Karapaixoa

Karapaixoa

Gure etxeko sukaldeko mahaiaren gainean, gauzak azaltzen dira batzuetan. Lagunek, familiakoek, lankideek, maitaleek, pisukideek eurek opari emandako produktuak izaten dira: gaztak, kroketak, bonboiak, ardo botilak, olioa, bizkotxoak, mandarinak, kalabazinak, gominolak, baratxuriak. Eskerrik asko dena delakoagatik dena delakoa gure etxeko sukaldera iritsarazi duzuenoi.

Lehengoan, Pazko Iganderako bost-sei-zazpi egun falta zirela, ogi handi arraro bat topatu nuen hantxe, sukaldeko mahaiaren erdian. Hiruki itxura zuen, zulo zabal bat zentroan, eta bizpahiru tira, zulo hori estaliz bezala. Hiru txorizo puska eta arrautza egosi bat zituen barrenean gordeta. Irri txiki bat atera zitzaidan, berriz ere ahaztu eta berriz ere akordatu denaren hasperenarekin batera. Urtero-urtero ahaztu ohi naiz karapaixoaren etorreraren dataz. Sorpresa izaten da beti. Ahaztu egiten zait badenik ere. Etortzen denean gustura hartzen dut, baina. Hantxe topatu nuenean sukaldeko mahaiaren erdian, gogora ekarri nuen unibertsitateko lehen urte haietako batean pisukideak eman zidan esplikazioa: Debagoienean bizi-bizirik dagoen ohitura omen da. Garizuma garaian, urtero aita-ama pontekoak bere besoetakoari ematen omen dio opari karapaixo deritzon ogi handi arraro hori, pazko opila, beren arteko maitasun lotura delakoaren adierazle. Kuriosoa iruditu zitzaidan. Uste dut ez nuela guztiz ulertu. Aste Santuaren inguruan existitzen diren termino ponpoxoen sailean gorde nuen hitza: Erramu igandea, eukaristia, prozesioa, pasoak, torradak, txistuak, danborrak, berpizkundea, penitenteak, nazarenoak, soldadu erromatarrak, aingeruak… eta karapaixoa. Gustatu egin zitzaidan jateko; eta gustura jaten dugu orain, urtero-urtero, data honetan.

Lehengoan ere, afaritarako mahaian eseri ginenean, esku onena duen pisukideak hartu zuen labana, partitu zuen opila, eta udalekuetako «afari berezia» balitz bezala gozatu genuen otorduaz; tradizioez, Aste Santuaz, oporrez eta ogiez hitz egiten genuen bitartean. Eskerrak eman genizkion, antsiazko apetituz, denok batera, zegokion aita-ama pontekoari. Eta elkarri komentatu genion, tradizioak besoetakoa ezkondu arte irauten baldin badu, ez gaitezela ezkondu puska batean.

Lehengoan ere, afaritarako mahaian eseri ginenean, esku onena duen pisukideak hartu zuen labana, partitu zuen opila, eta udalekuetako «afari berezia» balitz bezala gozatu genuen otorduaz; tradizioez, Aste Santuaz, oporrez eta ogiez hitz egiten genuen bitartean

Ez dakit noizko tradizioa den, ez dakit nondik datorren, ez dakit zergatik egiten den, zergatik iraun duen, ezta izena nondik datorkion ere. Izango du kutsu erlijiosorik beharbada, udaberriaren etorrerarekin loturarik, ez dakit. Debagoieneko jendearekin bat egin arte ez nuen ohituraren berri izan. Eta pozten nau ezagutu izanak; izan ere, urtero-urtero, data honetan, etxeko gehienok harekin ahaztuta gauden edozein egunetan, karapaixoa etortzen zaigu etxera. Karapaixoa azaltzen da gure etxeko sukaldeko mahaiaren gainean, eta ospatu egiten dugu bere etorrera; ez izan lezakeen kutsu erlijiosogatik, ez udaberriagatik, ez opariagatik, elkartu eta zerbait berezia balitz bezala denok batera jateagatik baizik.

Ez du inporta den Garizumagatik, kotxea, logela, jertsea, gantxoa, eguna konpartitu izanagatik, bajoi bategatik, hilekoaren minagatik, ospakizunagatik edo despedidagatik; janaria oparitzea, oro har, tradizio polita iruditzen zaio gure etxeko sukaldeko mahaiaren gainari.