Irratigintza eta argazkilaritza maite ditu Eider Olazar Elduaienek (Tolosa, 1982), baina azken urteotan Elhuyarren hartu du «sosegua». Komunikazioan murgildu da han, eguneroko kazetaritzatik aldenduta. Gazteluko alkatea ere bada.
Wikipediak dio kazetaria, feminista eta politikaria zarela. Ondo laburbiltzen al du zure orain arteko ibilbidea?
Gauza bat, behintzat, faltan sumatzen dut: ama naizela zehaztea. Ama izatea mugarri oso garrantzitsua izan zen nire bizitzan, bai ekarri zidan bizimodu aldaketagatik, baita barrenak asko mugitu zizkidalako ere. Astindu pertsonal handi bat izan zen.
Info7 irratian egin zenituen kazetaritzari lotutako lehen urratsak.
Bai, kazetaritza ikasketak egiten hasi nintzen eta Ikus-entzunezko Komunikaziora aldatu nintzen gero. Beti gustatu izan zait irratia, gure etxean beti egon da piztuta, eta hedabide oso garrantzitsua da niretzat. Argazkilaritza ere asko gustatzen zait. Fotokazetari gisa aritzea ere pentsatu nuen, baina zaila ikusten nuen, eta, irratian aritzeko aukera sortu zitzaidanean, horri heldu nion. Euskadi Irratian egonaldi motz bat egin nuen, baina segituan jakin nuen Info7 irratia garatzen ari zirela, eta haiengana jo nuen. Info7 martxan jartzeko lanetan aritu nintzen, eta hura ixtea ere nire lana izan zen. Info7 ixtearekin batera, Naiz irratia martxan jartzen aritu ginen. Baina, ordurako, sentitzen nuen profesionalki aldaketa bat behar nuela, eta atsedentxo bat hartuta, Elhuyarren hasi nintzen, komunikazioan. Han bost urte egingo ditut aurki.
«Ama izatea mugarri oso garrantzitsua izan zen nire bizitzan, bai ekarri zidan bizimodu aldaketagatik, baita barrenak asko mugitu zizkidalako ere. Astindu pertsonal handi bat izan zen»
Info7n, besteak beste, Kalegorrian magazinean aritu zinen, eta irratiaren alorreko Argia saria jaso zenuen horregatik.
Bai, eta asko eskertu genuen, lantaldearen saria izan baitzen. Kalegorrian magazina egitea posible izan zen kolaboratzaile asko genituelako, eta denak musu truk aritzen ziren. Erronka nagusia zen lehenengo mailara ekartzea horren ezagunak ez ziren pertsonaiak, istorioak, gaiak… Saiakera berezia egiten nuen horretan, eta asko gozatu nuen. Beste buelta bat ematen nien gaiei, beste ikuspegi batetik landu… Saria saioari berari eman zioten, baina baita irrati proiektuari ere.
Gabiltza.eus datu basea ere garatu zenuen, itzalean geratzen diren emakume askoren lanak argitara ateratzeko.
Oihana Etxebarrieta aritu zen buru-belarri. Pena da, baina zaharkituta geratu da tresna hori. Beka bati esker jarri genuen martxan, baina gero ez zaio jarraipenik eman. Gure behar batetik sortu zen ideia. Izan ere, irratian nengoenean, zaila zen askotariko gaiei buruz hitz egingo zuten eta iritzia emango zuten emakumeak topatzea. Indar handia jarri genuen emakume aditu eta arituetan. Zein da aditua? Titulu bat duena? Bizi esperientziak arlo askotan ematen dizu aditu izaera, baita titulurik izan gabe ere. Beraz, gu aritu ginen hori indartzen eta emakume erreferenteak ahalik eta esparru zabalenetara eramaten.

Egun Elhuyarren ari zara lanean, komunikazioan. Faltan sumatzen al duzu irratigintza?
Momentuko kazetaritzaren falta sumatzen dut, bai, orain komunikazioaren arlo zabalago batean bainabil. Elhuyarrekin hainbat bidaia egin behar izaten ditut, biltzar antzeko batzuetara, eta momentuan ematen dut horien berri: idatziz, argazkiak eta ikus-entzunezkoak zabalduta, sare sozialen bitartez… Hor aktibatzen zait kazetari sena, eta oso gustura egiten dut, baina lan hori estresagarria da, bat-batekoa, eta nekagarri samarra ere bai. Irratian baliabide gutxi genituen, gainera, eta lana ez zen bukatzen, ordutegi amaigabeak genituen, gai interesgarriak topatzen aritzen ginen etengabe… Oso neketsua zen. Gauza asko ematen ditu irratiaren bat-batekotasunak, jende asko ezagutzeko aukera ematen du, baina nik beste zerbait behar nuen.
Elhuyarren zein da zure egitekoa?
Irratitik atseden hartzea erabaki nuenean, komunikazioan eta berdintasunean hasi nintzen. Pentsatu nuen berdintasunari buruzko zerbait egitea, masterra egina bainuen eta mugimendu feministan aspalditik bainenbilen. Elhuyarrek hasieratik eman zidan komunikazioaren eta berdintasunaren arloan aritzeko aukera. Gaur egun, buru-belarri nabil komunikazioan. Besteentzat komunikazioa lantzen dugu, ikerketa proiektuen berri ematen dugu, Euskal Herrian eta Europan. Europako Batzordeak finantzatutako ikerketa proiektuak dira, eta gure lana da ikerketa prozesu horren eta ematen dituen emaitzen berri ematea.
