusian. Aldi berean, Bagera Donostiako merkatarien elkarteak eta Erdian Bizi eta Amara Bai auzo elkarteek idazki bat sinatu zuten proiektuaren aurka, eta sententziaren esperoan daude orain. «Hainbat bilera egin ditugu herritarrekin, baita arkitektoekin ere, eta inork ez du udalaren proiektua defendatu», esan du Amador Biteri Dendartean elkarteko lehendakariak. «Guztiok ados gaude: Donostiako Udalak abiarazi duen proiektua burugabekeria bat da». Gainera, Biterik dio ez duela «zentzurik» merkataritza gune gehiago egiteak, «egun jada sobran» daudenez gero, ezta aparkaleku bat egiteak ere, emisio gutxiko eremuetan «ibilgailuen sarbidea mugatzen» ari dira eta. Udalak ez du Gipuzkoako Hitza-ren galderarik erantzun nahi izan.

Izan ere, urte hasieran abiatu zuten emisio gutxiko eremuen sistema Donostian. Beraz, sarbidea mugatua dute zenbait ibilgailuk Amaran, Parte Zaharrean eta Erdialdean. Lehenengo hilabeteetan, jakinarazpena iritsi zaie araudia hautsi duten ibilgailuei, baina martxoaz geroztik, berrehun euroko isuna ezarriko zaio araudia hausten duenari. Bideokamarak erabiliko dituzte horretarako. Udalak adierazi du helburua dela airearen kalitatea hobetzea, zarata gutxitzea eta atmosferarako emisio kutsatzaileak murriztea.
Eraikuntza plana
Easo kalean eta Aldapetako izkinan eraiki nahi duten proiektuak bi terrazako jatetxe handi bat eta 3.000 metro koadroko merkataritza gune bat izango ditu. Guztira 8.000 metro koadro baino gehiago hartuko ditu eta, gainera, 270 tokiko aparkaleku bat eraikitzeko asmoa ere badu udalak. Horretarako, 44 metro sakon izango den zuloa bat egin beharko dute San Bartolomeko muinoan; hain zuzen, 35 metro beharko dituzte saltokia egiteko, eta bederatzi metro aparkalekurako. Proiektua aurrera ateraz gero, saltokiak bederatzi solairu izango lituzke, eta aparkalekuak, berriz, lau. Lursaila erosi duen enpresa Midfield Capital SM da, eta donostiarra da zuzendaria: Robert Nieto.
Proiektua eraikitzea 50 milioi euro inguru kostatuko da, eta egin beharreko lanek 30-36 hilabete iraungo dute. Egindako kalkuluen arabera, 2027an amaitua egongo litzateke merkataritza gunea.