Nekazaritzan lan egin nahi, baina ezin. Horrela daude gazte eta gazte ez diren lagun asko. Arazoari irtenbide bat aurkitu nahian, Gipuzkoako Foru Aldundiak Baserritar Misto Profesionala programa abiatu zuen urtarrilaren 30ean. Horren bidez, baserritarrek baserriko lana eta enpresako lana uztartu ahal izango dituzte, eta programak sei urte iraungo du. Helburu nagusietako bat lehen sektorearen belaunaldi erreleboa bermatzea da.
Programan izena emateko epea itxi berri dute, eta, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuaren hitzetan, balorazioa «oso positiboa» da: «Harrera oso ona izan du programak baserritarren artean, eta belaunaldi arteko erreleboa bermatu eta lehen sektoreko jarduera bultzatuko duen konfiantza osoa daukagu».

Aldundiak urrian aurkeztu zuen programa, eta azaroan eta abenduan eskualdez eskualde ibili zen informazioa zabaltzen. Arrutik esan duenez, baserritarrak eta baserritar izateko interesa dutenak agertu ziren saioetara, hirurehun bat, eta beste laurogei bat jarri ziren haiekin kontaktuan. «Batzuentzat, Baserritar Misto Profesionala programa aukera bat da oinordetzan jasotako familia proiektuaren etorkizuna bermatzeko edo bertara jauzi egiteko. Besteek baserriari lotutako ekimenean lan egiteko aukera baten moduan ikusten dute. Beste batzuek, berriz, familiako kide batek abian duen proiektuan bidelagun izateko eta garapenean laguntzeko aukera baten moduan ikusten dute».
Enpresen harrera ere «ona» izan dela dio Arrutik, eta egitasmoa aurkeztu zutenean bi enpresatako kudeatzaileak joan zitzaizkiela programari babesa ematera. «Azken finean, familia eta seme-alabak zaintzeko orain eskatzen direnen antzeko lanaldi murrizketa da hau, eta, lan merkatua aldatzen ari den garai honetan, lan eredu berriaren ezaugarrietako bat izango da malgutasuna».
Harrera «ona»
Esperientzia pilotua den arren, baserritar misto profesionalen izaera hartu nahi duten herritar ugarik eman dute izena. Izaera hori hartu nahi dutenetako bat da Jon Areitio (Hondarribia, 1992). Hondarribian du ustialekua, eta haragitarako behiak hazten ditu. Areitiok esan du bere ama ustialekuaz bizi dela, eta berak ere bide beretik errotu nahi duela etorkizuna: «Uste dut aukera oso egokia dela arrisku handirik gabe bide hori errotuz joateko. Esfortzuaren eta lanaren poderioz etorkizunean %100ean horretan jarduteko bidea hasteko aukera bikaina da».
«Baserrian lan egiteko saltoa ematea ez da erraza; gaur egun, are gutxiago, lehen sektoreak dituen gabeziak ikusita»
JON AREITIO Baserritarra
Baserritarrek bizi duten egoera aldatzeko zerbaiten beharra zegoela iritzi dio Areitiok, bera bezala dauden baserritar gazte asko daudela ikusten duelako. «Saltoa ematea ez da erraza; gaur egun are gutxiago, lehen sektoreak dituen gabeziak ikusita». Gazteak nekazaritzara batuko direla uste du, bileretara jende asko agertu delako. Haren arabera, jendeak batzuetan ez du izena ematen ekinbide batek nola funtzionatzen duen ikusi arte, baina zehaztu du kasu honetan ez dela hori gertatu. «Ongi onartutako proiektu bat izan da».