Zer eman dizu Elhuyarren lan egiteak?
Kazetaritzatik komunikaziora zabaltzeak niri egonkortasuna ekarri dit, eta sosegua. Bestea eromen hutsa zen, eta adin batetik aurrera behar izaten da sosegu pixka bat, ordutegi bat… Lana garatu ahal izateko denbora eman dit.
Feministatzat daukazu zeure burua, eta zure militantziaren zati handi bat eskaini diozu.
Etxetik jaso dut feminismoa. Ama feminista da, eta nire erreferente nagusia, harengandik jaso baitut feminismoa. Euskal Herriko Bilgune Feministan hasi nintzen militatzen, eta mundu bat ireki zitzaidan. Hor ezagutu nituen emakumeak niretzat beti izango dira erreferente; gertukoak, baina oso erreferente potenteak: Miren Aranguren, Edurne Epelde, Saioa Iraola, Kakun Guarrotxena… Haiek ezagutzea askatasunari leiho bat irekitzea izan zen. Ikusten duzu norberak bizitzen eta ikusten dituenak ez dituela norberak bakarrik bizi, baizik eta milaka emakumek bizi dituztela. Oso gauza potenteak planteatzen zituzten, hausnarketa interesgarriak… Leiho handi bat ireki zitzaidan.
«Feminismoak aukera ematen du geure buruari galdetzeko ea zer rol daukagun, zer harreman mota, zer indartu nahi dugun, zer utzi nahi dugun alde batera…»
Zer da feminismoa zuretzat? Zer ekarpen egiten dio gizarteari?
Feminismoa mugimendu eraldatzailea da, gizarteari aurrez aurre deserosotasun bat planteatzen diona; hala gizonezkoei nola emakumezkoei, guztioi. Badaukagu zer aldatua, eta deserosotasun hori garrantzitsua da hausnarrarazteko. Feminismoak aukera ematen du geure buruari galdetzeko ea zer rol daukagun, zer harreman mota, zer indartu nahi dugun, zer utzi nahi dugun alde batera… Eguneroko bizitzan ditugun harremanak etengabe birplanteatzea eskatzen du. Egia da Mugimendu Feminista momentu honetan ez dagoela gorenean, baina hor dago, aurrerapauso handiak eman ditu, eta zortedunak gara Euskal Herrian horrelako mugimendu potente bat edukitzeagatik. Esparru guztietara zabaltzen ari da, eta hori oso garrantzitsua da.
Tolosaldeko Emakumeen Etxeko proiektuan ere aritu zara.
Tolosako Bilgune Feministan kide gutxi ginen, eta indarra galduz joan zen. Gainera, ama izan ginen gero, eta ezin genuen militantzian jarraitu. Taldea desegitea erabaki genuen, eta urte batzuetan talde feministetan hutsune bat egon zen Tolosan. Gero, greba feministak iritsi ziren, eta antolatzaileek mugimendua sortu zuten. Asanblada feminista ere eratu zuten; eskualdekoa lehenik eta Tolosakoa gero. Gainerako herrietan ere segituan hasi ziren asanbladak sortzen. Horrekin batera hasi zen Tolosako Emakumeen Etxearen prozesua. Han parte hartzeari ekin nion, eta, Elhuyarren hasi nintzenean, beste modu batera parte hartzeko aukera izan nuen. Emakumeen Etxeak bi prozesu izan zituen: lehenengoan parte hartzaile gisa aritu nintzen, eta bigarrengoan, dinamizatzaile gisa.
Gazteluko alkatea zara egun. Zer da alkate izatearen zailena?
Niretzat zailena da ezer ere ez jasotzea; feedback-ik ez jasotzea, adibidez. Nire helburu nagusia da nigandik urrutiago dauden herritarrengana iristea; zertan ari garen azaldu, eta egiten ari garena jendearengana iritsaraztea. Pentsatu behar dugu zer bide erabili herritarrengana iristeko, eta, horretarako, ezinbestekoa da komunikazio bide egokiak topatzea. Komunikazioa bermatzeko, argi daukat oso garrantzitsua dela topagune bat izatea; gure kasuan, ostatua. Orain itxita dago, baina ahal bezain pronto irekiko dugu; horretan ari gara lanean.
MOTZEAN
Amets bat? Nire alabak aske bizi ahal izatea, guztiz aske. Amets eta erronka handi bat da.
Txoko kutun bat? Laarte oso gustuko dut, eta Gaztelutik Leabururako bidea ere asko gustatzen zait. Etxetik parez pare ikusten dugu Aralar, eta hura ere aipatuko nuke. Baita Pirinioak ere: arnasgune dira niretzat. Eta Iruñea ezingo nuke aipatu gabe utzi.
Podcast bat? Alaitz Otxoa de Eribe eta Ana Galarraga lankideen Uhin ultramoreak.
Irrati esatari bat? Beti gustatu izan zait Itziar Alduntzinen freskura, beti liluratu izan nau.
Mugimendu feministako eredu bat? Miren Aranguren, Edurne Epelde eta Saioa Iraola. Baita Angela Davis ere.