Leire Andino (Donostia, 1997) eta Mikel Biain (Donostia, 1999) Euskal Herriko etxebizitza sindikatu sozialistako kideak dira. Apirilaren 5ean Donostian manifestazioa egin zuten «etxebizitzaren negozioaren» aurka, eta, emaitzarekin «pozik» badaude ere, esan dute egoera orokorrarekin «kezkatuta» daudela.
Tentsio eremuak izendatzen ari dira Gipuzkoan. Lagunduko al du horrek etxebizitzaren egoera aldatzen?
LEIRE ANDINO: Luze gabe sektore jakin bati gutxieneko onura ekar badiezaioke ere, prezioen igoera geldotu besterik ez du egiten neurri horrek. Gainera, muga gogorrenak jabe handiei jartzen dizkiete, eta horiek gutxiengoa dira Donostian eta inguruko herrietan. Prezioak ez dira jaitsiko, eta bizitza garestitzen ari da. Legeak, bestalde, kanpo uzten ditu aldi baterako alokairuak, baita gela bakar bateko alokairuak ere; horrelakoei ez zaie neurririk aplikatzen.
MIKEL BIAIN: Gure sindikatura datozen asko aldi baterako kontratuekin datoz; gero eta gehiago ikusten ditugu halakoak, eta babesgabetasun juridiko handia dute, kontratu horiek ez baitaude araututa. Etxejabe askok zirrikituak bilatzen dituzte arauetatik ihes egiteko.
Hiri turistikoa da, gainera, Donostia…
ANDINO: Horrek zuzenean eragiten die inguruko herriei ere. Egoera modu batera edo bestera arautzen saiatzen dira, baina turismoaren negozioa ez da kolokan jartzen. Turismoari esker aberasten diren sektoreak sustatzen ditu udalak, eta negozioak berak sortutako albo kalteak kudeatzen saiatzen da gero.
Zer neurri hartu beharko lirateke luze gabe?
BIAIN: Bereizi egin behar dira alderdien marketinera bideratutako neurriak eta neurri eraginkorrak. Ez gaude erreformen aurka, baina etxebizitzaren arazoa berezkoa zaio kapitalismoari; hau da, etxebizitzaren merkantzia izaera da arazoaren muina. Bi ezaugarri nagusi dituzte gaur egungo neurriek: izango dutena baino efektu handiagoa edukiko balute bezala aurkezten dituzte, eta ez dituzte enpresari eta jabeen irabaziak zalantzan jartzen. Gure ustez, presio soziala eta instituzioetatik kanpoko antolakuntza da bide bakarra.
Zeini eragiten dio etxebizitzaren arazoak?
ANDINO: Handitzen ari da gutxieneko bizi baldintzak bermatuta ez dituzten biztanleriaren kopurua. Sindikatuan gurekin antolatzen direnak berralokatutako etxebizitzetatik datoz, edo gela bakar batean bizi diren familiak dira; edota, bestela, errentaren igoerei aurre egin ezin dieten herritarrak dira. Noski, langile klase osoak sufritzen du etxebizitzaren arazoa, baina bereziki nabaria da migranteengan eta gazteengan.
BIAIN: Sektore zaurgarrienei dagokienez, migranteek sufritzen duten filtro arrazista ere nabarmentzekoa da, etxejabe askok ez baitituzte baldintza ekonomikoengatik baztertzen, jatorriagatik baizik. Baztertuak izaten dira, eta, ondorioz, arautu gabeko kontratuak onartu behar izaten dituzte maiz. Horrek babesgabe uzten ditu egon daitezkeen gehiegikeriei aurre egiteko.
«Ez gaude erreformen aurka, baina etxebizitzaren arazoa berezkoa zaio kapitalismoari; hau da, etxebizitzaren merkantzia izaera da arazoaren muina»
Manifestazioa egin zenuten apirilaren 5ean.
BIAIN: Bai, eta esandakoa salatu nahi izan genuen: higiezinen sektoreko arrazismoa, enpresariek eta politikariek jarritako neurrien eraginkortasun falta… Gizartea eraldatu behar da etxebizitzaren arazoa bukatzeko, eta hori langile klasearen bidez lortuko da. Etxebizitza doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala aldarrikatzen dugu, eta bide horretatik jarraituko dugu, uste baitugu instituzioetatik kanpo antolakuntza zabal bat osatzea dela langile klaseak etxebizitzaren auzian, beste edozein auzitan bezala, aurrerapausoak emateko duen bide bakarra.
Agerraldi bat ere egin zenuten martxoan Pasaian, Escalerillaseko bizilagunekin.
ANDINO: Eta manifestazioan ere egon ziren haiek. Escalerillaseko bizilagunen artean, titularrak direnak eta ez direnak bereizten ditu legeak. Titular ez direnei euren etxetik botatzeko demanda judizialak iritsi zaizkie, eta titularrei etxebizitza alternatiba bat eskaini die Pasaiako portuak. Kontua da eskainitako etxeetan beste familia batzuk bizi direla; beraz, Escalerillaseko bizilagunei bizitokia emateko beste familia batzuk etxetik bota beharko badituzte, alternatibak ez du balio.
BIAIN: Uko egin diote eskaintzari, eta Pasaiako portuak ez omen du beste ezer eskainiko. Txalotzekoa da familia horiek erakusten duten duintasuna eta determinazioa. Hedatzen ari den indibidualismoa ikusita, bizilagun guztiek haien egoerari aurre egiteko borondatea adierazi dute. Eredugarria da egindakoa, eta itxaropentsua ohartzea badagoela oraindik ere kolektiboaren indarrean sinisten duenik. Haien alboan egingo dugu borroka, zalantzarik gabe.