Batetik bestera, eskola txikien arazoak eta beharrak asko aldatzen dira. Toki faltan dira batzuk, ikasle asko dituztelako. Ixteko arriskuari izkin egin ezinik dira beste batzuk, aurkako arrazoiarengatik. Eskola txiki guztiek, ordea, badituzte gainditu beharreko gabezia batzuk.
Landa eremuko eskola txikien existentzia bera jendaurrean bistaratu beharra dagoela uste du Irati Aldazabalek, hiru urtean Gipuzkoako Eskola Txikietako Guraso Elkarteen idazkaria izandakoak. “Jendaurrean ez da aitortzen badirenik ere. Nire ustez, garrantzitsuena erakundeen babesa eta aitortza da. Askotan eskola handien parera jartzen dira, irakasleen lanpostuak izendatzerakoan adibidez. Irakasleak lantokia aukeratzen duenean, ez da zehazten eskola txikia den”.
Formazio aldetik ere badago zer landua, irakasle ikasketetan eskola txikietako metodologia “oso azaletik” lantzen delako. “Irakasleak, sarri, eskola txiki batera iritsi eta gela berean hainbat adinetako haurrak ikusten dituztenean beldurtu egiten dira, ez dutelako inoiz modu horretan lan egin”.
Herrialdeetako egoera paretu
Irakasleriaren finkotasunik ezak ere eragin nabarmena izaten du eskola txikien martxan. Zenbait irakasle urterik urte aldatzen dituzte eskolaz, eta horrek zailtasunak dakartza ikastetxearen jardunerako. “Nafarroan hitzarmen bat badute, irakaslea gustura egonez gero bi edo hiru urtean gelditzeko aukera ematen duena”, dio Aldazabalek.
Hain zuen, herrialdeen arteko desberdintasunak gainditzea ere beharrezko ikusten dute eskola txikiek. “Zintzilik dagoen gaia da, herrialde bakoitzeko egoera ez delako berdina. Gipuzkoa da eskola txiki gehien duena, eta Nafarroan ere asko daude; gurasoen koordinakundea ere Gipuzkoan bakarrik dugu, eta Bizkaiko eta Arabako hainbat gurasorekin harremanak baditugun arren, Gipuzkoako egiturak du indarrik handiena”.
Hezkuntzaren eskumenaren ardura duen Eusko Jaurlaritzak ere aldaketa garrantzitsuak izan ohi ditu legealditik legealdira, eta agintean dagoenaren arabera, “gauzak hobeto ala okerrago” nabaritzen dituzte eskola txikiek. Aurreko legealdian eskola txikien arazoez jarduteko batzorde berezia desegin zuten, esaterako. Atzera martxan ipintzekotan da lantalde hori.
Azken batean, eskola txikien inguruan herria bera dagoela gogorarazi du Aldazabalek. “Herri txikiak bizirik nahi baditugu, eta dirudienez denek ez dute nahi, beharrezkoak dira eskolak. Eskolarik ez dagoen herria ez da herri bat, sakabanatuta dagoen jende multzo bat noizean behin biltzeko leku fisiko bat baizik”.