1960ko hamarkadan, Hondarribian ezinezkoa zen euskaraz ikastea, harik eta «ero» talde batek egoera aldatu zuen arte. Hondarribiko Ikastolak 1965. urtean eman zituen lehen pausoak, guraso talde bat elkartu eta euren seme-alabei euskaraz ikasteko aukera emanda. Udalak, ikastola horren sorreran parte hartu zutenei aitortza egiteko asmoz, iaz enkargu bat egin zion Gari Garaialderi (Hondarribia, 1972): ikastolaren sorrerari buruzko dokumental bat egitea. Garaialde bera ere ikastola horretako ikaslea izan zen, eta, beraz, hurbil duen gai bat jorratu du. Ero haiek izendatu du lana, eta otsailaren 21ean aurkeztu zuten, Itsas Etxea auditoriumean.
Nolakoa izan zen Ero haiek dokumentalaren aurkezpen eguna?
Tentsioz beteriko eguna. Nik ikastola horretan ikasi nuen, eta ez dakit hurbiletik ukitu nauen istorio bat delako izan den edo beste arrazoiren batengatik, baina lan honek presio handia sortu dit. Ardura handi bat sentitzen nuen. Gauza polit bat egin nahi nuen, gauza goxo bat, eta ez nuen inor mindu nahi. Horregatik, proiekzioa eman genuenean eta dena bukatu zenean, erabat ase gelditu nintzen.
Jendearen gustukoa izan da?
Badirudi baietz. Lehenengo bi lerroetan eserita zegoen jendea oso pozik zegoen, eta hori oso garrantzitsua zen niretzat, dokumentaleko parte hartzaileak ziren eta. Horrez gain, dokumentalean agertzen ez diren baina ikastolaren sortze prozesuan parte hartu zuten hainbatek euren poztasuna erakutsi zidaten. Gainera, agertzen ez diren arren, transmititu zidan dokumentalean kontatutakoa eurena izango balitz bezala hartu dutela.
Bukaera zoriontsua izan du. Eta hasiera?
Udalak asmoaren berri eman zidanean, nik neure proposamena aurkeztu nien, eta onartu egin zuten. Orduan hasi nintzen lanean. Aurten hirurogei urte dira Hondarribiko Ikastola sortu zutela, eta udalak pentsatu zuen aitzakia ederra zela horrelako zerbait egiteko. Baina, hasi baino lehen, lan handia zegoen egiteko. Izan ere, ez zegoen argi zeintzuk izan ziren ikastolaren sortzaileak, hura sortzeko ideia bultzatu zutenak.
Beraz, dokumentazioa bilatzea eta ikerketa egitea izan ziren lehen pausoak?
Lehen pausoa izan zen ikastola noiz sortu zen jakitea. Batzuek esaten zuten 1964an sortu zela, eta beste batzuek, 1965ean. Txingudi ikastolak 25 eta 50 urte bete zituenean, liburu batzuetan aipatu zuten Hondarribiko Ikastola. Lan horiek zioten Hondarribiko Ikastola 1964an sortu zela. Baina, saltseatzen hasi nintzenean, ikusi nuen lehen ikasleak 1965ean hasi zirela euskaraz ikasten. Lehenik, etxean galdetu nuen, nire aita ikastolako batzordean zebilelako. Aitak izen batzuk eman zizkidan, eta hortik hasi nintzen tiraka.
Lortu zenuen sortzaileekin hitz egitea?
Batzuekin, bai. Galdezka ibili ondoren, lehen urteko irakasle eta guraso batzuk aurkitu nituen. Baziren lagundu zidaten dokumentuak ere. Mikel Zuazabeitiak, 1980ko hamarkadan, dokumentu bat egin zuen, eta bertan hainbat datu eta izen agertzen dira. Halere, hasieratik oso argi izan nuen 30 lagunekin hitz egin baino lehenago nahiago nuela bostekin hitz egin eta gauzak ongi azaldu. Halere, zalantza handiak izan nituen norekin hitz egin erabakitzeko.
«Noiz arte kontatu behar nuen? Sorrera soilik? Ala lehenengo urteak ere bai? Azkenean, erabaki nuen soilik sorreraz hitz egin nahi nuela»
Zer zalantza izan zenuen?
Ez nekien zehazki zer kontatu. Noiz arte kontatu behar nuen? Sorrera garaia soilik? Ala lehenengo urteak ere bai? Azkenean, erabaki nuen soilik sorreraz hitz egin nahi nuela. Ideia nork izan zuen eta zergatik egin zuten jakin nahi nuen. Lehenengo bizpahiru urteak agertzen dira dokumentalean.
Zer kontatu nahi izan duzu?
Helburuetako bat izan da ikastola sortu zutenei herriaren aurrean aitortza bat egitea. Bai, taldean egindako lana izan zen ikastola sortzea, kolektibotasunean sortutakoa, baina talde horretan badaude pertsonak, badaude norbanakoak. Behar bat dagoenean, jendea elkartu egiten da eta behar hori asetzeko lan egiten dute. Kolektibotasun hori oso garrantzitsua da niretzat, eta dokumental osoan bizirik dago.
Beraz, dokumentala Hondarribiko Ikastolaren sortzaileentzako omenaldi bat da?
Hala da, omenalditxo bat. Ez nuen uste omenaldi handi bat egin behar genuenik, baina nahi nuen jendeak jakitea nortzuek egin zuten posible Hondarribian euskaraz ikastea. Azken finean, haientzat egindako lan bat bezala ere ulertzen dut dokumentala. Ikastola sortu zutenekin hitz egiten hasi nintzenean, konturatu nintzen gogoratzen zutela lortu zutena, baina modu arin batean kontatzen zutela horrenbesteko garrantzia duen zerbait.
Dokumentalean ez duzu off-eko ahotsik gehitu.
Ez, eta hori nahita egina da. Hondarribiko Ikastola zergatik sortu zuten sortzaileek berek kontatzea nahi nuen, haiek izatea batak besteari hitza ematen ziotenak. Historiako datu gutxi batzuk eman ditut, baina pisuzkoena haiek kontatzea nahi nuen.
«Orain elkarrizketa guztiak garbitzen nabil, denak artxibo moduan gorde nahi ditut-eta, udalari emateko»
Erraza al da hainbeste bizipen hiru ordu laurdenean sartzea?
Ez da batere erraza. Lehenengo zirriborroa egin nuenean —hau da, soilik elkarrizketak moztu eta muntatu nituenean—, berrogei minutuko lana atera zitzaidan. Oraindik beste hainbat gauza gehitu behar nituen. Azkenean, garrantzitsuak diren gauza asko utzi ditut kanpoan. Off-eko ahotsik sartu ez dudanez, protagonistek ematen diote hitza hurrengo elkarrizketatuari, eta zerbait oso interesgarria esan arren inork ez badio hari horri jarraitzen, balio ez duen zati bat da. Orain elkarrizketa guztiak garbitzen ari naiz, denak artxibo moduan gorde nahi ditudalako, udalari emateko.
Aurkezpena egin zenuten, baina egingo dira emanaldi gehiago?
Hori udalak erabaki behar du; niri ja ez zait tokatzen… Udalaren webgunean ikusgai dago, baina uste dut garrantzitsua izango litzatekeela Ero haiek Hondarribiko ikastetxeetan ematea. Gaur egun oso normalizatua dugu euskaraz ikastea, eta hori ongi dago, baina ezin dugu ahaztu nola hasi zen dena, eta hori gaztetxoei erakustea garrantzitsua iruditzen zait.