Kirol guztiak guztientzat: kirol egokituari ateak parez pare irekiko dizkiote Zarautzen

Kirol guztiak guztientzat: kirol egokituari ateak parez pare irekiko dizkiote Zarautzen

Euskal Herriko Kirol Egokituko Federazioak 2025eko Kirol Egokituaren Euskal Hiriburu izendatu zuen Zarautz otsailaren 17an. Titulu horrek herritar guztiei aukera emango die kirol egokituari buruz gehiago jakiteko, eta, gainera, eskualdean bide bat irekiko du «edozeinek edozein kirol egin ahal izan dezan».

Gemma Soler (Castellar del Valles, Herrialde Katalanak, 2001) igeriketa egokituko euskal selekzioaren hautatzailea da izendapenaren arduraduna, eta esan du «kirol guztiak denentzat» izatea dela helburua. «Pertsona guztiek egin dezakete edozein kirol, eta, hain zuzen ere, kirol egokitua da hori posible egiten duena: edozeinek nahi duen kirola egin ahal izatea bere gaitasun edo trebetasun mailara egokituta. Finean, desgaitasunik izan gabe ere, denok egiten ditugu gure gaitasunetara egokituta dauden kirolak».

«Pertsona guztiek egin dezakete edozein kirol, eta, hain zuzen ere, kirol egokitua da hori posible egiten duena»

GEMMA SOLER Kirol egokituan aditua

Solerrek esan du kirol egokitua eta aniztasun funtzionalen bat dutenen inklusioa «estu lotuta» daudela, eta iruditzen zaio kirol klub guztiak izan daitezkeela inklusiboak. «Ohiko kirol jarduera bat egiteko berariazko egokitzapena eta baliabideak behar dituzte klubek. Izan ere, kirol guztiak izan daitezke inklusiboak, eta adimen desgaitasunen edo desgaitasun fisikoren bat dutenei aukera eman nahi diegu nahi duten kirola egiteko». 

Herri egokia

Lehenago Erandiok (Bizkaia) izan du Kirol Egokituko Euskal Hiriburuaren izendapena, bi denboraldiz, eta orain Zarautzek heldu dio lekukoari. Erandion ere Soler izan zen arduradun eta kudeatzaile, eta han bildutako eskarmentuarekin abiatuko du Zarauzko erreleboa. Adierazi du «gustura» ekingo diola lan berriari.

«Txandakatzea tokatzen zen, eta Zarautzi egokitu zaio aurten izendapena». Solerren iritziz, herria ez ezik, lurraldea ere aldatu behar zuen izendapen horrek. «Gipuzkoako herriak aztertzen hasi ginen, eta ohartu ginen Zarautzen kirola eta kirol sustapena oso indartsu daudela. Era batera edo bestera, Zarauzko herritarrek kirolerako joera handia dute. Beraz, pentsatu genuen Zarautz Kirol Egokituko Euskal Hiriburuaren titulua jasotzeko hautagai oso ona zela».

«Zarauzko herritarrek kirolerako joera handia dute, eta, beraz, pentsatu genuen Kirol Egokituko Euskal Hiriburuaren titulua jasotzeko hautagai oso ona zela»

GEMMA SOLER Kirol egokituan aditua

Euskal Herriko Kirol Egokituko Federazioak, kirol egokitua kirolarekin lotutako eremu guztietan txertatzeko asmoarekin, aholkularitza zerbitzua eskainiko die horretan interesa duten elkarte, kirolari eta kirol probetako arduradunei. Solerrek gidatuko du aholkularitza zerbitzua, eta Zarauzko Udala izango du lagun. Hain zuzen, Solerren ardura izango da kirol klubei «tresnak eta baliabideak» eskura jartzea. Hartara, hainbat klubek kirol egokituaren arloan aurrepausoak egin ahal izango dituzte; hala orain arte kirol egokituaren esparrua jorratu ez dutenek nola dagoeneko arlo horretan lanean hasiak direnek.

Horretaz gainera, federazioak hainbat diziplinatako probak eta txapelketak antolatu ditu Zarautzen, kirol egokituari «ikusgarritasuna» emateko. Ekainean, esaterako, desgaitasun intelektuala dutenen areto futboleko Euskal Kopa jokatuko dute.

Luzatzeko aukera

Hogei kirol klub inguru daude Zarautzen, eta horiekin guztiekin harremanetan jartzea da Solerren aurreneko eginbeharretako bat. Azaldu duenez, orain arte jaso dituen erantzunen arabera, Zarauzko elkarteak «oso interesatuta» daude kirol egokituaren gaineko informazioarekiko.

Zarautzek aurten jaso du Kirol Egokituaren Euskal Hiriburu izendapena, baina egitasmoa 2026ra luzatzeko aukera izango du. Solerrek argitu du «herriaren erantzunaren arabera» erabakiko dutela proiektua luzatu ala ez, baina azaro aldera arte ez dute horren gaineko baloraziorik egingo. Izan ere, lehendabizi, Zarauzko klub guztiak kirol egokiturako «behar bezala prestatzeko» lanari ekingo diote.