Aldi berri baterako egoitza berria

Aldi berri baterako egoitza berria

Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteak egoitza berria du, Tolosako Plaza Berriko lehen zenbakian. Apirilaren 16an inauguratu zuen. Azken 30 urteotan Nafarroa etorbidean izan duen egoitza halako hiru da lokal berria —170 metro koadro ditu—, eta Manex Urruzola Galtzaundiko lehendakariak esan du «aukera gehiago» eskainiko dizkiola elkarteari. «Euskarak mugimendua behar du, euskaltzaleok mugitu egin behar dugu, eta mugitzeko lekua falta genuen aurreko egoitzan. Leku hau bide berri baten abiapuntua da». Urruzolak dio behar bati erantzuten diola gune berriak, baita «euskaltzaleen arteko lankidetza» sustatzeko asmoari ere.

Igor Agirre Galtzaundiko kideak uste du toki berriak aukera emango duela eskualde osoan gauzatzeko moduko proposamenak lantzeko. «Lokal honetatik atera behar dute euskaltzaleek egindako proposamenek, eta ez dute izan behar lokal honetan gauzatzekoak bakarrik, baizik eta baita eskualdean garatzekoak ere».

Egoitza berria irekitzearekin batera, zehaztapen bat egin diote elkartearen abizenari: euskara taldea zen lehen, eta Tolosaldeko euskaltzaleen elkartea da orain. «Nor garen eta zer egiten dugun ondo definitzeko, pentsatu genuen euskaltzale hitzak izenean agertu behar duela. Tolosaldea izenarekin erreferentzia egin nahi izan diogu eskualdeko 28 herriek osatzen duten esparruari», azaldu du Agirrek. Logoa ere aldatu diote, kolore gama berari eutsita. Gainera, Taupa mugimenduaren ikurra erantsi diote logoari, elkartea hartako kide dela adierazteko.

Leku zabal eta irekia

Galtzaundiko kideek diote lokal berriak barrura sartzeko gonbita egiten duela. Gardena da, oinezkoen maila berean dago, jendea ibiltzen den plaza baten aldamenean dago, eta zamalanetarako aparkalekuak ditu aldamenean, sartu-irten azkarrak egiteko modukoak. «Erosoa da euskaltzaleentzat», esan du Agirrek. Izan ere, iruditzen zaie tokiak elkartearen gutxieneko eskakizunak betetzen dituela. Askotariko gelak ditu, hala nola dozena bat lagun biltzeko bilera gela bat, harrera gunea, biltegia, lan teknikoan aritzen direnentzako bulegoa eta, erdian, oholtza txiki batekin atondu duten eremu bat. «Gauza askotarako erabili nahi dugu erdiguneko txoko hori. 50-60 bat lagun egoteko adina toki dago, eta parte hartze saioak, bilerak, hitzaldiak eta ikuskizun txikiak egin nahi ditugu hor».

(ID_17464500600055) (/EZEZAGUNA)
Galtzaundiren egoitza berriaren ataria, Tolosako Plaza Berrian. JON MIRANDA

Galtzaundiko kidearen ustez, askatasun handiagoa izango dute lokal berrian. «Lehen, beste batzuek kudeatzen zuten tokira egokitu behar izaten genuen, eta orain, autonomoagoak izango gara». Hasiak dira egoitzan askotariko ekitaldiak antolatzen: tertulia literarioa, mintzalagun egitasmoa, Euskaraldiko bilerak… Agirrek kontatu du, ohiko ekinaldiez gain, euskaltzaleek egindako bestelako proposamenak ere badirela tartean.

Elkarteko lehendakari Urruzolak adierazi du lokala Tolosaldean euskararen alde ari direnen «etxea» izango dela. «Aukera emango digu proiektuak sortzeko, hainbat belaunalditako euskaltzaleak erakartzeko, kultur ekitaldiak antolatzeko eta, batez ere, elkarrekin hazteko». Gaineratu du elkarteekin, ikastetxeekin, udalekin, merkatariekin eta kultur eragileekin lankidetzan jardungo dutela aurrerantzean ere. «Galtzaundiren betiko balioetako bat izan da elkarlana, eta horrek, orain arte behintzat, ekarri dizkio emaitzak. Beraz, ildo berari eutsi eta, aldi berean, beste bide batzuk irekiko ditugu».

35 urteko historia

Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteak ez du ibilbide laburra. 1990eko abenduaren 13an sortu zuten, eta lehen bulegoa oraingo egoitzaren aldamenean zegoen. Bost bat urte egin zituzten han, eta Nafarroa etorbideko lokal txikiago batera lekualdatu ziren gero. Elkarteko kideek uste dute, lokal berria irekitzearekin batera, zentralitatea eta ikusgaitasuna berreskuratu dituztela. «Euskarak, toki finkoetan baino gehiago, mugimenduan eta eguneroko praktiketan egon behar du. Eta, eskatzen hasita, toki bat baino gehiago behar ditu eskualdean, ez bakarra», esan du Agirrek. «Garrantzitsua da lokal fisiko bat edukitzea, erreferente izango dena, bilgune gisa funtzionatuko duena eta euskararentzat arnasgune izango dena». Tolosa erdigunean dago orain elkartearen lokala, eta, kideen iritziz, han egoteak «erreferentzialtasuna» bermatzen die.

«Lokal berriak aukera emango digu proiektuak sortzeko, hainbat belaunalditako euskaltzaleak erakartzeko, kultur ekitaldiak antolatzeko eta, batez ere, elkarrekin hazteko»

IGOR AGIRRE Galtzaundi Tolosaldeko euskaltzaleen elkarteko kidea

Dena den, «galtzak bete lan» dituztela esan du Galtzaundiko kideak, eta 1990eko hamarkadaren hasieran elkartea abian jartzen jardun zuten kideen begi zorrotza goraipatu. «Ez zuten egiteko bakar bat ere utzi zerrendatu gabe; argi ikusi zuten zer arlotan eragin behar genuen, eta, ikuspegi horri esker, 35 urte geroago, euskarak Tolosaldeko plaza asko dauzka irabazita». Agirrek dio euskararentzako esparruak irabazteko lana nagusiki eskualdeko herririk handienetan egin dela, baina kontrara, euskararen hegemonia galtzen ari dela bestelako arnasguneetan. «Uste dut Galtzaundik bere itzala eskualdean zabaldu beharra duela oraindik». 

Aurrera begira, beraz, Galtzaundik erronka ugari ditu Tolosaldean; adibidez, indarrean dauden euskararen kontrako estrategiei aurre egitea. Agirreren ustez, horretarako beharrezkoa da komunitatea «trinkotuta» egotea, eta horretan lagunduko die egoitza berriak. 30 lagun baino gehiago aritu dira lokala atontzeko auzolanean, batzuk lehendik Galtzaundiko kide zirenak eta beste batzuk oraintsu batu direnak.