Altzon memoriarako urtea dute aurtengoa. Izan ere, mila urte bete dira Gipuzkoa hitza aurreneko aldiz eskuizkribu batean agertu zenetik, eta, agiri horrek dioenez, Gartzia Azenarizek eta Gayla de Iputzak Olazabalgo Salbatore monasterioa ―egungo Altzoko herrian dagoena― dohaintzan eman zioten San Juan de la Peñako zenobioari (Huesca, Aragoi, Espainia), babespean zituen beste hainbat lurrekin batera. Hain zuzen ere, dohaintza horri dagokion dokumentuan agertzen da lehen aldiz Gipuzkoa hitza, Ipuscua grafiaz idatzita. Efemeridearen harira, Muga. Mila urte Gipuzkoak eta Altzok (1025-2025) jardunaldiak egiten ari dira Altzon. Besteak beste, bi erakusketa ireki dituzte oraintsu: batetik, hamabost euskal artistarekin osatutako erakusketa kolektibo bat, eta, bestetik, Altzoko garai bateko argazkien bilduma bat.
Lehena, Altzo Azpiko Olazabalgo Salbatore elizan dago ikusgai, urriaren 31ra bitarte. Elena Arrese komisario eta artista plastikoak zuzendu du, eta, esan duenez, helburua da kultur ondarearen garrantzia «artearen hizkuntza unibertsalaren bidez» transmititzea. Elizan dagoeneko ikusgai daude hamabost artistaren artelanak: eraikinaren erdigunean daude gehienak, beste batzuk aldarearen inguruan, koruan bat eta kriptan beste bat. Arreseri eta Xabier Olano Altzoko alkateari iruditzen zaie kriptak «energia berezi bat» duela. «Elizako lekurik antzinakoena da, eta horren gainean egin zuten gaur egungo eraikina». Han jarri duten artelana Koldobika Jauregi artista alkizarrarena da —iaz zendu zen Jauregi—.

Erakusketan beste hamalau artistaren obrak daude ikusgai: Elena Cajaraville, Elena Arrese, Iñaki Ruiz de Egino, Julia Otxoa, Ricardo Ugarte, Ramon Ruiz Cabestany, Pablo Zuriarrain, Iker Valle, Nisa Goiburu, Uxue Lasa, Angel Navas, Natalia Cambronero, Maria Jesus Cueto eta Antton Mendizabalenak.
Arresek kontatu du artistei erakusketaren abiapuntua azaldu ziela aurrena, eta «nahi zutena egiteko askatasuna» eman. Uste du «emaitza zoragarria» dela. «Nork beretik eman du, eta bilduma oso osatuta geratu da». Haren hitzetan, erakusketak «sekulako harrera» izan zuen inaugurazioaren egunean.
Komisarioak jakinarazi du beste hainbat jarduera egingo dituztela Altzo Azpiko elizan. Ekainaren 8an, Donosti Ereski abesbatzaren kontzertua izango da; uztailaren 12an, Oiartzungo organozaleak arituko dira, eta, urtean zehar, artearekin lotutako tailerrak egingo dituzte.
Irudi zaharrak
Altzo Azpiko elizakoa ez da herrian ikusgai dagoen erakusketa bakarra. Izan ere, garai bateko Altzo ageri den hirurogei argazkiko bilduma bat ikus daiteke ostatuan. Hiru gai jorratu dituzte: eskolako umeak, irteerak eta mendira egindako txangoak. Bide batez, irudietan ageri diren lagunen izen-abizenak jarri dituzte argazki bakoitzaren azpian.
Antton Iztueta aritu da ostatuko erakusketa antolatzen, eta aitortu du irudietan ageri direnak identifikatzea izan dela «lanik zailena». «Argazki berrienekin ez da zaila izan, baina denboran zenbat eta atzerago joan, orduan eta zailagoa izan da».