Gipuzkoako Foru Aldundiaren harrera egoitzetan dauden adin txikiko gazteek hainbat programa eta zerbitzu dituzte eskura bizi garapenean laguntzeko, baina zer gertatzen da gazte horiek adin nagusitasunera gerturatzen direnean? 2021ean, Zabalduz Ekimen Sozialeko Kooperatibak hutsune bat identifikatu zuen arlo horretan, eta hala sortu zuen Batzen, Gazteak Enpleguratzeko Harrera Sistema. 2023az geroztik, aldundiarekin elkarlanean garatu du programa. Programa ezagutarazteko saioak antolatzen dituzte bi urtean behin, eta aurten Tolosaldean egingo dute, maiatzaren 7an.
Ekinbidearen helburua da, batik bat, aldundiko Haurren Babeseko eta Gizarte Inklusioko Sareetan dauden 16 eta 23 urte bitarteko gazte migratuek eta autoktonoek «inklusio soziolaborala» lortzea. Leyre Jauregi Batzen-eko inklusio soziolaboraleko teknikariak zehaztu du askotariko gazteekin egiten dutela lan. «Izan daitezke hona migratu eta inongo erreferente familiarrik gabe geratu diren gazteak. Baita bertakoak ere, familia utzi behar izan dutenak, senideek ezin dietelako arreta egokirik eman eta, ondorioz, babesik gabe geratuak direnak». 245 gazte artatu dituzte 2023ko ekainetik, eta gaur egun 136 laguni ematen diete zerbitzua.
Batzen programaren xedeetako bat da gazteek «arrakasta» izatea «bizimodu independentea lortzeko trantsizioan», eta, horretarako, enplegu inklusiboa sustatzen dute, baita martxan dauden zerbitzuen eta baliabideen osagarri izaten ahalegindu ere, besteak beste.
Jauregik kontatu du gazteak lan munduan integratzeko sistema «malgu eta egonkor» bat artikulatzen dutela programaren bitartez. «Gipuzkoako hezkuntza zentroekin elkarlanean aritzen gara, baita hirugarren sektore sozialeko eragileekin eta garapen agentziekin ere. Haien eskaintza optimizatu, eta eskualdeetako inklusio sareekin koordinatuta aritzen gara». Jauregik uste du enpresek badutela ardurarik «erronka demografiko eta sozialean».

Gainera, prozesu soziolaboralak prestatzeko hainbat jarduera egiten dituzte Gipuzkoako enpresekin eta programan parte hartzen duten gazteekin, hala nola enpresak bisitatzen dituzte, elkarrizketak simulatu eta sektore jakinen gaineko ezagutzan sakondu. Gazteentzako «ibilbide pertsonalizatuak» ere diseinatzen dituzte; besteak beste, beharrak eta interesak aztertu eta horiek uztartzen ahalegintzen dira praktiken eta lan kontratazioen bitartez.
Inklusio soziolaboraleko teknikariak esan du «aukera berdintasuna bermatzea» dela egitasmoaren abiapuntua. «Guretzat, artatzen ditugun gazteek gainerakoen eskubide bera dute hemen bizi proiektu bat garatzeko. Hori gauzatu ahal izateko, enplegu bat lortu behar dute, eta mantendu». Batzen-eko teknikariak horrexegatik uste du egiten duten lana «garrantzitsua» dela, «gazteek aukera izan dezaten hemen geratzeko, eta garatzen duten proiektua ahalik eta duinena izateko. Era berean, horregatik da garrantzitsua gazteekin ez ezik herrialdeko gainerako eragileekin ere lanketa bat egitea».
Hain zuzen, eragileen arteko koordinaziotik abiatuta egiten dute lan enpresekin, eta harrera enpresa izendatzen dituzte programan parte hartzen dutenak. Jauregik jakinarazi du enpresa bakoitzak bere gaitasunen arabera aukeratu dezakeela zenbateko konpromisoa hartu nahi duen programan.
«Tolosaldean harrera enpresa gehiago izan nahiko genituzke, erabiltzaile multzo bat baitugu inguru horretan»
LEYRE JAUREGI Batzen programako inklusio soziolaboraleko teknikaria
Bi urtean behin, Batzen ezagutarazteko saioak antolatzen dituzte, eta aurten Tolosaldean egingo dute, maiatzaren 7an. Gaur egun, 130 harrera enpresa inguru dituzte egitasmoan, eta Jauregik adierazi du gehiago nahi dituztela. «Tolosaldean harrera enpresa gehiago izan nahiko genituzke, erabiltzaile multzo bat baitugu inguru horretan». Hori dela eta, maiatzeko saioa irekia izango da eskualdeko enpresentzat. Programaren nondik norakoak azaltzeaz gain, «enpresen interesekoak» izan daitezkeen gaiak landuko dituzte; kasu baterako, legediaren aldaketak nola eragingo lukeen inklusio prozesuetan, zein hobari jaso ditzaketen baldintzak betez gero, eta nola ase ditzaketen enpresen eta gazteen beharrak.