Kutxa fundazioak Gipuzkoa Aliantzan 2025 izeneko «ezohiko» laguntza programa jarri du martxan, eta hiru milioi euro jarri ditu horretarako. Garbiñe Etxezarreta fundazioko kideak esan du asmoa dela Gipuzkoako hainbat eragileren arteko «aliantzek egituratutako, eraldatutako eta elkarlanean garatutako gizarte berrikuntzako proposamenak bultzatzea». Herrialdeko «gizarte erronkarik garrantzitsuenei» erantzungo dieten ekinaldiak babestu nahi dituzte hala, eta «berrikuntzaren, lankidetzaren eta konpromiso kolektiboaren kultura» sustatu. «Kutxa fundazioan, berez, baditugu hainbat diru-laguntza deialdi, askotarikoak tipologiari eta helburuei dagokienez», esan du Etxezarretak. «Deialdi horiek behin baino gehiagotan egiten ditugu, baina Gipuzkoa Aliantzan deialdia bakarra da, eta horregatik esaten dugu ezohikoa dela». Zehaztu du deialdia «izaera juridikoa duen edozein motatako eragileentzat» dela —unibertsitateak, kooperatibak, fundazioak, enpresak…—, administrazioarentzat salbu. Jada zabalik dago fundazioaren webgunean proposamenak aurkezteko epea, eta irailaren 30ean itxiko dute.
Gipuzkoa mugitu, Gipuzkoa sentituz lelopean, Kutxa fundazioak 2024tik 2030erako plan estrategikoa aurkeztu zuen iazko ekainean, Donostiako Tabakaleran. Planaren harira sortu dute diru laguntzen deialdia. «Helburua da Gipuzkoako askotariko eragileekin estrategia hori bultzatzea», adierazi du Kutxa fundazioko kideak. «Proposatzen dugun plan estrategikoa oso konplexua da, eta uste dugu erronkei ezin zaiela bakarka erantzun; hau da, indarrak batu behar ditugu. Beraz, Gipuzkoa Aliantzan 2025 indarrak batzeko deialdi bat da». Proposamen sendo, holistiko eta eraldatzaileak sustatu nahi dituzte, eta Etxezarretak jakinarazi du proposamenak «aliantzan» aurkeztu behar direla. «Aliantzan aritzea bera nolabaiteko gizarte berrikuntza bat da, eta guk gizarte berrikuntza hori sustatu nahi dugu laguntza programa honekin».
«Aliantzan aritzea bera nolabaiteko gizarte berrikuntza bat da, eta guk gizarte berrikuntza hori sustatu nahi dugu Gipuzkoa Aliantzan 2025 laguntza programaren bidez»
GARBIÑE ETXEZARRETA Kutxa fundazioko kidea
Programak hiru helburu nagusi ditu: STEAM bokazioak sustatzea, ikaskuntzaren eta gaitasunen garapena bultzatzea eta Gipuzkoako gizarte eta ingurumen konpromisoa indartzea. «Ideia horiek definitzen dituzte Kutxa fundazioaren etapa berri honetako inpaktu sozialaren lehentasunezko eremuak», esan du fundazioko kideak. «Aurkezten diren proposamenek helburu bati, biri edo hiruri heldu ahal izango diete, eta modu integratu eta egituratuan planteatu beharko dira».
Aurrekontuaren %80
Etxazarretak dio Gipuzkoa Aliantzan 2025 laguntza programa Kutxa fundazioak herrialdeko berrikuntza sozialaren arloan orain arte abiatutako «garrantzitsuenetako bat» dela. Hori dela eta, hiru milioi euro jarriko dituzte laguntza horretarako. Aurrekontuaren %80 emango die proposamenei —gutxienez 500.000 euro proposamen bakoitzari—. Deialdiaren aurrekontua amaitu arte finantzatuko dituzte proposamenak, fundazioak egokitzat jotzen duen kalitatea badute, betiere.
Fundazioko kideak azaldu du «urrats bat» egin nahi dutela lankidetzan, berrikuntzan eta eragin kolektiboan oinarritutako eredu baterantz. «Programa honek gonbidapen irekia izan nahi du Gipuzkoa bidezkoagoa, ikasiagoa, sortzaileagoa eta jasangarriagoa lortzen lagunduko duten ekimenak sustatzeko».
Programari buruzko informazioa emateko eta eragileen zalantzak argitzeko saio bat antolatu dute maiatzaren 29rako. Donostiako Tabakalerako Kutxa Fundazioa Kluba aretoan egingo dute, 09:30etik 13:00etara. «Egun horretan, laguntza programaren gaineko informazioa emango dugu, eta beste eragile batzuk ezagutu eta haiekin aliantzak osatzeko abagunea izango da».